Pilota

Erik Jaka txapeldun

Hasieratik aurrea hartu ondoren, aldea ongi kudeatu, eta bizitzan estreinakoz buruz buruko txapeldun izan da Erik Jaka. Bukaeran sufritu arren, 22 eta 20 irabazi dio Jokin Altunari. 

jon eskudero
2020ko azaroaren 29a
19:34
Entzun

Erik Jaka da 2020ko buruz buruko txapelduna. Ezohiko urte honetan, ezohiko txapelketa joan da, eta txapelduna ere ezohikoa suertatu da. Lehen tantoetatik aurrea hartu du lizartzarrak, eta aurretik joan da amaierara arte. Bukaeran sei tantoren alde ederra ere izan du, baina, azken tantoa egin ezinda, gorriak ikusi behar izan ditu lizartzarrak. Dena den, sufrimenduari esker, 22 eta 20 irabazi dio Jokin Altunari, eta estreinakoz jantzi du buruz buruko txapela. Pozarren agertu da txapelduna partida amaieran: "Amari eskaintzen diot garaipena. Azkenaldian izugarri sufritu dugu familian, eta, dudarik gabe, bera daukat buruan. Berak emandako indarragatik izan ez balitz, ezinezkoa izango zen halako balentria bat lortzea".

Hasierako tantoetatik erakutsi du distira Jakak. Ohartze ordurako 5 eta 0 aurreratu da, eta abantaila hori gakoa izan da partida osoan zehar. Sakea ezker horman sartzen ongi asmatu du, eta errematean ere ohi bezala aritu da. Altuna III.ak erreakzio bat baino gehiago izan ditu, baina inoiz ez du lortu neurketa berdintzea: 5-2, 6-4 eta 9-7. Finalerdietan bezala, tentsioz josita eta lotuta jokatu du amezketarrak, eta lanak eta sufrimenduak eman diote partidan bizirik segitzeko aukera. Lehen atsedenaldi luzera 12 eta 7 iritsi dira bi pilotariak.

Atsedenalditik bueltan, lehengo lepotik mantendu du burua Jakak, eta 16-7 ere aurreratu da. Gero eta gertuago zuen txapela, baina ikusteko zegoen garaipena hain gertu izate hori nola kudeatuko zuen. Altunak ez du esan azken hitza, eta gehixeago arriskatzeari ekin dio. Batez ere horma bikoari esker, pare bat tanto egin ditu, eta 18-14koarekin iritsi da bigarren atsedenaldia.

Handik bueltan, berehala jo du 21. tantora Jakak, eta hor bazirudien Lizartzara bidean zegoela txapela. Gainera, Altunak ez zuen susperraldirako motibo handirik ematen. Ordea, txapelduna da amezketarra, eta erakutsi du zergatik. Sakez lau tanto jarraian eginda urduritasuna ezarri dio arerioari, eta 21 eta 20 gerturatu da 21-14kotik. Jakak ezin zuen sakerik eraman, eta, hortaz, atsedenaldirik eskatu ere ez. Dena den, azken sake horretan Altunak ez du asmatu, eta, tantoa mendean hartu ondoren, gantxoz amaitu du lehia Jakak: 22 eta 20.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.