Merkataritza

Oiartzungo Amazon ez irekitzeko eskatu dute merkataritza elkarteek

Biltegia saltokiaren oinarrizko parte bat dela diote, eta baimena ukatzeko eskatu diote udalari

Amazonen znetro logistiko bat. FERNANDO VILLAR / EFE
xabier martin
2020ko azaroaren 19a
10:54
Entzun

Amazonek Oiartzunen (Gipuzkoa) ireki nahi duen zentroak merkataritza gune batentzako baimena beharko luke, Dendartean eta Euskaldendak elkarteen arabera, eta ez zentro logistiko batentzakoa, AEBetako konpainiak eskatu duen moduan. Horregatik, zentro hori zabaltzeko baimena ukatzeko eskatu diote Oiartzungo Udalari Dendartean eta Euskaldendak merkataritza elkarteek.
Lanbarren industrialdeko Talleres San Joseren lokaletan ireki nahi du Amazonek zentro berria, biltegia izango dena,

munduko banaketa enpresa handienaren arabera. Talleres San Jose izan denaren eraikina logistika zentroen kalifikazioa izan du orain arte, baina Amazonen jarduera bestelakoa izango dela diote merkatarien elkarte horiek. Horregatik, uste dute udala ez dabilela zuzen esaten duenean ezin duela oztopatu operazio hori, legezkoa dela alegia

«Amazonen jardueraren helburua erosle partikularrei ondasunak saltzea denez, zentro horren jarduera online merkataritza izango litzateke, jarduera logistikotik harago, eta, horregatik, merkataritza gune baten baimena beharko luke», azaldu dute Dendartean eta Euskaldendak elkarteek. Edozein saltokiren biltegia «negozioaren parte den moduan», merkataritza elkarteek uste dute Amazonen biltegia ere horrela izango litzatekeela, «Internet sarearen bidez milaka txikizkako salmenta burura eramateko oinarrizkoa» izango bailitzateke.

Mugak handiei

Salmentarekin lotutako egituren baimenak interes publikoarekin lotuak daudela gogoratu dute, «oreka, jasangarritasuna, aniztasuna eta gertutasuna» bermatzeko. «Konpainia handien merkataritza elektronikoak ez die inolako abantailarik ekartzen helburu horiei; eta, beraz, besteei bezala konpainia handiei ere muga horiek jarri behar zaizkie».

Horiek horrela, Amazonek Oiartzunen ireki nahi duen zentroa biltegi bat baizik ez den ala ez, hori izan daiteke aldagai giltzarria aurrerantzean. Alegia, biltegia txikizkako operazioak egiten dituen saltoki erraldoi baten parte bat baino ez dela erabakitzen badu, Oiartzungo Udalak aukera izango du baimena ukatzeko AEBetako konpainiari. Edonola ere, udalak orain arte esandakoa da jaso duen baimena biltegi bat zabaltzeko dela, eta Amazonek baliatu nahi duen Lanbarreko eraikina biltegi izateko baimena daukala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.