Zergak

Zerga sisteman «errotiko aldaketak» nahi ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak

Besteak beste, aberastasuna benetan zergapetzea, sozietateen zerga tasa %35era handitzea eta PFEZ progresiboagoa eskatu dituzte, diputazioetan eta Nafarroako Gobernuan gaur erregistratutako aldarrikapenetan.

Eskubide Sozialen Kartako kideak Gipuzkoako Aldundian, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 20a
13:56
Entzun

Diru sarrera publikoak handitzeko, zergen ekitatea eta progresibitatea handitzeko, eta banaketa gaitasuna hobetzeko bere ustez beharrezkoak diren aldaketekin eskaerak erregistratu ditu gaur hainbat eragile sozial eta sindikal biltzen dituen Eskubide Sozialen Gutunak.

Hala, aberastasunaren jabetza eraginkortasunez zergapetzeko hainbat neurri proposatu ditu: Ondarearen gaineko zergaren tarifa bikoiztea litzateke horietako bat, baita zerga horretan hobariak kentzea ere, eta gutxienekoa 350.000 eurotan kokatzea. Ondarearen gaineko zergaren eta errentaren zergaren baturaren mugak ezabatzea ere beharrezkotzat jo dute.

Horrez gain, testuingurua aintzat hartuta, berehalako neurri gisa, ondarearen gaineko zergan emendatze berezi bat ezartzea ere proposatu dute, zeina progresiboa litzatekeen, %1 eta %10 artekoa.

Eskubide Sozialen Gutunak beste emendatze berezi bat ere posible ikusten du sozietateen zergan, 2019. urteko irabazien %20koa. Horrez gain, sozietateen zergako kenkari eta pizgarri fiskal guztiak ezabatzea eta zerga tasa %35era igotzea ere proposatu du.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga progresibo baterako, berriz, kapitalaren tarifa espezifikoak kentzea nahi dute, horrela errenta iturri guztiek tratamendu bera jaso dezaten, eta progresibitate eskala berari lotuta egon daitezen. PFEZaren gehieneko tasa marjinala %60ra igotzeak eta tarifa tarteen kopurua handitzeak ere balioko luke, Gutunaren ustez, errenta zergaren progresibitatea handitzeko.

Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, oinarrizko produktuei BEZa murriztea eta luxuzkoei handitzea eskatu dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.