Iran

Irango zientzialari nuklear nagusia hil dute

Mohsen Fakhrizade tirokatu dute Teheranen. Nazioarteko begiraleen arabera, herrialdearen plan nuklearraren zuzendaria izan zen 2000ko hamarkadaren hasieran.

Mohsen Fakhrizaderen autoa,tiro arrastoekin. IRIB HANDOUT / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 27a
16:55
Entzun

Erasoa nola gertatu den ez dago argi oraindik, baina badirudi leherketa baten ondorioz Mohsen Fakhrizade eta haren bizkartzainak zeramatzan autoa gelditu egin dela Teherandik gertuko Absard hiriko Mostafa Khomeini bulebarrean. Orduan, erasotzaileek tiro egin diote Fakhrizaderen autoari, eta zientzialaria zauritu dute. Hainbat berriemaileren arabera, bizkartzainek erasotzaileetako batzuk hil dituzte.

Irango Defentsa Ministerioak agiri bat plazaratu du, eta zientzialaria ospitalera zaurituta eraman dutela adierazi du. «Zoritxarrez, sendagile taldeak ez du lortu hura berriz piztea, eta zuzendari eta zientzialaria, urte askoko lanaren ostean, martiri bihurtu da».

Inork ez du oraindik erasoa bere gain hartu. Fakhrizade Israelen jomuga zegoen aspaldi. Benjamin Netanyahu lehen ministroak izenez aipatu zuen behin, egitasmoaren buru gisa. Izan ere, Irango lau zientzialari nuklear hil zituzten 2010. eta 2012. urteen artean. Nazioartean Israelgo zerbitzu sekretuei leporatu zizkieten hilketak, eta Israelek ez du inoiz ukatu horren atzean zegoela.

Irango Atzerri ministro Mohammad Javad Zarifek esan du hilketa «estatu terrorismoko ekintza bat» izan dela, eta haren arduraduna Israel delako «zantzu serioak» daudela. The New York Times AEBetako egunkariak argitaratu du Israelgo zerbitzu sekretuetako ordezkariek baieztatu diotela herrialdea nahastuta dagoela erasoan. Edonola ere, Israelgo lehen ministroaren bulegoko eledun batek esan du Tel Aviveko gobernuak ez duela salaketaren inguruko «iruzkinik».

Fisika irakaslea zen Fakhrizade Teherango Imam Hussein Unibertsitatean, eta zientzialari nagusiaren kargua zuen Irango Defentsa Ministerioan. Irango Guardia Iraultzaileetako kidea izan zen, eta aditua zen misilen ekoizpenean. 63 urte zituen. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak haren kontuak bahitzeko agindu zuen 2006. urtean, Irani ezarritako zigor neurrien artean.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak 2015. urtean plazaratu zuen txosten batean, Fakhrizaderen izena aipatu zuten, eta esan zuten hura zela Amad (itxaropena, persieraz) egitasmoaren burua 2000ko hamarkadaren hasieran. Amad egitasmoa 1989. urtean jarri zuen martxa Iranek, arma nuklearrak garatzeko helburuarekin. Iranek beti ukatu du bonba atomikoak garatzeko egitasmo bat duela, eta bere egitasmo nuklearra erabilera zibilerako zela esan izan du.

IAEAk uste duenez, egitasmoa bertan behera geratu zen 2003. urtean. Gainera, agentziak 2015ean esan zuen ez zuela uste irandarrak bonba atomikoa garatzear egon zirenik ere.

AEBetan presidentez aldatu baino aste batzuk lehenago egin diote eraso Irango zientzialari nuklear nagusiari. Ez da kasualitatea Hossein Dehghan Irango komandantearen esanetan. Haren iritziz, Israelek Iranekiko presioa handitu nahi du Donald Trumpek AEBetako presidentetza utzi aurretik. Joe Biden presidente hautatuak iragarria du Iranen akordio nuklearrera itzultzeko nahia. Trumpek ituna utzi zuen 2018ko maiatzean, eta isun ekonomikoak ezarri zizkion Irani.

 

Irango egitasmo nuklearraren auzia

2003ko ekaina. Irani jarduera nuklearra ezkutatzea egotzi zion IAEAk.

2003ko abendua. Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren atal gehigarria sinatu zuen Iranek.

2004ko uztaila. Energia helburu zibiletarako erabili ahal izatea aldarrikatu zuen Iranek.

2004ko iraila. Uranioa ez aberasteko eskatu zion IAEAk.

2004ko urria. Iranek uranioa aberasteari utzi zion.

2005eko iraila. Uranioa eraldatzen hasi zen, berriz ere.

2006ko abendua. Iran zigortzea erabaki zuen Segurtasun Kontseiluak.

2007ko urtarrila. IAEAko 38 behatzaileri herrialdean sartzea debekatu zien Iranek.

2010eko otsaila. Mahmoud Ahmadinejad Irango presidenteak uranioa %20 aberasteko agindu zuen.

2010ko iraila. IAEAk ohartarazi zuen Iranek bi edo hiru bonba nuklear egiteko adina uranio aberastu daukala.

2010eko azaroa. Mayid Xahriari fisikaria hil zuten, autoan jarritako lehergailu baten bidez.

2011ko uztaila. Darioush Rezaeinejad zientzialari nuklearra hil zuten tiroz.

2011ko azaroa. IAEAren txostenean, nabarmendu zuten Iran arma nuklearrak egiten ari zela. Teheranek ukatu egin zuen.

2011ko azaroa. Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi zuen ez zuela baztertzen Iranen aurkako biderik.

2012ko urtarrila. Mustafa Ahmadik zientzialari nuklearra hil zuten atentatu batean.

2012ko urtarrila. EBk petrolio bahimendua ezarri zion Irani. Massoud Ali Mohammad fisikaria hil zuten, bonbaz.

2012ko otsaila. IAEAk azken behatzaileen misioaren porrota onartu zuen.

2012ko maiatza. Amanok Iranekin akordioa lortu zuela jakinarazi zuen.

2015eko apirila. Itunaren aurreakordioa sinatu zuten Iranek, AEBek, Txinak, Errusiak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak.

2018ko maiatza. Donal Trump AEBetako presidenteak Irango itun nuklearra uzteko erabakia iragarri zuen.

2020ko azaroa. Mohsen Fakhrizade herrialdearen plan nuklearraren zuzendari izandakoa hil zuten eraso batean, Teherandik gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.