Finantzak

Dibidenduak bai, baina neurrian

EBZk kendu egin du bankuei irabaziak banatzeko debekua, baina %15 soilik eman ahal izango dute. Neurriak bete-betean eragingo die Kutxabanki eta haren hiru akziodunei: BBK, Kutxa eta Vital.

BBKren egoitza nagusia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 16a
12:56
Entzun

Beren gizarte ekintza finantzatzeko muga estuak edukiko dituzte hurrengo hilabeteetan ere BBK, Kutxa eta Vital banku fundazioek. Bankuen presioari men egin dio Europako Banku Zentralak, eta onartu du irabaziak banatzeko debekua kentzea. Baina eskua gutxi ireki du: zuhurtziaren izenean, 2019ko eta 2020ko irabazien %15 soilik banatzea baimendu die, eta banku errentagarriei bakarrik. Bankuak ohituta dauden %40-50etik oso urrun dago hori. 2021eko irailean berrikusiko du bere politika EBZk, ordurako espero baitu pandemia kontrolpean egotea eta hark eragindako krisi ekonomikoa arintzen hastea.

Kutxabankek ere bere irabazien erdiak banatu izan dizkie azken urteetan bere akziodunei —hiru banku fundazioei—, eta asmo hori zuen martxoan, EBZk irabazien banaketa eten zuenean. 2019an 352 milioi irabazi zituenez, 176 milioi euro banatu behar zizkien bere akziodunei: %57 BBKri,  %32 Kutxari, eta %11 Vitali. Orain horren %15 desblokeatzeko aukera izanez gero, 26,5 milioi euro inguru joango lirateke banku fundazioetara.

Irabazi txikiagoak

2020an diru gutxiago irabaziko du Kutxabankek, krisiaren ondorioei aurre egiteko hornidurak handitu behar izan dituelako. Irailera arte 160 milioi euro irabazi ditu; urtearen amaieran proportzio horretan jarraituz gero, 200 milioiren bueltan izango luke irabazia, eta horren %15 banatuz gero, 30 milioi joango lirateke bere akziodunetara.  

«EBZk agindutakoa beteko dugu», esan diote BERRIAri Kutxabankeko iturriek. Urtarrilaren 15erako jakinarazi behar die bankuak zer asmo duen, eta debekatua dute horren berri ematea banku zentralarekin hitz egin aurretik.
Kutxabanken irabaziak dira banku fundazioen diru iturri nagusia, eta horrekin elikatzen dute beren egungo egitekoa: gizarte ekintza egitea, hain zuzen ere.

Akzioak erosi dituzte

Baina azken urteetan beste diru iturri batzuk ere bilatzen aritu dira, Kutxabanken irabaziekiko erabateko menpekotasuna gutxitzeko. Gipuzkoa Donostia Kutxak, esaterako, CAFen %2 erosi zuen 2016ko abenduan. Aurten, berriz, BBK-k Iberdrolaren ia 400.000 akzio erosi zituen, 3,4 milioi euroren truke. Kutxabank bera akzioduna da CAFen (%14) eta Iberdrolan (%1,5).

Bizkaiko aurrezki kutxa ohiak izan ditzake arazo gehien dibidendu txikiarekin, 2024 arteko epea duelako 235 milioi euroren funts bat sortzeko. Espainiako Bankuak behartu du funts hori osatzera, Kutxabank burtsara ez ateratzearen truke —erabiltzekotan, Kutxabanken kapitala sendotzeko erabili behar du—. Horrez gain, ehun milioi euroko beste funts bat osatu du, inbertsioak egin eta beste diru iturri bat bermatzeko.

Arazo gutxiago izan ditzakete Kutxak eta Vitalek, aurreko urteetan jasotako diruaren zati bat erreserbatu ahal izan dutelako.

Kaudimenez ongi

Joan den astean berritu zituen EBA Europako Banku Agintaritzak bankuen sendotasunari inguruko azterketa, eta nota onarekin gainditu zuen Kutxabankek: %16,6ko kapitala du, CET1 Fully Loaded irizpideen arabera neurtuta. Euroguneko banku nagusien batezbestekoa %14,7 da, eta Espainiakoena, berriz, %11,8.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.