xabier martin
GEURE KONTU

Trenasa salbatzeko giltzarria: Renfe

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Ekonomiaren garapeneko kontseilari Manu Aierdik esana herenegun: «Amaiera arte ari gara partida jokatzen, eta rol bat duten eragile guztiekin ari gara hitz egiten». Trenasari buruz ari zen Aierdi, Beasaingo CAF trengileak Castejonen itxi nahi duen Trenasari buruz, eta kalera joan daitezkeen 110 beharginei buruz. Eta huts egingo du pentsatzen duenak Nafarroako Gobernua soilik CAFekin eta langileen ordezkariekin hitz egiten ari dela, bai baitago beste jokalari bat auzi honetan: Renfe; hau da, Espainiako Gobernua.

CAFek Solaris poloniarra erosi zuen 2018an 300 milioi euroren truke, eta bete-betean sartu zen autobus elektrikoen negozioan. Hasia zegoen merkatu horretan Vectiarekin; hura zen bere autobus marka, harik eta Solaris erosi zuen arte, Europako merkatuko liderretako bat Ormaiztegiko Irizarrekin batera. Trenasaren lantaldea nabarmen hazita zegoen artean, Vectia markako autobusen ekoizpena laguntzeko, baina Solaris erostean Trenasa jokoz kanpo gera zitekeela iragarri zuten batzuek: asmatu zuten. Balizko itxiera horren atzean, ordea, bada beste aldagai bat, eta giltzarri izan daiteke itxiera ekiditeko, oraindik posible bada: Renfek luze gabe adjudikatu behar duen 2.726 milioi euroko kontratu erraldoia.

Andres Arizkorretak gidatzen duen zuzendaritza oso haserre dago Renferekin; Espainiako Sustapen Ministerioaren esku dagoen erakundeak jakinarazi dio 2.726 milioi euroko lehiaketan ez duela zer eginik, eta adjudikazioa Alstom eta Stadlerrentzat izango dela, enkargua bitan banatu ondoren. CAFen pazientziak gainezka egin du. 2016ko hondarrean mendeko kontratua esan zioten eskaera Talgori eman zion Renfek: 2.642 milioi euroko enkargua. CAFekin lehia estuan eta tentsio handiaren ostean iritsi zen Talgoren lan karga bermatu duen eskaera. Beraz, lau urtean Madrilek eman dituen 5.400 milioi euro inguruko enkarguetatik zero iritsi dira CAFera, eta bigarren honetan espainiar baten alde ez, baina Suitzako eta Frantziako konpainien alde egiteko bidean da Renfe. Ekainean, hori bai, kontsolazio sari bat eman zion Madrilek CAFi: 258 milioi euroko kontratu bat. Ordurako jakingo zuen, noski, berriro ere sari nagusitik kanpo utziko zituela euskal herritarrak.

Begirada guztiak Txibiterentzat

Eta egoera horretan iritsi da Trenasa ixteko iragarpena. Nafarroako lantokia da, PSOEk presidente duen erkidego batekoa; Maria Txibite presidentearen alderdikideak baitaude Renferen adjudikazioak erabakitzen, Reyes Maroto Industria ministroa eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroa. Haiek erabaki dute enkargu handiaren bi zatiak Valentziara eta Bartzelonara eramango dituztela, Stadlerren eta Alstomen plantetara. Enkarguaren zatietako batek bi urterako enplegu ekarriko luke CAFen lantokietan, eta kontratazio berri ugari, baina Madrilek beste interes batzuk ditu, CAF izan arren Espainiako kontratatzaile handiena trengintzaren sektorean.

Konpainia handiek beren estatuen babesa jasotzen dute Europan: Siemensek Alemaniakoa, Alstomek Frantziakoa... Espainian Talgo da kuttuna. CAFek ez dauka estatu bat atzean, eta inor baino hobeto lehiatzea baino ez zaio geratzen, azken urteetan erakutsi duen moduan. Gaitasun hori ere ukatu dio Espainiako Gobernuak, Renfek eskatzen duen maila teknologikoa ez edukitzea argudiatu omen baitu Madrilek. Horrela salatu du hil hasieran EAJko senatari Mertxe Garmendiak, egunkari honek egun batzuk lehenago aurreratu zuena berretsita: CAF lehiaketatik kanpo geratzeko bidean da, jakinarazpen ofizialik iritsi ez den arren.

Trenasa salbatzeko modu bat badago: lan karga berria lortzea, eta Espainiako Gobernuak badu zeresanik hor. Maria Txibitek Madrilen hori azaltzen jakingo ote duen ikusi behar da orain. Manu Aierdik onartu du ekina: «Industria Ministerioarekin hitz egin dugu Renferekin egoteko; haren eskaera poltsa ezagutu nahi dugu». CAF sufritzen ari bada, ez baita murrizketak egiten hasiko Beasaindik eta Irundik. Espainiako kontratatzaile handienak gehiago argaldu nahi duela erabakitzen badu, Espainiara joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.