Hegoaldean 601 positibo atzeman dituzte, bezperan baino %19,6 gutxiago

11.500 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, eta %5,2k eman zuten positibo

Test serologikoak Nafarroako Ospitale Guneko laborategian. Test serologikoek antigorputzak garatu diren eta ondorioz iraganean birusak kutsatu duen adierazten dute. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko abenduaren 4a
11:41
Entzun

Ostegunean bazirudien beheranzko joera geldotu egin zela, baina gobernuek gaur emandako azken datuek jaitsiera baieztatu dute. Eguneroko bilakaerak gorabeherak ditu: ostegunean, Araba izan zen kasu gutxiago izan zituen lurralde bakarra Hego Euskal Herrian, eta, ostiralean, Araba izan da kasu kopuruak igo diren lurralde bakarra. Oro har, Hego Euskal Herrian 602 positibo atzeman zituzten atzo, aurreko egunean baino %19,6 gutxiago. Gainera, azken hamalau egunetako batezbestekoaren (702) nabarmen azpitik geratu da.

Araban, positiboek %9,5 egin dute gora, eta 103 positibo atzeman dituzte. Gainerakoetan, behera egin du: Bizkaian, 208 kutsatu detektatu dituzte, bezperan baino %30 gutxiago; Gipuzkoan, 205, aurreko egunean baino %15 gutxiago, eta Nafarroan 82, %29 gutxiago.

Atzo, 11.500 PCR eta antigeno proba egin ziren Hegoaldean, eta horietatik %5,2k eman zuten positibo. Ehuneko interesgarria da, Osasunaren Munduko Erakundeak %5eko positibo tasa lortzea gomendatzen duelako.

Osakidetzan eta Osasunbidean 599 herritar daude ospitaleratuta, bezperan baino sei gutxiago —apurka, ospitaleko presioa arintzen ari da, baina oraindik orain urriaren 18ko egoeraren parean dago—. Egun, Hegoaldeko ospitaleetan 440 eri daude gela arruntetan, eta 159 ZIUko oheetan, bezperan baino bi gehiago. 

Pirinio Atlantikoetan, beherantz

Iparraldeko daturik ez dago, baina gaur Akitania Berriak asteroko datuak kaleratu ditu, eta Pirinio Atlantikoak departamenduan asteko intzidentzia tasak behera egin du: azaroaren 2an, 100.000 biztanleko 480 zen, eta abenduaren 1ean, 133. Hortaz, Iparraldeko daturik ez izan arren, islatzen du ezarritako neurriek nabarmen murriztu dutela beheranzko joera, duela hilabete bat intzidentzia tasa 3,6 bider handiagoa baitzen departamendu osoan.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 250 herritar daude ospitaleratuta departamenduko ospitaleetan, horietatik 17 ZIUko oheetan.

Intzidentza tasek diotena

Egunero gorabeherak izan arren kasu kopuruan, intzidentzia tasak beheranzko joera islatu du Hego Euskal Herrian ere. Egun, Araban urriaren 26ko egoeran dira; Bizkaian, urriaren 22ko egoeran; Gipuzkoan, urriaren 19koan; eta Nafarroan, abuztuaren 19koan.

Oraingoz, neurriek Nafarroan izan dute eraginik handiena, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak islatzen duenez: azken 14 egunetako kasuak aintzat harturik, Bizkaian 100.000 biztanleko 322,9 kasu dituzte; Araban, 353; eta Gipuzkoak du intzidentziarik handiena, oraindik ere 476,9. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.