Europako Batasuna

Europako Batasunak bere suspertze planaren blokeoa gainditu du

EBko kideek ontzat hartu dute Poloniaren eta Hungariaren betoa gainditzeko akordioa. Jokaera antidemokratikoengatik funtsak galtzeko aukerak urritu dituztela uste dute Varsoviak eta Budapestek

Europar Kontseiluaren hasiera, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 10a
21:12
Entzun

Poloniak eta Hungariak jarritako hesi handia gainditu du Europako Batasuneko suspertze funtsak. Bruselako goi bileran, bi herrialde horiek ontzat hartu dute EBren 2021-2027 aurrekontuei jarritako betoa altxatzea, funts horiek beraiek galtzeko aukerak urritzen dituen akordio bat erdietsi ondoren. Europako Parlamentuak gobernuburuek negoziatutakoari onespena emanez gero, aurrekontu proiektuak aurrera egingo du, eta harekin batera 750.000 milioi euroren funts bereziak, Next Generation planak.

Baliteke diru horretatik dozenaka mila batzuk iristea Euskal Herrira, eta batez ere trantsizio energetikora eta klima aldaketari aurre egiteko proiektuetara bideratuko dira.

EBko gobernuburuen goi bileraren lehen helburuetako bat zen aurrekontuaren korapiloa askatzea, eta arratsaldearen amaieran lortu egin zutela jakinarazi du Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak: «Akordioa lortu dugu aurrekontuei eta suspertze planari buruz. Orain has gaitezke horiek betetzen eta geure ekonomiak berreraikitzen».

Alemaniaren lana izan da Poloniaren eta Hungariaren betoa gainditzeko modua aurkitzea, Berlini baitagokio EBko jarduneko lehendakaritza. Asteazkenean lortu zuen akordioaren aurreko bat, eta gaur Europar Kontseiluak ontzat hartu du.

Arauen errespetua

Gatazka eragin zuen arauak ez du aldaketarik izango: Next Generation planaren dirua nahi duenak zuzenbide estatua errespetatu beharko du. Klausula hori Polonia eta Hungaria buruan zituztela jarri zituzten EBko beste kideek, nekatuta baitaude Varsoviako eta Hungariako gobernuen jokaera antidemokratiko batzuekin. Gutxiengoen aurkako neurriak hartzea, prentsa askatasuna bortxatzea eta epaitegien independentzia ez errespetatzea leporatzen diete, besteak beste. Kontu horiengatik hainbat zigor espediente ireki dizkie Bruselak, baina oraingoz ez dute zigorrik jaso horien ondorioz, ahobatekotasunik ez delako izan.

Klausulak hor jarraituko duen arren, ezartzeko aukerak gutxitu dituztela uste dute Poloniak eta Hungariak. Batetik, deklarazio bat lortu dute esaten duena klausula «objektiboki, inpartzialki eta modu justu batean» soilik ezarri ahal izango dela, eta herrialde guztiei aplika ahal zaiela. Bestetik, herrialde batek zigor prozeduraren aurkako helegitea jarri ahal izango du Europako Justizia Auzitegian, eta hark izango du azken hitza.

Poloniaren eta Hungariaren kalkulua da haiek zigortzeko prozedura hasiko balitz ere, luze joko duela auzitegiak epaia kaleratu arte, eta ordurako dirua gastatuta izango dutela. Aurrekontuetan eta beste kasu batzuetan ez bezala, Next Generation planari dagozkion erabakiek ez dute EBko kide guztien onespena behar, gehiengo batena baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.