Dendak irekitzea eskatzeko elkarretaratzea egin dute Miarritzen

Denda guziak ireki lelopean, 200 pertsonatik gora bildu dira larunbat goiz honetan Miarritzen. Baimena izan edo ez izan, dendak eta komertzio txikiak abenduaren 1an irekiko dituztela baieztatu dute.

Dozenaka dendari elkartu dira protestan. GUILLAUME FAUVEAU
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko azaroaren 21a
17:40
Entzun

Komertzio txiki eta dendetako langile eta nagusiak hor ziren, baita haien sostengatzera etorritako ostalari batzuk ere. Azken asteetako aldarrikapen bera errepikatu dute, hirugarren aldia baita halako elkarretaratze bat antolatzen dutela. Jada mobilizatu ziren azaroaren 4an Baionan, eta Donibane Garazin azaroaren 7an. Goiz honetan, Miarritzeko (Lapurdi) Clemenceau plazan, 200 pertsonatik gora elkartu dira dendak irekitzea eskatzeko.

Serge Isteque Komertzioen Bulegoko lehendakariak oroitu du komertzio txikien egoera «latza» dela, eta jabeei azaroko alokairua urririk uztea eskatu die. «Dendariek oxigeno pixka bat behar dute». Azpimarratu du estatuko laguntzak ukan aitzin denbora anitz pasatu daitekeela, baina, kontrara, dendariari alokairua gibelera ematea fite egina dela. »Txeke bat fite egiten da».

Sebastien Carre Enpresa Txiki eta Ertainen Konfederazioko ordezkari nagusia da, eta hark ere bat egin du Istequek errandakoarekin. Denek dei egin dute abenduaren 1ean dendak irekitzera, nahiz eta horretarako baimenik ez izan. «Posible da baimena emanen digutela, baina ez gara segur. Dena dela, jendeak nahiago du isuna pagatu, horrela egoteko partez».

Ostatu eta tabernentzat egoera «are larriagoa» dela uste du Baionan tabernari den Ramuntxo Dulong Xina-k. «Biziki zaila. Dendetako lagunen elkartasunez etorri naiz hona. Eguberriko eta, irekitzeko posibilitatea izan dezaten. Guk, ostalari eta tabernariek, ez dugu ezta esperantza hori. Aipatzen dute urtarrilean izanen dela irekiera. Hala bada, katastrofikoa izanen da. Hastapenetik estigmatizatuak gara, eta urte hondarreko bestak huts egiteak sekulako kalteak ekarriko dizkigu».

Gisa berean mintzatu da Jean-Pierre Istre. Ostalaritzako Industrien eta Lanbideen Batasuneko lehendakaria da, eta bera ere «kezkaturik» agertu da elkarretaratzean, batez ere tabernentzat eta ostatuentzat. «Manifestatzen gara, erakusteko gure lanbideak ez direla hil behar, ez dugula hil behar. Uda aski ongi joan da, eta beharrik, gehienak ez baikinen hemen izanen bestela... Baina badakigu ostatu anitz hetsiko direla. Abenduan irekitzen badugu, beharbada salbatuko ditugu batzuk. Ez badute hori baimentzen, katastrofikoa izanen da».

Claude Olive, Maider Aroztegi eta Jean Rene Etxegarai —Angeluko, Miarritzeko eta Baionako auzapezak— ere joan dira elkarretaratzera, sostengua erakusteko. Protestaren bukaeran, Jean Lassalle diputatuak ere egin du agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.