Erresuma Batuan atzemandako aldaera berriak kezka eragin du mundu osoan

Azkarrago hedatzen da, baina ez da hilgarriagoa, orain arte zientzialariek jakin dutenez. Bertan behera geratu dira Miarritzeko aireportuan herrialde horrekin dauden hegaldiak. Hegoaldeko aireportuetan bihar etengo dituzte hegaldiak, Espainiako herritartasuna dutenentzat edo bertan bizi direnentzat izan ezik.

Ilarak atzo Londresko Kings Cross St.Pancras tren geltokian Pariserako trena hartzeko, Frantziak hegaldiak bertan behera utzi ondoren. ANDY RAIN, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko abenduaren 21a
11:09
Entzun

Koronabirusaren aurkako txertoa iristear den unean, Erresuma Batuan atzeman duten aldaera batek alarma gorria piztu du berriro mundu osoan. Orain arte zabaldu denez, mutazio berri hori kutsakorragoa da, eta jada agertu dira horren kasu positiboak Herbehereetan eta Italian. Hainbat herrialdek eten egin dituzte Erresuma Batuarekin dituzten hegaldiak, aldaera hori ez zabaltzeko. Azkenak Espainia eta Portugal izan dira: bi herrialde horiek elkarrekin erabaki dute bihartik aurrera eteteta Erresuma Batuarekin lotzen dituzten hegaldiak. Ondorioz, Miarritzen bezala, Hegoaldeko aireportuetan ere ez da hegaldirik izango.

Hegaldiak etetearen helburua birusaren aldaera berria ez zabaltzea da. Baina Herbehereetako Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, abendu hasierako txosten batean agertu zen jada horren arrastoa. Italian COVID-19aren aldaera horretan positibo eman duen pertsona eta haren bikotekidea bakartu dituzte, eta herrialdean sartzea debekatu diete aurreko bi asteetan Erresuma Batuan egon direnei. «Erresuma Batuak COVID mota berri baten alarma piztu du, birusaren aldaera batena. Gobernu moduan, italiarrak babestu behar ditugu», idatzi zuen Facebooken atzo Luigi di Maio lehen ministrordeak.

Oraingoz, mutazio horri buruz gehiago dira galderak erantzunak baino. Ez da hilgarriagoa, baina bai kutsakorragoa, eta horrek piztu du alarma, Eguberrien atarian hirugarren olatuak saihetsezina dirudien honetan. Erresuma Batuko zientzialarien arabera, orain arte zabaldu den birusa baino %70 azkarrago hedatzen da. Ingalaterrako Osasun aholkulari Yvonne Doylek atzo «kezka handia» agertu zuen horregatik. Astebetean ia bikoiztu egin dira koronabirus kasuak Ingalaterran. Batik bat, Londresen eta herrialdearen hegoaldean izan dira kasu berri horiek, baina ez dute argitu oraindik aldaera berri horrek eragin dituen. Badaezpada, 20 milioi pertsona konfinatu dituzte.

Bilera gaur, 11:00etan

Europan, igandean dira txertoa ematen hastekoak, eta gaur goizean presaka bildu dira 27 herrialdetako agintariak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak deituta. COVID-19aren aldaeraren berri izan ostean, hainbat herrialdek bertan behera utzi dituzte Erresuma Batuarekin dituzten hegaldiak. Herbehereak izan ziren lehenak atzo neurri hori hartzen, eta atzetik jarraitu zuten Belgikak, Italiak, Austriak, Irlandak, Frantziak, Alemaniak eta Bulgariak. Mundu osoko hainbat herrialdek ere hartu dute neurri hori: Kanadak, Txilek, Argentinak, Kolonbiak, Turkiak eta Marokok, besteak beste. Hegoafrikan eta Australian jada atzeman omen dute aldaera berria.

IPCR Krisiari Erantzun Politika Integrala erakundean bildu dira gaur EBko ordezkariak. Auzi garrantzitsuetan erantzunak azkar eta era koordinatuan emateko erakundea da hori. Gaurko bileraren aurretik, atzo beste bilera tekniko bat egin zuten, eta batasuneko kideek mutazioari aurre egiteko hartzekoak dituzten neurriak aurreratu zituzten; hegaldiak bertan behera uzteaz gain, PCR probei dagozkionak ere badaude tartean.

Atzo lehen hartu-emanak izan zituzten mutazioaren inguruan Macronek, Merkelek, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak. Emmanuel Macronen erabakiaren ondorioz, Miarritzeko aireportua Erresuma Batuarekin lotzen duten hegaldiak bertan behera geratu dira. Espainiak gaur hartu du erabakia, atzo Europa mailako erabaki bateratu bat eskatu ondoren. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, goizean, hegaldiak etetearen alde agertu da. Azaldu du atzo hitz egin zuela aldaera berriaz Madrilekin, eta datozen egunetan horren berri izango dela. Labiren biharko bileraz esan du "gehiegizko lasaitzea eta askatzea" eragoztea izango duela helburu.

Txertoaren oniritziaren zain

Europako Botiken Erakundeak gaur emango du bere iritzia Pfizer/BioNTech farmazia enpresen txertoaren inguruan. Adituek jaso dituzten datuak irakurri, egiaztatu eta ebaluatzen dituztenean hartuko dute erabaki bat. Zehazki, txertoaren osagaien, ekoizpenaren eta 40.000 boluntariorengan izan dituen emaitzen informazioa jasoko dute, eta horren segurtasunari, eraginkortasunari eta kalitateari buruz eman beharko dute iritzia. Txertoari oniritzia ematen badiote, aste honetan bertan hasiko da txertaketa kanpaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.