Zubietako erraustegia

Asensiok gezurtatu egin du Zubietako errauste plantari baimenik ukatu diotela

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuak eskatu dizkiote Gipuzkoako Ingurumen diputatuari Zubietako erraustegiari buruz. Eusko Jaurlaritzak instalazioa martxan jartzeko behin-behineko baimena eman zuen, baina baimen hori azaroan iraungi zen. Alderdiek «arduragabekeria eta deskoordinazioa» leporatu dizkiote GHK-ri.

Erraustegia, artxiboko irudi batean. GOKA RUBIO / FOKU
2020ko abenduaren 3a
16:57
Entzun

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK-ko buruak adierazi du «faltsua» dela Eusko Jaurlaritzak Zubietako errauste plantari jarduera baimena ukatu diola. Ohar bidez azaldu duenaren arabera, gobernuak Ekondakin enpresari igorritako jakinarazpenak «energia sortzeko instalazioen tramitazio administratiboari» eragiten dio soilik, «eta ez plantaren funtzionamenduari».

BERRIAk atzo jakitera eman zuenez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak baimen bat ukatu berri dio Ekondakin enpresari, Urbaser buru duen enpresa emakidadunari, erraustegia martxan jartzeko behin-behineko aktaren epea amaitu berritan. Asensioren hitzetan, «energia sortzeko jarduera behin-behineko baimen batean oinarritzen» zen, baina hori ez luzatzeak ez dio plantaren funtzionamenduari eragiten, «ezta ingurumen baimenari ere».

Edonola ere, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek Asensioren presazko agerraldi bat eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, esplika dezan zertan den Zubietako erraustegia, eta ea martxan jartzeko baimen guztiak ote dituen. Elkarrekin Podemosek adierazi du erraustegiak martxan jarraitzea «lardaskeria» hutsa dela, horretarako baimena ez baitago indarrean. Koalizioaren hitzetan, egoerak GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren «arduragabekeria eta deskoordinazioa» islatzen ditu. Arantza Gonzalez Gipuzkoako Ezker Anitzaren koordinatzaileak «bermeak» eskatu dizkio diputazioari, herritarren osasuna arriskuan ez jartzeko.

GHK-k atzo ere adierazi zuen ingurumen baimena eta jarduera lizentziak indarrean dituela instalazioak, eta «behin betikoak» direla. Halaber, ziurtatu zuen energia elektrikoa sortzen ari direla. GuraSOSek gezurtatu egin du zaborra errez energia sortzen ari direla, transformadore nagusiaren faltan instalazioak ez baitu horretarako ahalmenik. Elkarte horrek berriki Red Electricaren txosten bat aipatu du, ziurtatzen duena erraustegiak ez duela argindarrik sortu urriaren 28ra arte behintzat. BERRIAk jakin duenez, ordezko transformadore horien kostua hileko 700.000 eurokoa da. GHK-k ziurtatu du ez dela ezer ordaintzen ari, gertatutakoa «kontzesionarioaren ardura» baita. Halaber, adierazi du Ekondakini «informazio zehatza» eskatuko diola falta diren administrazio tramiteei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.