Astrazeneca eta Oxford lantzen ari diren txertoak %70eko eraginkortasuna duela esan dute

«Dosi egokia» jarrita %90eko eraginkortasuna ere baduela nabarmendu dute, eta garraiatzeko-eta ez duela aparteko zailtasunik, hotz handirik ez baitu eskatzen.

arantxa iraola
2020ko azaroaren 23a
09:34
Entzun

Txertoaren inguruan zedarrituta egon dira egunotan berriz albistegiak, eta COVID-19aren txertoaren inguruko albiste batekin hasi da astea; Astrazeneca botika etxeak jakinarazi du Oxfordeko Unibertsitatearekin batera garatzen ari den txertoak %70eko eraginkortasuna duela. Datu horretan harago ere egin daitekeela esan du: «dosi egokia» jarrita, eraginkortasuna %90era ere hel daiteke. Nabarmendu du «adin tarte» desberdinak babesteko balio duela.

Datu horrek garrantzia du. Izan ere, eraginkortasun hobea nork erakutsi, lehia horretan murgildu dira egunotan txertoak ikertzen ari diren ikerketa taldeak. Orain bi aste, Pfizer botika konpainiak esan zuen bera lantzen ari den txertoak %90eko eraginkortasuna duela. Berehala, Errusiako Sputnik V txertoaren sustatzaileek langa hori gainditu zutela adierazi zuten, hartu zutenen %92 babestu zituela beren txertoak, eta, lehengo astean, Moderna botika etxeak harago egitea lortu dutela esan zuen: %94,5eko eraginkortasuna du haien txertoak. Atzetik, berehala erantsi zuen Pfizerrek beraiek gainditu dutela dagoeneko ehuneko hori.

Horien aurrean, Astrazenecak nabarmendu du beraiek lantzen ari diren txertoak prezio hobea duela, eta garraiatzeko eta gordetzeko erosoa dela, ez baitu hotz handirik eskatzen. Alde horretatik, adibidez, dudak eragin ditu Pfizer botika etxearen produktuak, zero azpitik 70 gradu inguruan gorde behar baita, eta aparteko zailtasunak ekar baititzake horrek.

Mezu horiek guztiak prentsa oharren bidez zabaldu dira; horien gaineko argitaratze zientifikorik ez dago oraindik, eta «zuhurtasuna» eskatzen ari dira hainbat aditu, ez baita ezaguna oraindik txerto horien letra xehea.

Agintariek, ordea, konfiantza erabatekoa erakutsi dute argitaratzen ari diren albisteotan. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, esaterako, jakinarazi du urtarrilean jendea txertatzen hasteko asmoa dutela. Txertaketa estrategia bateratu bat lantzen ari direla azaldu du, eta txertoa jarri ahal izateko 13.000 toki ezarriko dituztela.

Sanchezen iragarpenarekin haserre agertu da gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. «Ez naiz ohitzen presidentearen jarduteko era honetara; izan ere, txertaketa plan bat iragarri du erkidegoak aintzat hartu gabe». Familia enpresei buruzko ekitaldi batean hitz egin du Urkulluk txertoei buruz. Txertoen inguruko iragarpenen aurrean «zuhurtzia» eskatu du, datozen hilabeteetan osasun sistemaren egoeran aldaketa handirik ez delakoan egongo. «Txertoak egon ala ez, zailak izango dira aurrean ditugun hilabeteak», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.