Euskaraldia

BC3-ren eskutik, euskara mundura

BC3 zentroa erakusleiho bat da euskararentzat; euskara plan bat jarriko dute martxan datozen hilabeteotan.

BC3 Klima Aldaketa aztertzen duen Bikaintasun Ikerketa Zentroko lantaldea. BC3 RESEARCH
2020ko azaroaren 24a
09:40
Entzun

«Euskara, habil mundu guzira». Hala idatzi zuen Bernart EtxeparekKontrapasa olerkian, 1545. urtean. Xabier Lete eta Erramun Martikorena musikariek jarri zioten gerora ahotsa olerki horri, eta modu horretan ailegatu da euskaldun askorengana. Urteak igaro dira, baina euskara mundura zabaltzeko nahiak segitu egiten du. Zeregin horretan aritzen da, esaterako, BC3 Klima Aldaketa aztertzen duen Bikaintasun Ikerketa Zentroa. BC3ren lehengaia, baina, ez da hitza, ikerketa eta zientzia baizik. Jakina da ingelesak indar eta pisu handia duela zientzian, eta BC3ko kideek argi daukate euskarari toki bat eman nahi diotela: horregatik, ikerketa zentroko kudeaketa euskaraz egiteaz gain, Euskaraldian parte hartzea erabaki dute, eta hiru arigune sortu dituzte: harrera, komunikazio taldea eta administrazio taldea.

2008. urtean jarri zituen zimenduak BC3 zentroak, Eusko Jaurlaritzak sustatutako BERC - Basque Excellence Research Centre programaren barruan. Hamar urte geroago, egiten duen lanak merezitako aitortza jaso zuen, eta 2018an Bikaintasunaren Maria de Maeztu akreditazioa lortu zuen, estatu mailakoa. Akreditazio hori klima aldaketaren inguruko ikerketaren kalitatearen eta BC3k nazioarte mailan egiten duen lanaren isla argia da. Baina ezer ez da musu truk, eta are gutxiago maila horretara ailegatzeko: behar-beharrezkoa da goi mailako lantalde bat izatea. Gaur egun, 78 profesionalek dihardute zentro horretan. Zazpik zentroaren administrazio eta kudeaketan egiten dute lan, eta gainerakoak, berriz, ikerlariak eta teknikariak dira. Horien guztien artean, hogei bat lagun euskaraz hitz egiteko edota ulertzeko gai dira: ia herena.

Aurten ez da izango BC3ko langileek Euskaraldian parte hartzen duten aurreneko aldia, aurreko egitasmoan ere norbanako moduan aritu baitziren ahobizi eta belarriprestroletan. Oraingo honetan, norbanakoen konpromisoa zertan datzan zehatzago ulertu nahi izan dute, eta, ariketa modu kolektiboan egiteko aukera emanda, entitate mailan ere parte hartzea erabaki zuten. Horiek horrela, ariketa soziala bera eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin, lau lagunez osatutako talde bat sortu zuten entitatean. Talde horren eginkizun nagusia ariguneak identifikatzea, lankideak animatzea eta gainerakoei egitasmoen berri ematea izan da. Izan ere, egitasmo andana antolatu dute: BC3ko ariguneei buruzko bideo laburrak sortu dituzte, BC3n dauden ikerketa ildoen euskarazko azalpenak eman dituzte, eta Twitter sare sozialaren bidez zabaldu, besteak beste. Haatik, BC3ko langile guztiei euskarara hurbiltzeko gonbidapena egiten diete. Gainera, uste dute nazioarteko ikerketa zentro batean lan hizkuntza euskara bera izatea sekulako erakusleihoa dela, munduko jende andana joaten baita zentrora, eta bisitariak horren lekuko izaten baitira.

Arigune naturalak

Nerea Ortiz BC3ko gerenteak azaldu duenez, entitatean identifikatu dituzten hiru ariguneak modu naturalean sortutakoak dira: «Aldez aurretik sortuak zeuden, eta, Euskaraldiari esker, nolabait azaleratu egin dira, eta identifikatu egin ditugu». Esan bezala, administrazio-kudeaketa sailean kokatutako ariguneak dira hirurak, eta Ortizek adierazi du horren atzean badagoela arrazoi nagusi bat: «Zientziaren arloan, orokorrean, gazteleraz edo ingelesez lan egiten dugu». Ildo beretik, nabarmendu du haien kasuan «erronka bat» dela euskara lan hizkuntza izatea: batetik, lantaldearen herena baino ez delako Euskal Herrikoa; eta, bestetik, zientzian mugikortasuna asko baloratzen delako, eta, egun, ingelesa da arlo horretan gailentzen den hizkuntza. Hori dela dela, esan du, haien kasuan bezala, administrazioaren egunekoan lan hizkuntza euskara izatea «lorpen bat» dela.
Lorpen hori handitu egin nahi dute, eta euskara plan bat abiatuko dute laster. «Gure helburua BC3n euskararen presentzia eta erabilera handitzea da, baita euskara zentroaren kudeaketa sisteman txertatzea ere». Abenduan ekingo diote: diagnostiko bat, hizkuntza politikaren inguruko hausnarketa bat eta lau urteko plan bat zehaztuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.