Napoli 1-1 Reala

Realak aurrera egin du Europa ligan, Willian Josek partidaren hondarrean egindako gol bati esker

Willian Josek 91. minutuen egin du berdinketaren gola, eta final-hamaseirenetan izango dira txuri-urdinak. Donostiarrek atzetik egin dute neurketaren zatirik handiena; saiatzen segi izanak eman dio txartela. Rijekak 2-1 irabazi dio AZ Alkmaarri.

Januzaj, partidako jokaldi batean baloiaren jabetza lortu nahian. REALA
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 10a
21:07
Entzun

Etsita zirudienean suspertu da Reala. Aurrera egiteko aukerek galduta ziruditenean, Europa ligan segitzeko maldak penditzik gogorrena zuen unean, gol bat egin du Willian Josek, 91. minutuan, eta gisa horretara final-hamaseirenetarako txartela lortu dute Imanol Alguacilen jokalariek. Ordura artekoari erreparatuta balekoa zen berdinketa (1-1), Rijekaren eta AZ Alkmaarren arteko neurketaren markagailua ondorio berarekin heldua baitzen partidaren hondarrera. Willian Josek baloia sareetara bota duen unean, ordea, gauza bera egin du Rijekak. Halaxe uxatu dira donostiarren zalantzak eta urduritasunak: Europan ligan segiko du Realak.

Arauzko denbora bete denean zalerik baikorrenek ere nekez sinets zezaketen txuri-urdinen aukeretan. Gol bakarraren beharra zuten donostiarrek, eta ezin lortuz ibili dira. Maldan gora egin dute norgehiagokaren zatirik handiena; 34. minutuan Zelinskik egindako jaurtiketa indartsu baten ostean lortu dute aurretik jartzea. 

Zelaian presentzia handiago izan du Realak. Presio altu batekin ekin dio neurketari, eta baloiak bizkor berreskuratu ditu. Ezin, ordea azken metroetan minik egin. Aukera onak galdu ditu, eta horrek ate aurreko ezinaren mamua haizatu du berriz. Hala igaro da partidaren unerik gehiena. Harik eta kolpe batek egoera aldatu duen arte. Willian Josek azken unean sareratutako baloiak orekatu du markagailua, eta, horrekin batera, Europa ligako F multzoa. Kostata, sufrituta, baina hurrengo faseko zozketan izango da Reala. Hori da balio duen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.