Abian jartzeko baimen bat ez diote berritu Zubietako erraustegiari

Jaurlaritzak abuztuan eman zion martxan jartzeko behin-behineko akta azaroan iraungi zen

Zubietako erraustegia, kea dariola. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bide administratibo luzean beste harri bat jarri zaio Zubietako erraustegiari orain. Izan ere, industria jarduerari dagokion baimen garrantzitsu bat gabe geratu da. Abuztuaren 19an eman zion Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak martxan jartzeko behin-behineko akta instalazioari, baina, baldintza gisa jarri zion ikuskatzean topatutako huts teknikoak konpontzea azaroaren 15a baino lehen. Irailaren 1ean, baina, transformadore nagusia martxan jartzeko unean, gailua erre egin zen. Horren ondorioz, Alemaniara bidali dute, etaherrialde hartan ari dira konpontzen. Hura ordezkatzeko, hiru itsas edukiontzi jarri zituzten, bina transformadore dutenak. Horien ahalmena 12 kilovolt amperekoa da (Kva), guztira. Transformadore nagusiak 30 Kva-ko ahalmena duenez, haren potentziaren heren bat besterik ezin dute ordezkatu.

Kontua da ezen joan den azaroaren 15ean, erraustegia martxan jartzeko behin-behineko aktaren epea amaitu zenean, Ekondakin enpresak (Urbaser buru duen enpresa emakidadunak) baimen hori luzatzeko eskatu ziola Jaurlaritzaren Industria Sailari, baina hark ukatu egin dio. Horren ondorioz, Gurasos elkarteak Industria Sailari eskatu dio bertan behera uzteko instalazioaren jarduera, eta Jaurlaritzak horri buruz erabaki beharko du datozen egunotan. Izan ere, Gurasosen arabera, martxan jartzeko behin-behineko akta indarrean izan gabe, Jaurlaritzak bertan behera utzi beharko luke erraustegiaren jarduera. Zubietako instalazioa iazko azaroan hasi zen hondakinak errausten, probaldian. Arantxa Tapiaren Sailaren komunikazioak BERRIAri esandakoaren arabera, eurek ez daukate informazio horren berririk. Edonola ere, kazeta honek jakin duenez, Industria saileko txosten teknikoak ez zaizkie helarazten arduradun politikoei, eta litekeena da oraindik haren berri ez izatea.

GHK-k adierazi du ingurumen baimena eta jarduera lizentziak indarrean dituela instalazioak,e ta «behin betikoak» direla. Halaber, ziurtatu du energia elektrikoa sortzen ari direla. Gurasosek gezurtatu egin du zaborra errez energia sortzen ari direla, transformadore nagusiaren faltan instalazioak ez baitu horretarako ahalmenik. Elkarte horrek berriki Red Electricaren txosten bat aipatu du, ziurtatzen duena erraustegiak ez duela argindarrik sortu urriaren 28ra arte, behintzat. BERRIAk jakin duenez, ordezko transformadore horien kostua hileko 700.000 eurokoa da. GHK-k ziurtatu du ez dela ezer ordaintzen ari, gertatutakoa «kontzesionarioaren ardura» baita. Halaber, aderazi du Ekondakini «informazio zehatza» eskatuko diola falta diren administrazio tramiteei buruz.

Arazoak transformadorean

Ez da Zubietako erraustegiaren transformadoreak arazoak ematen dituen lehenengo aldia. 2019ko ekainean, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren baimenik gabe, gailua konektatzeko lehen saiakera egin zuten. Leherketa bat gertatu zen, eta lau hilabete igaro zituzten gailua konpontzeko. Operazio hura Industriaren baimenik gabe egin zutenez, zigor txosten bat zabaldu zioten Ekondakini.

Jakinekoa denez, GHK-k eta enpresek sinatutako kontratuaren arabera, 2019ko ekainaren 3an martxan jarri behar zen instalazioa, eta hala egin ezean, pasatutako egun bakoitzeko 60.000 euroko isuna ordaindu beharko lioke enpresak kontsortzioari. Horrez gain, urriaren 3tik aurrera, beste 20.000 euro gehiago ordaindu beharko zituen enpresak egunero epea atzeratzeagatik. Guztira, Gurasosek kalkulatu du 40 milioi euro inguru zor dizkiola Ekondakinek GHKri, kontratuak aurreikusten dituen atzerapenen trukeagatik. Izan ere, oraingoz instalazioa ez dago martxan. Berriki Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak aitortu du instalazioari azken baimen bat falta zaiola, martxan jartzeko akta, hain zuzen ere.

Ingurumen baimena

Halako instalazioek bi baimen nagusi dituzte. Bat ingurumenari dagokio, eta bestea, industriari. Ingurumen baimen bateratua 2020ko ekainaren 16an eman zion Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuorde Elena Morenok. Baimen hori emateko, ezinbestekoa da instalazioaren obra amaituta egotea. Horren ostean eman zion Jaurlaritzak jarduera industrialari dagokion behin-behineko akta. Gurasosek bi baimen horien arteko kontraesana ikusi du, eta, horregatik, gora jotzeko helegitea jarri zuen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak ebatz zezan. Tapiak atzera bota du Gurasosen helegitea, ingurumen baimena eman zenean obrak amaituta zeudela ziurtatzen zuten teknikarien txostenak zeudela argudiatuta. Gurasosek EAEko Justizia Auzitegira eramango du eskaera hori datozen egunetan, erraustegiaren ingurumen baimen bateratua bertan behera uztea eskatzeko.

Industriak beste zigor bat jarri dio Ekondakini 2020an, agiriak faltsutzeagatik. Izan ere, ingurumen baimena lortu ahal izateko, instalazio elektrikoa behar bezala amaituta zegoela jakinarazi zion enpresak. Jaurlaritzak, baina, hutsuneak topatu zituen, eta, hori dela eta, zigor prozedura ireki zion.Transformadoreko istripuez gain, beste ezbehar larri bat ere izan du erraustegiak, Arkaitzerreka errekastoan egin zuen amoniako isuria, alegia. Ehunka arrain hil zituen isurketa horrengatik, erraustegiko lau arduradun ikertzen ari dira, delitu ekologikoa egin zutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.