Zinema

Luis Buñuelek irekiko du 2021ean Tabakalerako pantaila partekatua

Hainbat instituziok elkarlanean osatu dute Donostiako kultur zentroaren datorren urteko zinema programazioa. Proiekzioez gain, solasaldiak, argitalpenak eta bestelakoak ere prestatu dituzte.

Josemi Beltran (Donostia Kultura), Edurne Ormazabal eta Victor Iriarte (Tabakalera), Maialen Beloki (Zinemaldia), Carlos Mugiro (Elias Kerejeta Zine Eskola) eta Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategia), Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2020ko abenduaren 21a
18:33
Entzun

Urtarrilaren 6an ekingo dio heldu den urteko zinema programazioari Donostiako Tabakalerak. Beste behin ere, kultura garaikidearen zentroko pantaila partekatzen duten eragileek elkarlanean osatu dute urteko eskaintza, eta 2021eko protagonista nagusietako bat Luis Buñuel izango dela jakinarazi dute. Zinemagilearen lehen bi filmak proiektatuko dituzte egun berean, eta, handik aurrera, haren filmografia osoa ikusgai jarriko dute. Baina lan gehiago ere emango dituzte urte osoan, askotarikoak, eta, horiez gain, zinemari lotutako solasaldiak, argitalpenak eta bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak.

Hilaren 28an, eguerdian, zinema abonu berria jarriko dute salgai, bai Tabakaleraren webgunean bai zentroaren informazio gunean. 100 euroren truke 40 film ikusteko aukera izango dute abonua erosten dutenek. Halaber, datorren astetik aurrera, zinema buletin digital berri bat argitaratzen hasiko direla ere jakinarazi dute. Hiru hilean behin plazaratuko dute, eta pandemiaren aurretik paperean zabaltzen zen argitalpena ordezkatuko du.

Nosferatu zikloa, lehen aldiz Buñueli eskainia

Bost erakundeek elkarlanean antolatu dute Nosferatu zikloa, eta, 30 urtean lehen aldiz, Luis Buñuel  (Calanda, Teruel, Espainia, 1900 - Mexiko Hiria, 1983) zinemagileari eskaini diote. Hain zuzen, zuzendaria jaio zela 120 urte beteko dira heldu den urtean, eta, urteurrenaren aitzakian, haren 32 pelikulak emango dituzte Tabakaleran, Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arloko arduradunak azaldu duenez. Urtarrilaren 6an hasiko dira saioak, «opari surrealista zoragarri batekin»: Un chien andalou (1929) eta L’âge d’or (1930) emango dituzte egun berean. Zikloa osatzeko, eta Buñuel + Plus izenburupean, zuzendariarengan eragina izan zuten edo haren eragina jaso zuten beste hemezortzi lan proiektatuko dituzte; Mi último suspiro (1982) memoria liburua hartu dute oinarri pelikulen aukeraketa egiteko.  

Halaber, zikloari lotuta, bi liburu plazaratuko dituzte, biak ere Buñueli eskainitakoak. Urtarrilean argitaratuko dute lehena, gaztelaniaz, Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dutena. Eta udaberrian, berriz, Harkaitz Canok euskaraz idatzitakoa.

Urte osoko Zinemaldia

«Zinemaldiak zinemaren denbora esan nahi du, eta, guretzat, zinemaren denbora hori urteko 365 egunak dira», azaldu du Maialen Belokik, Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak. Azken urteotan beste hainbat eragilerekin batera abiatutako proiektuak gogora ekarri, eta urte osoko jaialdi bat izateko apustu estrategikoa egina dutela adierazi du. Eta ildo beretik, jakinarazi du festibalak Tabakalerako pantailan orain arte izan duen aldizkako parte hartzea hilabeterokoa bilakatuko dela aurrerantzean. Hala, Zinemaldia + Plus izenburupean, proiekzioak eta solasaldiak egingo dituzte.

