Euskaraldia

Laboral Kutxa buru-belarri Euskaraldian

600 bat kidek parte hartuko dute, eta 200 arigunetik gora aktibatu dituzte. Barrura nahiz kanpora begirako xedeak zehaztu dituzte.

Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten. LABORAL KUTXA
2020ko azaroaren 21a
11:54
Entzun

Laboral Kutxarentzat, euskara konpromiso bat baino askoz gehiago da: entitatearen izaeraren parte da, eta, modu naturalean, balioa eransten dio eskaintzen duen zerbitzuari. Egunez egun, inguruan euskararen erabilera sendotzeko lan egiten du. Horregatik, aurten, aurrerapauso bat eman nahi du, eta Euskaraldian modu oso berezi batean parte hartu.

Hasieratik izan du berezkoa euskararen aldeko jarrera; izan ere, enpresaren estatutuetan eta Plan Estrategikoan hala dago jasota. Ildo beretik, Euskaraldiaren alde egiten duen apustua argia da. Duela bi urte egitasmoa abian jarri zenetik, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa horrek euskararen eta euskal kulturaren garapenerako duen garrantziaz jabetu ziren. Hori dela eta, protagonista izatea erabaki zuten, eta orain, inoiz baino gehiago, horri eusten diote. Gainera, aurrekoan izandako partaideen kopurua gainditu dute: 600 lagunek baino gehiagok eman dute izena. 200 arigune baino gehiago aktibatu dituzte: 152 bulego sarean eta 50 zerbitzu zentralean. Parte hartzaileak elektronikoki nahiz fisikoki identifikatu ahalko dira: Euskaraldiaren logoa eta leloa jarriko dute partaideen Outlookeko sinadura elektronikoan eta ahobizi edo belarriprest txapak eramango dituzte soinean.

Hala, bi helburu handi zehaztu dituzte: batetik, barrura begira, eta, bestetik, herritarrekin duten harremanei dagokienez. Barrura begira, entitatea osatzen duten pertsonen artean euskararen erabilera handitzeko neurriak sustatzea dute helburu, euskaraz komunikatzea eta harremanak izatea normalizatzekoa. Kanpora begira, berriz, gizarteari eta, batez ere, bezeroei erakutsi nahi diete zerbitzuei eta produktuei buruzko aholkularitza euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzeko gai direla.

Konpromisoa berretsiz

Egunero euskararen alde egiten duten lanari gehituko zaio Euskaraldian izango duen partaidetza, eta horrek euskal kulturarekin duten konpromisoa berrestuko du. Izan ere, kutxazain automatikoen sarean euskara erabilgarri jarri zuen lehen entitatea izan zen, eta haren kanal digital guztiak elebidunak dira aspalditik, baita sare sozialak ere. Era berean, hizkuntza kudeaketako Urrezko Bikain ziurtagiria lortu duen lehen finantza erakundea da, euskarazko kultura eta gizarte ekitaldiak babesten ditu, eta euskararen garapenerako funtsezkoak diren erakundeekin lankidetzan dihardu, besteak beste, Euskaltzaindiarekin.

«Euskaraldia izango da gizarte elebidunaren termometroa»

Inaxio Garro - Laboral Kutxako Euskara arduraduna. LABORAL KUTXA

Zer-nolakoak iruditzen zaizkizu Euskaraldia bezalako egitasmoak?

Euskararen erabilera sustatzeko egitasmo eraginkorrak aurkitzea izaten da euskalgintzan dihardutenen erronkarik nagusietakoa. Zer egin euskararen erabileran eragiteko? Nola bermatu erabileraren segida? Ba, nire ustez, Euskaraldia egokia baino ezinbesteko ariketa bat da euskararen erabileraren esparruan dinamikak sustatzeko eta euskararen erabileraren inguruan hausnarketa eragiteko. Izan ere, egunerokoan ditugun hizkuntza inertziak aldatzeko egitasmo aproposa da.

Garrantzitsua al da enpresa pribatuen inplikazioa euskara sustatzeko?

Euskararen egoera hobetuko bada, ezinbestean lan munduak du hori lortu ahal izateko giltzetako bat. Alferrik ari gara irakaskuntzan D eredua bultzatzen sortzen diren gazte elebidunek lan mundura jauzi egiterakoan gaztelaniarekin egiten badute talka aurrez aurre. Entitateetan eta, oro har, lan munduan jarraipena eman behar zaio haurtzarotik hasitako ibilbideari, guztion artean katea osatu behar dugulako. 40 urte inguru dihardugu lan munduan, eta hasieratik jarri behar ditugu oinarri sendo eta tinkoak, euskarak ezinbesteko presentzia izan dezan lan eremu guztietan.

Zer gomendio emango zenioke euskara bultzatu nahi duen enpresa bati?

Aurrena izango litzateke enpresa eta entitateetako goi karguetan dihardutenek sinetsi dezatela hizkuntza dela kalitatezko zerbitzua ematen hasteko lehen baldintza, bezeroak zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubide osoa duen neurrian. Eta bestela, zerbitzua ematen jarraituko dugu, baina ez da kalitatezko zerbitzu bat izango. Bestalde, planifikatu beharko litzateke etorkizunari begirako eszenatokia, planifikazio erreala, zentzuzkoa, eta behar diren baliabideak ezarri helburuok lortze aldera: giza baliabideak, ekonomikoak…

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Etorkizuna argi-ilunez betea ikusten dut. Harrigarria da euskararen ezagutza horren altua izanda, erabileraren inguruko datuak hain kezkagarriak izatea. Euskaraldia bera izango da gizarte elebidunaren termometroa, euskara modu aktiboan zenbatek erabili nahi duten. Ea esperientzia emankorra eta positiboa den, eta abenduaren 5etik aurrera ere inertzia berriei eusten diegun euskararen mesedetan. Bestela, egitasmoa hanka-motz geratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.