Hegazkigintza

Alestiseko langileak: «Gasteizko planta izan da gehien kaltetua kaleratzeak sinatu ez ditugulako»

Hegazkingintza osagaiak ekoizten dituen lantegiaren hileta sinbolikoa egin dute, eta erakundeei leporatu diete «salduta» utzi dituztela jabeen aurrean.

Alestiseko langileak kaleratzeen aurkako protestaldi batean. JAIZKI FONTANEDA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 1a
12:26
Entzun

Alestisek Gasteizen (Araba) duten plantako langileek hileta izan dute Andre Maria Zuriaren plazan. Erregulazio espedientearen eraginez, 76 langile kaleratuko dituzte hurrengo asteetan, eta horrek hegazkingintzarako osagaiak egiten dituen lantegiaren heriotza ekarriko duela irudikatu nahi izan dute. Gasteizko plantak jasan duen tratua salatu dute, hor harturiko neurriak enpresak Espainian dituen beste planta batzuetan harturikoak baino gogorragoak izan direlako. «Gure lantokia izan da gehien zigortua erregulazio espedientea sinatu ez dugulako, argi eta garbi. Gugan ezarri da eskarmentua. Kaleratzeko arrazoi objektiboak alde batera utzi dituzte».

Alestisek Gasteizen duen plantako langileek ezezko borobila eman zioten erregulazioari (114 boz aurka eta bi alde); negoziazioa, baina, Espainiako plantako ordezkariekin batera izan da, eta, haiek handiagoak izanda, Gasteizko plantak bi ordezkari izan ditu bakarrik hamahiru ordezkariko mahai batean. Gauzak hala, haien aurkako boza ez zen nahikoa izan erregulazioa atzera botatzeko. Langile batzordearen ustez, egoera horrek kalte handia egin die. «Iritzia ez da kontuan hartu nahi izan. Guk ez genuen dirurik nahi, lanpostuak baino ez». Batzordearen datuen arabera, Gasteizko Alestis enpresak 185 langile zituen orain arte, 101 izango ditu aurrerantzean; ez da hainbeste behin-behinekoak gehituta 230 zirela.

Batzordeak Clemente familia, enpresaren jabeak, eta CCOO eta UGT sindikatuak jo ditu «aberrazio eta bidegabekeria horien erantzuletzat». Haien «amaigabeko zekenkeria» kritikatu dute, eta irabaziak pertsonen aurretik jarri dituztela salatu. Lehen kaleratzeak gau hasi dira, eta langileek burofax bidez jaso dute jakinarazpena. Ez dute izan aukerarik enpresako arduradunekin hitz egiteko. Alde horretatik, erakunde publikoei «beste alde batera» begiratzea egotzi diete, Espainiako Gobernuak baduelako zeresana. Hura enpresaren %25aren jabea da, SEPI elkartearen bitartez. «Enpresaren asmoei bide eman diete. Asmo onak adierazten dituzte, baina enpresaren aurrean saldu egin gaituzte».

Kaleratzeak hasi dira, eta erregulazioa sinatuta dago, baina batzordeak uste du enpresak atzera egin dezakeela oraindik. Argi du hegazkingintzaren sektoreak gora egingo duela berriz, eta kaleratzeak behin-behineko neurri batzuekin ordezka daitezkeela. Erakundeek alde horretatik egin dezaketen lana ere aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.