Laguntza publikoak

Nafarroatik alde egiten duten enpresek diru laguntzak itzuli beharko dituzte

Jarduera nabarmen murrizten dutenei ere eragingo die neurriak. EH Bilduk aurkeztu du legea eta gobenuko kideek babestu dute

Siemens Gamesako langileek abuztuan Iruñean eginiko protesta bat. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 26a
17:48
Entzun

Enpresen deslokalizazioari ateak itxi nahi dizkio Nafarroak. Siemens Gamesak Agoitzen duen fabrikako lana Portugalgo eta Marokoko beste planta batzuetara eramateko erabakiak eta CAFek Castejonen duen Trenasako lantegikoa ere kanpora eramateko asmoak alarmak piztu ditu. COVID-19an krisi ekonomikoak, gainera, halako erabaki gehiago hauspotu ditzake eta horrek eraman du Nafarroako Parlamentua hori oztopatu ahal izateko lege bat onartzera: hemendik aurrera instituzio publikoetatik jasotako diru laguntzak itzultzeko eskatu ahalko die gobernuak.

EH Bilduk sustatu du legea, eta ostegun honetan onartu du parlamentuak PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen aldeko botoekin eta zuzenketak sartuta. Navarra Sumak aurka bozkatu du eta Ezkerra abstenitu egin da. Araudi berriaren arabera, enpresa baten deslokalizazio deklarazioak berekin ekarriko du azken zortzi urteetan jasotako diru laguntzak itzuli behar izatea, % 20ko gainordainarekin. Ez dira kontuan hartuko ikerketa eta garapenerako (I+G) jarduerak sustatzeko diru laguntzak.

Argi dago Agoitz eta Castejongo kasuak izan dituztela buruan legea egiterako orduan, baina deslokalizazioa aspaldiko errealitate bat da Nafarroan. Hamar urtean Gamesak han zituen sei lantegiak itxi egin ditu. Enpresa horrek urteotan jaso dituzten diru laguntzen kopuruen inguruan ez dira ados jartzen gobernua eta sindikatuak. Manu Aierdi Ekonomia Garapenerako kontseilariak urri hasieran egindako agerraldi batean bi milioi euroko laguntza bat aipatu zuen eta hori itzultzeko galdegin diola esan zuen. CAFen kasuan, hari emandako beste bi milioiko laguntza bat aipatu zuen Aierdik, baina I+G alorrekoa izaki, azpimarratu zuen zaila izango zela hori itzularaztea. Kasu hauetan araudi berria ezarri.

Dena den, deslokalizazioak ez dira erabat gauzatu oraindik. Azaro hasieran, Siemensek jakinarazi zuen gobernuarekin hizketan ari dela Agoizko planta berriz ireki eta hara lan batzuk eramateko -guztira 150 kaleratu dituzte eta 88 langile birkokatuko-. CAFek, berriz, Castejongo plantaren ixtea urtarrilera arte atzeratu du, kontratu berrien zain -110 langile ditu fabrikak-.

Zein kasutan

Lege berriaren arabera, enpresa bat deslokalizatu egin dela ulertuko da, bi baldintza hauek batera gertatuz gero: enpresa batek Nafarroan duen jarduera bertan behera uzten edo nabarmen murrizten badu eta, aldi berean, hori gertatu aurreko nahiz ondorengo hiru urteetan jarduera hori herrialdetik kanpoko enpresa beraren edo beste batean egiten bada. Aldiz, deslokalizaziorik ez dagoela ulertuko da enpresa horrek lantegi bat itxi baina herrialdean jarduera berriak abian jartzen baditu, eta lantegi batean galdu diren adina lanpostu edo gehiago Nafarroako beste leku batean sortzen baditu.

Legearen arabera, jarduera nabarmen murrizteak esan nahi du langileen kopurua erdira baino gutxiagora jaistea eta horrek, betiere, gutxienez 25 langileri eragitea. Aurreko bi urteetan izandako langileen batez bestekoa hartuko da kontuan horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.