'Brexit'-a

Behe lainoa itzuli da Mantxara

Erresuma Batuak Europako Batasunari lotuta egoteari utzi dio, 47 urteren ondoren bLehen eguna lasaia izan da mugetan, kontrolak areagotu eta zorroztu diren arren

Ferry bat Dovertik Calaisera, gaur goizean. NEIL HALL / EFE
Iker Aranburu - Ander Perez Zala
2021eko urtarrilaren 1a
20:38
Entzun

Behe lainoa itsasartean; kontinentea, bakarturik». Kondairak dio 1930eko egunkari ingeles batek titulu hori baliatu zuela behe-laino itxiak Mantxako itsasartean nabigatzea ezinezkoa egin zuen egun batean. Ez dirudi inoiz publikatu zenik, baina esaldiaren ironiak ezin hobeto erakusten du britainiarren zati batek nola ikusten duen Erresuma Batuaren eta Europa kontinentalaren arteko harremana. Bada, 47 urteren ondoren, behe laino hori itzuli egin da gaur Mantxako kanalera, Erresuma Batuak hautsi egin baitzuen 1973az geroztik Europako Batasunera lotzen zuen harremana. Behe-lainoa itzuli da, eta luzerako dago.

Brexit-a jada ez da kontserbadore talde batek amestutako eta prentsa eurofobo eta sentsazionalista batek elikatutako proiektu bat, baizik eta errealitatea, 2021. urtea hastearekin batera iraungi zelako azken 11 hilabeteetan Erresuma Batua EBra lotzen zuen haria —iaz atera zen ofizialki, baina trantsizio epe batean zegoen—.

Brexit-aren azken urteetako aurpegi ezagunenak, Boris Johnson oraingo lehen ministro britainiarrak, une historikoa aipatu zuen Urtezaharreko mezuan: «Aske gara EBko geure adiskideen aldean gauzak desberdin egiteko, eta beharrezkoa bada, hobeto. Askatasuna dugu, eta geure esku dugu ahalik eta etekin handiena ateratzea».

Askatasun horrekin zehazki zer egin behar duen ez du argitu Johnsonek, eta  badira EBrekiko erabat aske ez, baina Johnsonekiko eta Londresekiko aske bai izan nahi dutenak. «Eskozia aurki izango da bueltan; Europa, utzi argia piztuta», txiokatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Independentziari buruzko bigarren erreferendum bat antolatzeko asmoa du Sturgeonek, datorren maiatzean SNPk gehiengoa berritzen badu Eskoziako Parlamentuan.

Balizko erreferendum horrek zer ekar dezakeen jakin bitartean, egoera berriak aldaketa handiak ekarriko ditu Erresuma Batua osatzen duten nazioen eta EB barruan daudenen artean, tartean Euskal Herria. Hona aldaketa horietako batzuk:

Zer agiri beharko da Erresuma Batuan sartzeko?

Bisita laburretarako bada, EBko beste herritarrek ez dute bisarik beharko egonaldia gehienez sei hilabetekoa baldin bada; sei hilabetetik aurrera, hortaz, beharrezkoa izango da bisa bat eskuratzea. Aldiz, Erresuma Batuan sartzearen arrazoia hirugarren lurralde batera joatea bada, orduan ere ez da bisarik beharko.

Aurtengo urrira arte nahikoa izango da nortasun agiria erakustearekin; hilabete horretatik aurrera, ordea, pasaporte bat edo «bidaia dokumentu bat» erabiltzea beharrezkoa izango da, betiere eguneratuta baldin badago eta egonaldiak iraun bitarterako erabilgarria bada.

Erresuma Batuko Gobernuak ohartarazi du beste dokumentu batzuk erakustea ere beharrezkoa izan daitekeela. Hala, mugako zaindariek honakoak frogatzeko eskaria egin dezakete: bidaia turismo bisita bat izango dela; bidaiariak egonaldirako behar adina funts duela eta egonaldiak iraun bitarterako toki bat duela; herrialdetik ateratzeko bidaia ordaindu ahalko duela; eta bisitaren ostean Erresuma Batutik aterako dela.

Bidaiari bakoitzak tabako, alkohol eta janari kopuru mugatu bat soilik garraiatu ahal izango du tasarik ordaindu nahi ez badu. Haragirik eta esnekirik ezingo da eraman.  

EBko osasun txartelak balioko al du?

Ez. Hortaz, NHS Erresuma Batuko sistema publikoa erabiltzen dutenek beren artak eragindako  gastuak ordaindu beharko dituzte, edo aseguru pribatu bat kontratatu. Gidatzeko, berriz, guztiz baliogarriak izango dira EBko estatuetako gidabaimenak.

‘Roaming’-arekin, zer?

Herrialdea EBtik atera denez, sakelakoen tarifak aldatu egingo dira, eta roaming-a itzuliko da. Norberak bere konpainiari galdetu beharko dio zeintzuk izango diren aldaketak; halere, Londresek eta Bruselak operadoreei eskatuko diete «arrazoizko prezio gardenak» ezartzeko.

Eta Erresuma Batuan lan egin nahi dutenek?

