Euskal selekzioa

Ofizialtasuna galdegiteko eskatu diote futbol federazioari

Ainhoa Tirapuk, Asier Illarramendik, David Zurutuzak eta Asier Riesgok egin dute eskaria, agiri baten bitartez, orain dela bi urte Durangon eskatutakoa betetzeko.

ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 9a
19:05
Entzun

Duela bi urte FIFAn eta UEFAn euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzea adostu zuten EAEko Futbol Federazioaren Batzar Nagusian. Bi urte igaro dira geroztik, baina federazioak ez du urratsik egin. Luis Mari Elustondo presidentearen agintaldia amaitzear da, eta eskaria egitea galdegin diote Ainhoa Tirapu, Asier Illarramendi, David Zurutuza eta Asier Riesgo futbolariek. Tirapuk eta Zurutuzak aurreko sasoian hartu zuten erretiroa, eta Illarramendik eta Riesgok jokatzen segitzen dute.

Agiri baten bidez eskatu dute, eta EH Kirolak taldeak eman du horren berri. Gogorarazi dute larunbatean, abenduaren 12an, bi urte beteko direla Durangon batzordeak eskaria egin zuenetik, ia aho batez, eta kexu agertu dira oraindik ez delako bete. "Orduan ulertu genuen batzarrak ia aho batez emandako baietzak eskaera bideratzea ekarriko zuela. Baina bestela gertatu da".

Lau jokalariek gogorarazi dute "urte askoan" erakutsi dutela selekzioarekiko konpromisoa. "Horrek bultzatu gaitu ofizialtasuna aldarrikatzera eta antolatu diren lagunarteko partidak jokatzera". Noizbait ere planto egin behar izan dutela oroitarazi dute: "Uste izan dugunean partida horiek gure selekzioak nazioartean lehiatzeko aurrerapausorik ez zirela".

Selekzioarekiko konpromisoari eusten diotela nabarmendu dute. "Betiere ofizialtasunaren bidean aurrera egitekotan". Ildo horretan, ezinbestekotzat jo dute batzar nagusiak agindutakoa betetzea.

Elustondoren adierazpenak

Euskal selekzioak azaroaren 16an jokatu zuen azken partida, Costa Ricaren kontra. 2-1 irabazi zuen, eta FIFAk selekzioentzat gordetako datetan hirugarrena izan zen. Horren ostean, oihartzuna izan zuten Luis Mari Elustondo EAEko Futbol Federazioko presidenteak Radio Euskadin egindako adierazpenek. Bertan, adierazi zuen aurreakordio bat zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko bidea abiatzeko. Baina gero Elustondok atzera egin zuen, eta, Cope irratian egindako adierazpenetan, gauzak ez zituela ondo azaldu esan zuen. "Aurreakordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean, esaten zen Sanchezek beharrezkoak ziren erreformak egiteko konpromisoa zuela, eta bide hori abiatzekoa".

Elustondok adierazi zuen ofizialtasuna "mantso, akordioekin eta harmonia onean" egin beharreko zerbait dela. "Lortuz gero, euskal zaleen pozgarri izango da". Baina argi esan zuen: "Gu ez gara sekula pankarta eta oihu batekin aterako". FIFAra eta UEFAra jotzeko duela bi urte Durangoko bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. "Hiru batzar informatibo egin ziren, eta hor adostu zen tramitazio edo bide hori abiatzea. Baina ordutik ez dugu urratsik egin. Ez diogu erakunde horiei ez eskutitzik, ez bestelako komunikaziorik bidali". Hurrengo zuzendaritzak egin beharko du lan hori, urte hasieran izango baitira hauteskundeak. 

Baina berriro nabarmendu zuen: "Pazientziaz egin beharreko kontua izango da, eta, lortuz gero, gure seme-alabek edo bilobek ikusiko dute" .

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.