Euskal Selekzioa FIFAko eta UEFAko kide izateko eskaria erregistratu du Federazioak

Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko ordezkaritza izateko «bideragarritasun legala» aldarrikatu du, eta «aukera egingarria» dela uste du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU. EUSKAL SELEKZIOAREN ETA KATALUNIAREN ARTEKO PARTIDA, 2014AN
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 15a
19:07
Entzun

Bi erakundeen egoitzetan (Suitzan) egin dute eskaera Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, eta, horrela, Federazioak gaur bete du 2018ko abenduaren 12ko batzarrak ia aho batez adostutakoa: FIFAren eta UEFAren aurrean Euskal Selekzioa kide izateko eskaera egitea, ofizialtasuna izateko urrats ezinbesteko gisa. Federazioak Eusko Jaurlaritza izan du bidaide Suitzara egindako bidaian, Jon Redondo eta David Salinas-Armendariz ere bertan izan baitira. Federazioko presidenteorde Nerea Zalabarria ere han izan da.

Eskaera formala da, eta bertan nabarmentzen da eskakizunak baduela «bideragarritasun legala». Eta «benetako aukera» dagoela gauzatzeko. «Alde guztiekin adostutako integrazioa gauzatzeko borondatearekin» eginda dago eskaria. Hain zuzen, Federazioak atera duen oharrean, hurrengo pausoari egiten zaion aipamenaren barruan, Espainiako Federazioa azaltzen da: «Akordio bat lortzeko negoziazio epe bat irekitzeko asmoa dugu haiekin». Izan ere, FIFAren estatutuetako 11. artikuluko seigarren atalean jasotzen da federazio eskatzaileak behar duela kide den estatuko (kasu honetan, Espainiako) federazioaren baimena. Urtebeteko epea eskatuko du Euskadiko Futbol Federazioak akordioa lortzeko.

Eskaeraren hiru oinarriak

Hiru oinarri eman dizkiote eskari ofizialari. Bat: Euskadiko Futbol Federazioak eskubide osoko kide izateko eskaera formal eta zuzena egin du. Horretarako, Federazioak eskatu du FIFAren eta UEFAren artean espediente komun eta bateratu bat abiatzea, EFFk bi erakundeetan benetan integratzeko bete behar dituen estatutu eskakizun formal guztiak betetzeko eta, era berean, alde guztien arteko akordio bat gauzatzeko. Akordio horretan, EFF kide bilakatzeko sarrera baldintzak zehaztuko lirateke, Espainiako Federazioaren onespenarekin. Urtebeteko epea emango litzateke akordio hori ixteko, eta Espainiako Futbol Federazioarekiko akordioak integraziorako hitzartutako baldintzak jasoko lituzke.

Bi: EFFk txosten arrazoitu bat emateko eskatu die FIFAri zein UEFAri. Dokumentu horretan FIFAk eta UEFAk EFFren kasuan bi organismoetan kide gisa onartzeko bete behar diren baldintzak eta betekizunak zehaztuko dira (gaur egun baldintza horietako bat betetzen ez bada).

Hiru: EFFk bere «konpromiso irmoa, erabateko prestasuna eta fede ona» adierazi ditu «dauden oztopoak gainditzeko eta alde guztien artean adostutako integraziorako aurkezten diren eskakizun guztiak betetzeko». Federazioak berak nabarmendu duenez, helburua da euskal futbolaren nahi historikoa gauzatzea, Durangon 2018ko abenduan egindako Biltzar Nagusian hartutako akordioan adierazi zen bezala.

Proiektu «erabat bideragarria»

Salinas-Armendarizek azaldu duenez, integratzeko eskaera formal honen bidez, EFFren Biltzar Nagusiak eskatutakoa ez ezik, «euskal gizartearen gehiengoaren nahia ere» betetzen ari dira. Gehitu du «zilegizko helburua eta erabat bideragarria» dela legearen ikuspegitik: «Estatu independenteak ez diren Europako beste lurralde batzuen integrazioak eta selekzioen ibilbide historikoek (liga propioa dutenak eta ez dutenak) erakusten dute hala dela».

Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko federazioei emandako dokumentazioaren artean, honako dokumentu hauek daude: Federazioaren estatutuen kopia bat; EFFk eta Euskal Selekzioak 1915etik egin duten ibilbide historikoa jasotzen duen txosten bat; Eusko Jaurlaritzak emandako lege txosten bat, EFFren ordezkaritza gaitasuna arrazoituz; Durangoko Biltzar Nagusiak onartutako eskaeraren kopia bat; eta Espainiako Federazioari (RFEF) bidalitako jakinarazpen ofiziala, gai horren inguruan akordio batera iristeko negoziazio aldi bat irekitzeko eskaria eginez.

Dinamika berria

Bistan da gaur egin den urratsak beste fase batean sartzen duela ofizialtasunaren gaia. Hala uste du Federazioak: «FIFAren eta UEFAren aitorpen ofiziala eskatzea bat dator Euskadiko Futbol Federazioa eta Eusko Jaurlaritza urte hasieratik sustatzen ari diren dinamika berriarekin». Dinamika horren funtsa da urte hasieratik bi erakunde horiek lan mahai bat eratu eta dinamizatzen ari direla, «Euskal Selekzioaren gainean testuinguru berri bat sortzeko eta proiektua berrindartzeko». Lantalde horretan, bi erakundeez gain, klubak, jokalariak eta euskal selekzioen aldeko eragileak ari dira lanean.

Lan horrek guztiak helburu bat dauka: «Epe laburrera Euskal Selekzioaren proiektua berrindartu nahi dugu, eta, osasun egoerak aukera ematen duenean, euskal zaleekin bat egin berriro ere, bere historia luzean egin izan duen bezala».

Azkenaldian berpiztu da gaia

Euskadiko Futbol Federazioaren batzarrak onartu eta bi urtera gauzatu da eskaria. Hain justu, azken asteetan atera da gaia berriro, aldi batean isilpean egon eta gero. Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatu zuen azaroaren 16an, eta orduan hitz egin zuen Elustondok, hautsak harrotu zituzten adierazpenak utziz. Radio Euskadin adierazi zuen aurreakordio bat zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko aukera izateko bidea abiatzeko.

Gero, ordea, atzera egin zuen Cope irratian: «Aurreakordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean esaten zen Sanchez beharrezkoak ziren erreformak egitera konprometitzen dela bide hori abiatzeko». FIFAra eta UEFAra jotzeko duela bi urte Durangon (Bizkaia) egindako bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. «Ordutik ez dugu urratsik egin. Pazientziaz egin beharreko kontua da». Hitz horiek esan eta gutxira gauzatu da batzarraren eskaria.

Bitartean, euskal jokalari batzuek agiri bat atera zuten aurreko astean, Elustondori eskatuz bete zezala UEFAn kide izateko eskaria. Asier Riesgok, Ainhoa Tirapuk, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik izenpetu zuten agiria. Aurreko asteburuan Gu ere Bai egitasmoak sinadura bilketa bat abiatu zuen Elustondori eskatuz jokalarien eskakizun bera: Durangoko batzarrean adostutakoa betetzeko. Presidenteak egin du bere lana gaur. Ez zuen denbora askoz gehiago, datorren urtearen hasieran federazioko zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak daudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.