Nafarroan igandean hasiko dira txertoa jartzen

Adinekoen zentroetako egoiliarrak eta osasun arloko langileak izango dira txertoa hartzen lehenak. Hiru fase bereizi ditu Nafarroako Gobernuak.

Zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun arloko langileak izango dira txertoa jasotzen aurrenekoak. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 23a
13:02
Entzun

COVID-19aren aurkako txertoa emateko Nafarroako Gobernuak prestatu duen planaren berri eman dute Santos Indurain eta Carmen Maeztu Osasun eta Eskubide Sozialetako kontseilariek eta Maria Nuin Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko Zuzendariak. Indurainen esanetan, datorren igandean bertan hasiko dira txertoak jartzen, «aurreikuspen logistikoak betetzen badira». Adinekoen zentroetako egoiliarrak, osasun langileak eta menpekotasun handia dutenak izango dira txertoa jartzen aurrenekoak. Pfizer enpresakoak izango dira lehenbiziko txerto horiek.

Nuinek eman ditu kanpainaren xehetasunak: asmoa da adinekoen zentroetako langile egoiliarren eta osasun arloko langileen artean txertoa %90i jartzea, eta 65tik gorakoen %85i ere bai. Igandean bertan 150 pertsona txertatuko dituzte, Iruñeko El Vergel egoitzan, eta osasungintzako langileak urtarrilaren 15etik aurrera txertatzea aurreikusten dute: «Helburua da kutsatzea saihestea, eta kutsatuz gero, haren eragina apaltzea. Epe ertain edo luzera, pandemia kontrolatzea, inmunitatea dutenen kopurua handituta».

Hiru fase

Nuinek aitortu duenez, lehen dosiak ez dira denak batera iritsiko, eta modu progresiboan izango dituzte gehiago. Horren arabera, hiru fase bereizi dituzte, eta igandean hasitakoak otsail amaierara arte iraungo du. Lehen hiruhilekoan, 36.000 pertsona txertatzea aurreikusten dute.

Bigarren faserako dosi gehiago izatea espero du Nuinek; epe horretan 64 urtetik gorakoak, leku itxietan lan egiten dutenak eta egoera sozioekonomikoari erreparatuta egoera zaurgarrian daudenak txertatu nahi dituzte. Azken faserako utzi dituzte haurrak, nerabeak, gazteak eta arrisku taldeetan ez dauden helduak, «eskaeraren arabera». Eskariari erantzuteko adina dosi izango dituztela agindu du.

Nuinek berak azaldu du nola erabaki duten zer jende multzo sartu hiru faseetan. Arriskua izan da irizpidea: kutsatuz gero hiltzeko arrisku handiena dutenak lehenbizi, kutsatzeko arrisku handiena dutenak gero, eta «eragin sozial eta ekonomiko» handia nozitu dezaketenak ondoren.

Talde immunitatea, urrun

Txertoaren segurtasuna eta garrantzia nabarmendu ditu Indurainek: «Azpimarratu nahiko nuke prozesu honek zer-nolako  garrantzi handia daukan COVID-19aren aurkako borrokan. Birusaren aurkako txertoa hain denbora laburrean izatea mugarri bat da». Azaldu du txertoek «segurtasun eta eraginkortasun» bermeak dituztela, eta «ziur aski koronabirusaren amaieraren hasiera» dela txertatzea.

Indurainek Azken seroprebalentzia azterketak azaleratu dituen datuak gogorarazi ditu, txertoaren beharra azpimarratzeko: «Herritarren %14k eduki dute birusa Nafarroan, eta hamarretik batek izan ditzake antigorputzak. Beraz, talde immunitatea urrun dago, eta txertoa bultzada erabakigarria da».

Gainera, orain arteko prebentzio neurriei eutsi beharrari erreparatu dio Maeztuk: «Txertoarekin, irtenbidearen parte bat iritsiko da. Baina ezin dugu ahaztu eraginkorra izan dadin prebentzio neurriekin jarraitu behar dugula; bereziki egunotan datozkigun senideen arteko bileretan. Asko kezkatzen gaitu horrek. Ezin dugu txertoa ikusi neurrien ordezko gisa, eta ez gaitu erantzukizunaz gabetzen».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zehazteke

Eusko Jaurlaritza ere prestatzen ari da txertaketa kanpaina, baina Osasun Saileko iturriek adierazi dutenez, oraindik ez dakite zenbat txerto iritsiko diren asteburuan, eta, beraz, planifikazio zehatzik ezin dute oraingoz egin. Ipar Euskal Herrian, berriz, atzo egin zuen Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Prefeturak lehen bilera tokiko erakundeekin, txertatzea antolatzen hasteko. Eskualdeko Osasun Agentziak iragarri zuen txertaketaren jarraipena egiteko organismo bat eratuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.