Reala 0-2 Atletico Madril

Nahiaz harago, estatistikak ez dira kasualak

Realak 0-2 galdu du Atletico Madrilen aurka, Anoetan. Lehen zati orekatu baten ostean, espainiarrek beren legea ezarri dute bigarren zatian. Txuri-urdinek ez dute irabazi azken bederatzi partidetan.

Cristian Portu, baloi baten jabetza lehiatzen. Burumakur amaitu dute txuri-urdinek Atleticoren aurkako neurketa. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 22a
22:20
Entzun

Realak gaur jokatu duen partidak bazuen azterketa baten traza: orain arte egindako lan onak berresteko aukera bikaina zuen Atletico Madrilen aurka. Harri gogorra zuen kontrario, eta orain artean egindakoak kasualitate ez zirela erakutsi zezakeen Imanol Alguacilen taldeak. Bisitariak izan dira beren gaitasuna agerian utzi dutenak, ordea: 0-2 irabazi du Atletico Madrilek, eta erakutsi du zergatik den Espainiako Ligako liderra, jokatu diren hamasei jardunaldietatik hamahirutan soilik aritu bada ere.

Realak nahi zuen onbidera itzuli, baina estatistikek ez dute gezurrik esaten. Azken bederatzi neurketa ofizialtean ez dute irabazi, eta hori ez da normala. Hasierako joko eta emaitza zerutiarrak ere ez ziren moduan. Oinak lurrean izateko garaia da; komeni zaio ahalik lasterren suspertzea, baina bururik galdu gabe. Talde baten aldartea omen da emaitzen ispilu, eta alegrantzia berreskuratzeak izan behar du lehen helburu. Etortzekotan, urratsez urrats helduko dira poztasunak.

Gaur tristurak hartu du talde txuri-urdina. Neurketaren bezperan Imanolek esan zuen jokoaz gaindi emaitzek lagundu behar dutela, baina eraginkortasuna ez dute lagun izan bere jokalariek.  Alderantziz gertatu da: lehen zatian elkar zainduz aritu ostean, Atletico Madril izan da ate aurrean asmatu duen talde bakarra. Are gehiago: Jan Oblaken area ertzean itzulinguruka aritu bai, baina ezin izan dute arrisku gehiegirik sortu, eta gisa horretara zail da saririk eskuratzea.

Reala ondo lotu du Atletico Madrilek, defentsako lan ona eginda, eta hor ere agerian geratu da estatistiken eta aldartearen arteko lotura. Hamahiru partidatan bost gol besterik ez ditu jaso. Horri gehitu erasoko aukerak probestea. Lidergoa da baturaren emaitza.

Silva itzuli da
Egiari zor, Reala etenik gabe jokatzen ari da azken asteetan, eta horrek zenbait jokalariri arazo fisikoak sortu dizkie. David Silvaren kasua da; gainditu ditu, eta gaur itzuli da berdegunera. Huraxe izan da donostiarrentzat albisterik onena. Maila ona eskaini du kanariarrak, baina ez nahikoa bere taldea garaipenaren bidean jartzeko.

Igor Zubeldiak ere erakutsi du oinazeak iraganeko kontuak direla. Azkoitiarrak lehen zati ikusgarria jokatu du, baina Mario Hermosok ihes egin dio lehen golean. Atleticok urrundik atera du falta, Realeko atzelariek huts egin dute defentsan, eta buruz jotako baloia sarera bota du Hermosok. 48. minutuan zen. Llorentek 0-2koa egin du 74.ean. Huraxe izan da Atleticoren nagusitasuna eta Realaren une eskasa berrestu dituen gola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.