Pilota

Altuna III.a txapeldun

Jokin Altunak bigarrenez lortu du lau eta erdiko txapela, Erik Jakari 22-9 irabazi ondoren. Erasokor jokatu du amezketarrak hasieratik, eta aurkaria defentsan aritzera behartu du

Jokin Altuna, amorru bizian. ARITZ LOIOLA
jon eskudero
2020ko abenduaren 27a
19:21
Entzun

Hiru urteren ondoren, berriz ere lau eta erdiko txapela burura eraman du Jokin Altunak. Hasi eta buka bikain jokatuta, 22-9 irabazi dio Erik Jakari Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta kaiolako distantzia laburrean pilotaririk onena dela berretsi du. Partidaren hasieran zalantza bat edo beste izan badu ere, azkar agertu du bere jokoa amezketarrak, eta erabat nagusitu zaio Jakari. Piloten ezaugarriak ezin hobeto baliatu ditu irabazleak, eta abiadura izan du arma nagusi. Hanken eta besoen freskotasunari esker, bizi ibili du pilota etengabe, eta ez dio ezertarako aukerarik eman kontrarioari. Hala, ondo merezita jantzi du txapela, eta duela hiru aste buruz buruko finala galduta hartu zuen kolpeari buelta eman dio. "Inoiz baino txapeldunago sentitzen naiz. Zulotik atera behar hori aberasgarria izan da, eta txapel honek ilusio berezia egiten dit. Erasokor jokatu dut, ausart, eta etxean pentsatuta neukan gidoia ongi atera zait", adierazi du partida amaieran. 

Neurketako lehen hiru tantoak Jakak egin ditu. Sakea baliatuta, ohiko jokoa egin du lizartzarrak, eta ikusten zen partida edonork irabaz zezakeela. Kikildu beharrean, ordea, gora egin du Altuna III.ak, eta gain hartu dio aurkariari. Sakea eskuratu bezain laster agintzen hasi da, eta bosnakoa izan da partidako azken berdinketa. Hortik aurrera jaun eta jabe izan da txapelduna. Ezker-eskuin azkar mugitu du pilota, eta Jakak berak ohikoa duen jokoa egin du amezketarrak. Erasora jo du bi aldiz pentsatu gabe, eta defentsan aritzea tokatu zaionetan ere azkar mugitu ditu hankak. Lehen atsedenaldi luzera 12-5 iritsi da aurretik. 

Handik bueltan ez da aldatu partidaren joera. Bere horretan jarraitu du Altuna III.ak, eta Jakari ez dio erasora pasatzeko aukerarik eman. Sufritzen aritu da lizartzarra, aurkariaren musikarekin dantzan, eta tantoa egin zezakeen aukera bakanetan ere ez du asmatu. 16-5ekoa izan da adibide garbiena. Alde batera eta bestera mugiarazi du Altuna III.ak, eta azkenean tantoa irabazleak berak egin du. 18-5ekoarekin iritsi da bigarren atsedenaldia. Azken txanpan, Jakak bizpahiru tanto eder egin ditu, baina amezketarra ez da bere tokitik atera. Ondo baino hobeto amaitu du partida (22-9). 

Titulua irabazita, lau eta erdian bigarren txapela izan du Altuna III.ak. Bosgarren finala jokatu du jarraian, eta jada bi txapel baditu etxean. Kontuan izan behar da oraindik 24 urte besterik ez dituela. Jakak, bestalde, pozik egoteko motiboak baditu, aurtengo urtean buruz buruko txapela eskuratu baitu, eta lau eta erdikoan bigarren postua. Penaz agertu da bukaeran. "Partida hau jokatzea ez da gutxi, baina pena daukat erraz galdu dudalako. Berak oso ondo jokatu du, baina nik ez dut ezertan asmatu. Joko azkar horretan aurrera egin dut beti, baina izan dira pilotakada batzuk atzera egin beharrekoak, eta zalantza asko izan ditut. Halere, hobetzen jarraitzeko ilusioa daukat". 

Lau eta erdikoa amaituta, datorren astean abiatuko da binakako txapelketa, eta gaurko bi protagonistak parte hartzaile izango dira. Datorren asteartean egingo dute aurkezpena, eta han emango dute bikoteen berri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.