Euskaraldia
Euskaraldiko parte hartzaileen bidelagun
Emuneko kideek, Euskaraldia ariketa soziala sustatzeaz gain, ekintza eta metodologia ugari abiatu dituzte entitateetako langileen euskararen erabilera eta ulermena aktibatzeko eta trebatzeko.

Lan munduan euskara presente egotea. Euskara lanerako lanabes izatea, lanerako hizkuntza. Lana egitea, baina euskaraz. Erronka zaila da hori euskararentzat, baina bada horretan diharduenik. Mende laurden bat, 1997. urtetik: 25 urte daramatza Emun kooperatibak enpresa eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko aholkularitza zerbitzua ematen, baita euskararen normalizazio planen diseinuan eta garapenean zein euskararen formakuntzan, itzulpengintzan eta hizkuntza portaeren eraldaketarako metodologietan ere. Ibilbide oparoa, beraz; horren isla dira euskara plana indarrean duten enpresen esperientzia eta Emunen bezero diren 81 enpresa eta erakundek eskuratu duten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria. Horien artean daude, besteak beste, hainbat kooperatiba talde (Fagor, ULMA eta Danobat Taldea, esaterako) hezkuntza arloko erakunde, finantza entitate, udal eta administrazio publikoetako sozietate publiko: Mondragon korporazioa, Matz-Erreka, Irizar, EHU, Laboral Kutxa, Gasteizko Udala, EITB, baita Erreala eta Eibar futbol taldeak ere.
Bezero horien ahaleginak eta gogoak ez du mugarik, eta askok bigarren Euskaraldian parte hartuko dute. Haatik, bidea ez dute bakarrik egin, Emuneko aholkulariak bidelagun izan baitituzte: erakundeei hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialean aktiboki parte hartzen lagundu diete. Elkarlan horretan, Euskaraldian izena eman eta lankideen parte hartzea sustatzeko lanean ari dira orain buru-belarri, eta hiztunen portaeretan eragitetik erakundeetako egituretan ere eragitera igaro nahi dute. Hain zuzen ere, ibilbidean jauzia eman nahi dute, belarriprest eta ahobizi rolak aktibatzetik ariguneak antolatzera.
Alabaina, Emunekoek erakundeekin egindako lana harago doa: Euskaraldia sustatzeaz gain, euskararen erabilera eta ulermena aktibatu, trebatu eta bideratzeko ekintza eta metodologia ugari antolatu dituzte, hala nola ariguneak identifikatu eta antolatzeko zein hizkuntza portaerak eraldatzeko hausnarketa saioak, euskararen ulermena aktibatu eta lantzeko saio eta metodologiak, erakundeetako organoetako kide eta liderren eredugarritasuna lantzeko saioak, enpresetako harreragileekin egindako trebakuntza saioak eta ikus-entzunezkoak, komunikazio kanpainak…
Identifikazioa eta talde motorrak
Ainhoa Lasa da aholkularitza lanetan aritu eta ari diren langileetako bat. Oro har, uste du entitateek oso erantzun ona eman diotela bigarren Euskaraldiari, eta COVID-19ak baldintzatutako testuinguruan egingo den arren, norbanakoen hizkuntza ohiturak aldatzeaz harago, askok beren entitatean dagoen euskararen ezagutzari etekina nola atera diezaioketen hausnartzeko baliatuko dutela. Gainera, ariketa kolektiboa izanda, taldean egiten den indarra handiagoa dela dio.
Lehenik, entitateetako ariguneak identifikatu dituzte. Lasak azaldu duenez, entitatearen arabera, identifikazioa modu batera edo bestera egin behar izan dute, enpresa bakoitzaren ezaugarriak aintzat harturik: zerbitzu bat ematen duen edo produkzioan aritzen den, zenbat bulego dituen, txandak nola dituen antolatuta… «Hori guztia aztertu behar da ariguneen identifikazio txukuna egin ahal izateko», adierazi du.
Bestalde, talde motorrak izan dira entitate bakoitzean Euskaraldia kudeatzeaz arduratu direnak. Haien egitekoa izan da kolektiboari azaltzea, besteak beste, zer den arigune bat, entitate horretan zer egingo den edo zer egitea proposatzen zen, parte hartzera gonbidatzea eta, ahal zuten heinean, Euskaraldia hasi bitartean motibazioa mantentzea. Horretarako, gehienetan, zehaztu behar izan dute zer noiz egin. Lasaren arabera, zeregin oso garrantzitsu bat izan da jakitea nola helarazi informazioa kolektibo osoari, eta beharrezko ordezkariak identifikatu behar izan dituzte horretarako, hau da, bitarteko pertsona egokiak. Kasu batzuetan, pandemiak prozesua baldintzatu duela esan du, eta bilera asko telematikoki egin behar izan dituztela.
Babesa eta entitateen hausnarketak
Iazko Euskaralditik aurtengora urrats esanguratsuak egin dira, Lasaren aburuz. Adierazi du ariketa kolektiboak euskararen inguruko elkarrizketak izatea bultzatu duela, hitz egiteko espazioak sortu dituela: «Euskaraldiak lana zein hizkuntzatan egin nahi dugun pentsaraziko digu, eta elkarrizketa horiek irekitzeko espazioak eskainiko ditu. Lankideekin,bestela, akaso ez zenuke horretaz hitz egingo, baina, modu honetan, taldean pentsatzen duzu nola moldatu, eta izena emateko arrazoiak askotarikoak direla ulertzeko ere balio dezake». Ildo beretik, taldea kokatzeko balio duela uste du: «Taldean egiten duzu indarra, eta taldeak duen hizkuntza jarreraren arabera non kokatzen den edo non egon nahi duen hitz egiteko espazio bat eskaintzen du».
Entitateetan ere jarri du fokua: «Entitateak behartzen ditu beren egitura testuingurura egokitzea; horrela, denok babestuago sentituko gara. Uste dut entitate asko lehenengo aldiz hasi direla pentsatzen euskaraz lan egiteko edo zerbitzua euskaraz emateko aukera nola kudeatu; hori argiago ikusteko aukera ematen du ariketak». Batzuk Euskaraldiaren ostean zer egin pentsatzen ari dira: «Hau euskara olatu gainean jartzea bezala da, bultzada txiki bat, eta egin dugun esfortzu handia eta gero, errentagarritasuna atera behar diogu. Pentsatu behar dugu nola aprobetxatu dezakegun olatu honen indarra, eta ea noraino irits daitekeen».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
Gehiago

BC3-ren eskutik, euskara mundura

Laboral Kutxa buru-belarri Euskaraldian

Euskara indartzeko lantalde bat

Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderantz: Euskaraldia

Euskararen eltzea sutan dauka Donostiako Udalak

Euskararen erabilera sustatzen

Euskara, laneko hizkuntza nagusia

Euskarari eman dion bulkada

Euskarak zein funtzio ditu industria eleanitzean?

Euskara, ikasteko eta bizitzeko

Euskara eta euskal kultura zaintzen eta zabaltzen

Publikotasuna eta Euskaltasuna

Euskarekiko konpromisoa

Berrikuntzaren euskal agentzia, Innobasque

Hitzarmen bat euskaraldiarekin

Euskaratik eta ezagutzatik hobetuz

Kudeaketa aurreratua eta euskara

Gasteizko Udala, Euskaraldiarekin

Emunek babestutako edukia