2021eko lehen hiruhilekoaren aurrerapen gisa, hiru saio iragarri ditu jaialdiak. Urtarrilean, Arantza Santesteban, Maddi Barber eta Celia Rico zinemagileek beren lanak erakutsiko dituzte, eta haien sortze prozesuak izango dituzte hizpide. Otsailean, Nest egitasmoaren azken aldian saritutako egileen lanak izango dira ikusgai, eta solasaldi bat ere izango da. Eta martxorako, berriz, Zinemaldia 70 proiektuari lotuta, jaialdiaren lehen urteei buruzko proiekzio bat eta erakusketa bat lantzen ari direla jakinarazi dute.

Lau izen, foku bana

Victor Iriartek, Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezko programazioaren arduradunak, azpimarratu du pantaila partekatuan iragana eta oraina «gurutzatzen» direla, eta, hala, Buñuelen gisako zinemagileen lanak zein gaur egungoenak ikusgai jartzen dituztela. Iriarteren hitzetan, «egun jaialdietan parte hartzen ari diren edo gerora garrantzitsuak izango diren» hainbat egileren izenak nabarmentzea da zentroaren egitekoetako bat. Eta horixe egingo dute heldu den urteko zikloetan; lau zinemagile hautatu dituzte, eta «foku» bana eskainiko diote bakoitzari.

Patric Chiha zuzendari austriarraren obran sakonduko dute lehenik, haren lan guztiak ikusgai jarrita. Udaberrian eta udan, berriz, zinema italiarrari begiratuko diote, ziklo banaren protagonista izango baitira Pietro Marcello eta Alice Rohrwacher. Eta urteko azken fokuak Kelly Reichardt zinemagile estatubatuarraren obrari erreparatuko dio.

Horiez gain, beste hainbat programak osatuko dute Tabakaleraren urteko zinema eskaintza. Horien artean daude, besteak beste, Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloa —Artium museoan ere programatzen dutena—; Jatorrizko Soinu Banda izenekoa, zinema eta musika uztartzen dituena; eta Kameleoiak Gara! familia-zinemari begiratzen dion programa.

Aretoa, ikasgela

Joan den ostiralean amaitu zuten Elias Kerejeta Zine Eskolan bigarren ikasturtea. Eskolaren egiteko nagusiak prestakuntza ematea eta ikerketa sustatzea direla gogorarazi du Carlos Mugiro zuzendariak, ez programazio publikoak prestatzea. Baina parte hartzen du pantaila partekatuan, «modu ezkutuago batean» bada ere; finean, «pantaila espazio pedagogiko bat bilakatzeko ideiarekin».

Hala, bi ildotan lanean jarraituko du eskolak. Batetik, Eskolatik programan, zeinetan komisariotza ikasleek hilean behin aretoko programazioa osatuko duten. Eta bestetik, hirugarren eta azken urtez egingo duten Zinemaren historiak. Santos Zunzunegi programan, zeinaren bitartez «ikasgela izaera» hartzen duen aretoak.    

Zinema eta zientzia, eskutik helduta

Urtarrilaren 8an ekingo diote Zinema eta zientzia zikloari. Laugarren urtez antolatu du Euskadiko Filmategiak, DIPC Donostia International Physics Centerren zein Donostiako Zinemaldiaren laguntzaz. Saio bakoitzean, film baten emanaldiaz gain, «nazioarteko izen handiko zientzialariekin» solasaldiak egin ohi dituztela ekarri du gogora Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak. Laster jakinaraziko dituzte zikloko hamar filmen izenak. Ohi bezala, klasikoak eta lan berriagoak bilduko ditu. Aldatuko dena saioen ordutegia izango da, pandemiagatik indarrean diren neurriak tarteko, 18:00etara aurreratuko baitituzte ia guztiak.

Ziklotik at, bi saio berezi iragarri dituzte. Batean, Kimuak 2020 katalogoko lan guztiak emango dituzte, eta bestean, Jacques Lasseynek eta Musidorak zuzendutako Pour Don Carlos (1921) film mutua, hainbat erakundek elkarlanean zaharberritutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.