KOPLAK

Musika tradizionalari berrekin dio Korrontzik, Xabier Amurizaren eskutik

Aurreko albumaren ildotik urrundu, eta kopla jorratu dute ‘Koplariak’ disko-liburuan. Taldearen hamargarren lana da, eta Elkarrekin batera atera dute. Abenduan hasiko dira aurkezpenekin: abestiak jotzeaz gain, koplaren eta bertsoaren arteko ezberdintasunak ere aletuko dituzte

Korrontziko Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak 'Koplariak' disko-liburua aurkeztu dute goizean. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 20a
14:13
Entzun

«Genero tradizionalak, modernoa izateko, ideia batzuk aldatzea besterik ez du behar». Erromerietako klasikoa izan den kopla generoari beharrezko aldaketa horiek egin dizkio Xabier Amurizak, eta molde egokitu horretan ondu ditu Korrontzi taldearen Koplariak disko berriko abestiak. Taldearen eta idazlearen arteko hiru urteko hartu-emanaren emaitza da, itxialdiak azkartua, eta Elkarren eskutik atera berri dute, «luxuzko» edizio batean, Korrontziko Agus Barandiaranen hitzetan: disko-liburu batean mamitu dira abestiok, diskoaz gain Amurizaren hitzak eta horien azalpenak ere dakartzan liburuxka batean.

Hamargarren diskoa du hau Korrontzik eta, era berean, ildo aldaketa ere bada. Aurreko lanean, DJ Makalarekin batera ondutako Topa-K-n, «taldearen errepertorioaren berrikusketa elektronikoa» egin zuten, Elkarreko Andres Camio Jitu-k azaldu duenez, baina oraingoan, aldiz, «folkaren eta musika tradizionalaren mundura itzuli da» taldea. Itzulera hori Amurizarekin batera egitea «ohorea» izan dela nabarmendu du Barandiaranek; berak musikatu ditu haren hitzak, Xabier Zabalarekin batera. Musikariak adinako argitasunarekin adierazi die esker ona Amurizak Korrontzikoei ere: «Niretzat harrotasun itzela da, ia banitateraino iristen dena, eta poztasun ez txikiagoa, disko honen egileetako baten moduan aurkeztea. Hainbat letra egina naiz kantari askorentzat, baina inoiz ez zait gertatu Korrontzi bezalako talde garrantzitsu batek disko oso bat eraikitzea neure hitz hutsen gainean».

Diskoak «koplen balioa aitortzea» du xede, Barandiaranen dioenez; alabaina, kopla zehazki zer den ikasi behar izan zuen aurrena musikariak: «Nik ez nekien zeintzuk ziren koplaren eta bertsoaren arteko desberdintasunak, Xabierrek [Amuriza] irakatsi zidan, eta oraindik ere irakasten jarraitzen dit».

Kontzertua zein azalpena

Koronabirusa gorabehera, Korrontzik eta Amurizak hamabi emanaldi dituzte aurreikusita dagoeneko, abenduaren 23an hasi eta apirilaren 10era bitarte. Horiez gain, Durangoko Ahotsenean ordu erdira helduko ez den emanaldi bat egingo dute abenduaren 8an. Agerraldi horietan, diskoko abestiak jotzeaz gain, hitzaldietarako abagunea ere egongo da. Izan ere, Amuriza ere igoko da oholtzara, Barandianek ezagutzen ez zuen koplaren eta bertsoaren arteko ezberdintasunak argitzeko, hain justu.

Korrontzik eta Gasteizko Antzina Folk festibalak azken urteetan izan duten harremanarekin jarraituz, ikuskizunekin bildutako dirua jaialdira bideratuko dute. Antzina Folkek ataxia telangiectosia gaixotasun sendaezinaren ikerketarako baliabide ekonomikoak lortzea du helburu, eta Korrontzikoek aspaldi egin zuten bat xede horrekin. Taldearen «asmoa antzokiak betetzea» zen arren, edukieraren murrizketek ezinezkoa egiten dute intentzio hori egun. Ondo bidean, abenduaren 30ean jaialdian bertan izango dira.

Kopla eta bertsoa: hiru alde

Lehen aurkezpenerako oraindik pare bat egun falta diren arren, Amurizak gaur bertan argitu du hitzaldietan hizpide izango duen zalantza hori: hots, zerk egiten dituen ezberdin kopla eta bertsoa. Bilboko Poza kaleko Elkar liburu dendan aurkeztu du disko-liburua goizean, Korrontziko taldekideekin eta Camiorekin batera, eta aurkezpena aprobetxatu du alde horiek aletzeko. Hiru giltzarrik bereizten dute kopla bertsotik, bereziki, idazlearen hitzetan: «Laburtasuna, diskurtsoaren elipsia eta logika bisuala». Azaldu duenez, koplak bi edo hiru errima izaten ditu, eta bertsoak lautik gora. Ondorioz, bertsoan «diskurtso gehiago dago, gehitutako ahapaldi horiek justifikatu behar direlako». Koplaren kontrakarrean, bertsotan errepikapenak saihesten dira, eta «betelanarekin» estaltzen dira hutsuneok. «Laburtasun horrek genero ezberdin bat sortzen du».

Hirugarren premisa azaltzeko, Amurizak artera jo du: «Hainbat elementu aipatzen dira, baina, zertara datoz? Nola justifikatzen dira? Inola ez, hor daude. Pinturan bezala, hartzaileak sortu behar ditu harremanak». Ondorioz, bertsoarekin alderatuta, genero «piktoriko eta bisualagoa» da kopla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.