Sei galdera birusaren aldaera berriari buruz

BERRIA Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakaslearekin solastatu da, zalantzak argitze aldera

Izurriaren kontrako neurriei buruzko afixa, Londresko kaleetan. NEILL HALL / EFE
Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 21a
13:29
Entzun

Kezka piztu du Erresuma Batuan atzemandako SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriak; ez ote dakarren izurriaren aurkako borrokan atzera egitea edo, are, hutsetik hastea. Hona hemen sei gako, auzia ulertzeko.

Zer da, zehazki, aurkitu dutena? Andui berri bat al da?

Ez. Ez da andui bat, birusaren aldaera bat baizik. Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakasleak azaldu du bien arteko aldea: «Birusak aldatu egiten dira une oro, eta mutazio bat andui berri gisa sailkatzeko, aldaketa oso handia izan beharko litzateke; kasu honetan, ordea, ez dirudi birusa asko aldatu denik».

Zertan aldatu da birusa?

Birusaren S proteinari eragin dio aldaketak «Hori da, funtsean, birusak gure gorputzeko zeluletara lotzeko behar duen proteina», azaldu du Basarasek. «Mutazioari esker, birusak gaitasun handiagoa du zeluletara lotzeko, eta, ondorioz, errazago transmititzen da». Horrek ez du esan nahi, ordea, aldaera berria kaltegarriagoa denik. «Kaltegarritasun maila ez da handitu», azaldu du EHUko irakasleak. «Orain arteko ikerketetan ikusi da transmititzeko gaitasun handiagoa duela, baina kalteak ez direla larriagoak. Gainera, badakigu zer egin behar dugun birusa transmititu ez dadin; hortaz, neurriak hartuz gero, ez da zabalduko, ez birus berria, ezta lehengoa ere».

Orain arte azaleratutako aldaera bakarra da?

Ez, eta seguruenera ez da azkena izanen. Basarasek gogorarazi du, adibidez, beste aldaera bat atzeman zela Espainian duela hilabete gutxi: «D-64 izeneko bat da, eta azken hilabeteetan mundu osora hedatu da. Ohiko kontua da birus bat aldatzea. Birusaren eboluzioa horrelakoa da».

Txertoan eragina izanen du?

Zientzialarien arabera, ez dirudi txerto berrien eraginkortasuna arriskuan dagoenik. EHUko adituaren esanetan, txertoak sortuak dira S proteina hori «blokeatzeko», eta orain «ez dirudi mutazioak eragina izango duenik eraginkortasunean». Hala ere, «zaintza epidemiologikoa indartzeko» deia egin du, aldaera berria noraino hedatu den jakiteko.

Zenbat denbora darama birusaren aldaera honek jendartean?

Dirudien baino gehiago. «Iraileko positibo batzuetan atzeman dute», azaldu du Basarasek. Hortaz, ez da oraingo mutazio bat: «Badirudi hilabete batzuk daramatzala gure artean». Hortaz, zergatik azaleratu da orain? Erresuma Batuan egin dituzten azterketei esker: «Sekuentziazio horietan ikusi dute aztertutako positibo gehienak aldaera honekin kutsatu zirela, eta horrela ondorioztatu dute transmititzeko erraztasun handiagoa duela».

Eraginkorra al da hegaldiak etetea?

Aldaera berriaren hedapenaren arabera. Basarasen ustez, ezinbestekoa da jakitea «noraino dagoen hedatua», neurri eraginkorrak hartu ahal izateko: «Oraingoz, Italian, Danimarkan, Australian eta Herbehereetan atzeman dituzte kasu batzuk, eta ikusi beharko dugu ea honaino ere iritsi den». Irakaslearen ustez, birusa dagoeneko oso hedatua balego, «ez luke inongo zentzurik izango Erresuma Batuko hegaldiak eteteak». Horren ordez, azterketa epidemiologikoak lehenestea galdegin du: «Honakoa ez da aldaera bakarra, eta gehiago ere etorriko dira. Normala da halakoak gertatzea, baina garrantzitsuena da ahalik eta azkarren ikustea zer garrantzia duten aldaera horiek, eta zaintza epidemiologiko jarraituak egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.