Kaleratzeak

ITP Castingsek jakinarazi du bere «azken erabakia»: 87 kaleratze

Hasieran esanikoa baino 47 gutxiago dira, baina negoziazioetan eskainitako baino 10 gehiago. Sindikatuek auzitara jotzeko asmoa agertu dute.

Abenduaren 19an Barakaldotik Sestaora eginiko maniestazioa. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 30a
18:12
Entzun

ITP Aero Casting enpresako zuzendaritzak Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako (lehengo PCB) langileei jakinarazi die «azkenean» haietako 87 kaleratuko dituela —gehi beste hiru ad cautelam—, martxan jarritako enplegu erregulazioko espedientearen baitan. Hasieran esanikoa baino 47 gutxiago izango dira.

Hala izanik ere, enpresa batzordea oso haserre agertu da erabakiarekin, eta auzitara jotzea aztertzen ari dela jakinarazi du. Aurreko astean amaitu ziren negoziazioak, akordiorik gabe. Elkarrizketa epean, kaleratzeak 77raino jaisteko prest agertu zen zuzendaritza, baina sindikatu bakar batek ere ez zuen onartu proposamena. Negoziazioak «eszenaratze» bat baino ez direla izan salatu du enpresa batzordeak, zuzendaritzak erabakia aurretik hartua zuelako. «COVID-19ren krisia baliatu nahi izan du lehendik zituzten asmoak gauzatzeko: lantaldearen % 15 murriztea».

Langileen ordezkaritzak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio ahal duena egiteko kaleratzeak ekiditeko eta gogoratu dio duela lau urte ITPri laguntza ekonomiko bat eman ziola Sestaon lantegi berri bat sortzeko.

Batzordeak bilera batera deitu ditu erabakiak kaltetutako langileak, urtarrilaren 4arako eta azaldu du han erabakiko dutela zein «borroka tresna» jarriko dituen martxan, langileen kaleratzeak saihesteko. Era berean, sindikatuek jakinarazi dute beharginek 24 orduko greba egunei eutsiko dietela, eta zerbitzu juridikoak enplegu erregulazioko espedientearen inpugnazioa prestatzen ari direla.

Kaleratzeen baldintzak

Enpresak kaleratutako langileei 20 eguneko legezko kalte ordaina eman nahi die zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuta, eta gehienez ere 12 hileko soldatarekin. Halaber enpresak konpromisoa hartu du legez dagozkion baldintzetan 55 urte edo gehiago bete dituzten langileentzat Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi bat izenpetzearen kostua finantzatzeko. Batzordearen arabera, kolektibo horrek ez du dozena bat langile baino gehiago izango.

Era berean aldi baterako enplegu erregulazio txosten bat aurkeztuko du 2021 eta 2022 urteetarako, arrazoi ekonomiko eta produktiboengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.