Banaketa

Amazonen banaketa gunea itxi du Baionako Monoprix saltegiak

Bizi mugimenduak hura salatzeko ekintza bat egin zuen joan den astean

Bizi-ren ekintza pasa den asteazkenean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 23a
16:46
Entzun

Baionako Monoprix saltegian ez da gehiago Amazonen erositako produkturik jasotzen ahal, oraingoz. Bizi mugimenduak jakinarazi duenez, saltegiko zuzendaritzak banaketa gunea ixtea erabaki du, altermundialistek iragan astean hura salatzeko egin zuten ekintzaren ondotik. Bizik zabaldu duen argazkiaren arabera, afixa bat ezarri du Monoprix saltegiko zuzendaritzak banaketa gunearen gainean: «Ez genuen gogo handirik hemen saldu ezin duguna bertan jasotzeko». Bizi-k zehaztu du Monoprix saltegiko gunea eta Ipar Euskal Herriko gainerako banaketa guneak «behin betiko» ixteko ekintzak egiten segituko dutela.

Bizi mugimenduko kide batzuk Monoprix saltegira sartu ziren joan den asteazkenean, eta bertan zegoen Amazonen banaketa gunea blokeatu zuten momentu batez. Klima krimenaren eszena idatzi zuten zintak itsatsi zituzten banaketarako autozerbitzu gunearen gainean, eta, Amazon, saltegi txikien hiltzaile eta Amazon, ez hemen ez inon zioten pankartak agertu zituzten beste kide batzuek. Saltegi txikiak itxiak diren bitartean Amazon banaketa enpresak halako «pribilegioak» izatea salatzen dutela azaldu zuen Olivier Hirigoien Biziko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.