Kultura

'Beste bat!' zirkuituak zuzeneko arteetako 250 emanaldi bilduko ditu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 41 agertokitan izango dira musika, dantza, antzerki eta zirku saioak, otsailera arte. Musika Bulegoak jarri du martxan egitasmoa, antzokien sarearekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du.

Zirkuituaren sustatzaileak, Donostiako Dabadaba aretoan egindako aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2020ko azaroaren 26a
16:43
Entzun

Abian da Beste bat! zuzeneko arteen zirkuitua. Heldu den urteko otsailaren amaierara bitarte, 250 musika, antzerki, dantza eta zirku emanaldi hartuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 31 antzokik eta hamar aretok. Horietatik %70 baino gehiago izango dira euskaraz. Zuzeneko arteen sektorea osatzen duten eragileen «kate osoa» bultzatzea eta kultur eszena «aktibatzea» du xede egitasmoak, sustatzaileek azaldu dutenez. Musika Bulegoak jarri du martxan, Euskadiko Antzokien Sarearekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du.

«Kultur eszena aktibatzera dator zirkuitu hau, eta, horrekin batera, eragileen kate osoa, uste baino gehiago direnak», adierazi du Aitor Bengoetxea Musika Bulegoko lehendakariak. Izan ere, emanaldi bakoitzaren atzean, sortzaileak, teknikariak, programatzaileak, aretoak... eragile asko daudela gogorarazi du, eta zirkuitua antolatzean guztiak aintzat hartu nahi izan dituztela zehaztu.

Musikak du presentziarik handiena egitarauan; hamar emanalditik zortzi kontzertuak izango dira. Ibilbide luzea duten musikariak nahiz lehen urratsak egiten ari diren beste asko ariko dira horietan; besteren artean, Ruper Ordorika, Izaro, Belako, Oreka TX, Huntza, Eñaut Elorrieta, Gari, Sua, Bulego, Zetak, Hakima Flissi, Anestesia, Maren, Joseba Tapia, Sara Zozaia, Esne Beltza, Niña Coyote eta Chico Tornado, Alos Quartet eta Liher. Antzerkian ere askotariko eskaintza ageri da programazioan: Tanttaka, Tartean, Markeliñe, Vaiven eta beste hainbat konpainiak erakutsiko dituzte beren lanak zirkuituaren barruan, baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere. Dantzari dagokionez, Ertza, Kukai, Dantzaz eta beste hainbat talde ariko dira beren proposamenak taularatzen. Eta zirku zein magia ikuskizunik ere izango da; besteak beste, The Funest Troup eta Oliver magoaren eskutik. Programazio osoa egitasmoaren webgunean jarri dute ikusgai.

Laguntzak eta elkarlana

Pandemiak zuzeneko kultur ekitaldi ugariri eta haien atzean dauden profesionalei eragin diela gogorarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Orain arte instituzioetatik sektoreari begira martxan jarritako laguntzak «iritsi diren tokiraino» iritsi direla eta gaur egungo egoerak «laguntza berriak» eskatzen dituela iritzi dio. Hala, azaldu du sektoreko enpresa txiki eta ertainak laguntzeko martxan jarri zen bi milioi euroko funtsetik laurdena bideratu dela eskaeretara, eta eman gabe geratu den gainerako dirua baliatuko dutela zirkuitua laguntzeko —baita joan den astean Durangoko Azokak aurkeztutako Zu non, han DA! egitasmorako ere, zeinak zortzi udalerritara eramango dituen 32 talderen kontzertuak—. Ekitaldi guztietan segurtasun neurriak beteko direla gehitu du. Era berean, zirkuituarekin ahalik eta leku gehienetara iristen saiatu direla adierazi du sailburuak, asmoa ez baita jendea batetik bestera mugiaraztea.

Zirkuituan parte hartuz zuzenekoak eta kultura segurua sustatzean duten konpromisoa berretsi nahi izan dutela nabarmendu du antzokien sareko ordezkari Joxean Cuberok. Azaldu duenez, sareko antzokien erdiek baino gehiagok parte hartuko dute egitasmoan, eta lau emanalditik hiru hartuko dituzte orotara.

Zirkuitua antolatzeko sektoreko eragileen artean izan den elkarlana eskertu du Bengoetxeak, baita Get In kontzertu sustatzaileko ordezkari Amaia Ispizuak eta Dantzaz konpainiako zuzendari Fernando Sainz de Ugartek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.