Londresko gobernuak  puntuetan oinarrituriko migrazio sistema bat jarri du indarrean, eta honakoetan oinarrituko da: lan eskaintza bat izatea, hizkuntza menperatzea, soldata eta hezkuntza maila. Lanerako bisa bat lortzeko, gutxienez 70 puntu lortzea beharrezkoa izango da, eta horiek jasotzeko baldintzak gogorragoak edo malguagoak izango dira sektorearen eta soldataren arabera. Langile kualifikatuen kasuan, esaterako, lan eskaintza bat izateagatik 40 puntu emango dituzte, eta beste hamar hizkuntza menperatzeagatik; gainontzeko 20ak soldataren araberakoak izango dira, urteko gutxienez 25.600 liberakoa (28.210 eurokoa) izan beharko baitu.

Langile eskari handia dagoen sektoreetan soldata kopuruaren muga 20.480 liberakoa izango da (22.700 euro) —erizainen kasuan, adibidez—, eta doktoretza bat izateak ere puntu gehiago lortzeko balio dezake.

Finean, sistema berri horren helburua immigrazioa kontrolatzea da; zehazki, «Europako langileria merkearekiko dependentzia amaitzea», gobernuaren iragan otsaileko dokumentu baten arabera. Hortaz, langile kualifikatuak ez direnentzat zailagoa izango da Erresuma Batuan lan egitea.

Zer beharko da Erresuma Batuan bizitzeko?

2021 hasi arte han bizi zirenek beren eskubideei eutsiko diete, eta haien estatusa ez da aldatuko. Hori bai, EU Settlement Scheme delakoan eman beharko dute izena aurtengo ekainaren 30a baino lehen. Horretan ere badaude kontuan hartu beharreko xehetasunak: bost urte baino gutxiago daramatenek egoitza baimen mugatua jaso ahalko dute (pre-settled status delakoa), bost urteko epe hori bete eta egoitza baimen mugagabea eskatzeko (settled status). Azken hori lortzen dutenek Erresuma Batuan bizitzen jarraitu ahalko dute gainontzekoen eskubide berekin. Hortaz, bost urte baino gehiago bizitzen daramaten euskal herritarrek zuzenean egoitza baimen mugagabea eskatu beharko dute.

Gauzak zailagoak izango dira aurten Erresuma Batura bizitzera joan nahi dutenentzat. Puntuetan oinarrituriko migrazio sistema gainditu beharko dute, eta, horrez gain, herrialdean lan egiteko bisa bat eskatu beharko dute. Horrek ahalbidetuko die han bizitzea.

Eta han ikasteko?

Erresuma Batua Erasmus+ programatik atera da, «garestiegia» dela argudiatuta. Halere, hango unibertsitateek behin-behinean parte har dezakete programan, betiere funtsa 2020a amaitu aurretik esleitu badiete; kasu horretan, ikasleen mugikortasuna bermatuta egongo da 2021-2022 urte akademikoa amaitzen den arte.

Hori bai, Euskal Herriko ikasleek migrazio erregulazio berriei egin beharko diete aurre: gehienez sei hilabeterako badoaz, ez dute bisarik beharko; aldiz, egonaldiak urte erdi baino gehiago irauten badu, ikasle bisa bat eskatu beharko dute, eta 385 euroko kostua izango du. Kasua edozein dela ere, matrikulaziorako gastuak nabarmen handituko dira, Erresuma Batua programatik atera delako. Londresek iritzia aldatuko balu, aukera izango luke berriz Erasmus+ programan sartzeko, nahiz eta EBko estatu kide ez izan, Turkiaren, Islandiaren, Norvegiaren eta Serbiaren kasuan bezala.

Ingelesa ikasteko egonaldien kasuan, berriz, epe laburreko ikasketa bisa bat izango da beharrezkoa, Short-term study visa delakoa.

Zer gertatuko da merkataritzan?

Azken unean, Brusela eta Londres gai izan ziren merkataritza librerako akordio bat lortzeko. Erresuma Batuko Parlamentuak asteazkenean onartu zuen, larrialdiko prozedura baten bitartez, eta hemendik aste gutxi batzuetara gauza bera egin beharko luke Europako Parlamentuak. Bitartean, behin-behinean sartu da indarrean. Akordio horren bitartez, ez da muga-zergarik eta kuotarik izango bien artean. Hau da, EBk Erresuma Batura doan produktuak, edo alderantzizko bidea egiten duenak, ez duela aduanan ezer ordaindu beharko, eta ezingo dela kopuru batera mugatu.

Edonola ere, Erresuma Batua , EBko merkatu bakarretik eta aduana batasunetik kanpo egongo da. Horrek esan nahi du produktuak ezingo direla besterik gabe batetik bestera igaro: muga bat zeharkatu beharko dute, eta kontrolak igaro beharko dituzte.

Zer ondorio izango  dute kontrolek?

«Ez zaitezte engaina. Gaurdanik, Erresuma Batuarekin edo haren bitartez negozioak egiten dituenak errealitate berri bat izango du: aduanako kontrolak, osasunekoak eta albaitarienak elikagaiak tartean daudenean, esportazioen deklarazioak, osasun agiriak, araudiei buruzkoak; horrek dakartzan paperekin eta kostuekin». Argi da Simon Coveney Irlandako Atzerri ministroak atzo egindako oharra: garestia aterako da lan eta kostu aldetik Erresuma Batua merkatu bakarretik ateratzea. Agian beste inork baino gehiago pairatuko du Irlandak, hark duelako merkataritza harreman estuena Erresuma Batuarekin. Zorionez berarentzat, Ipar Irlanda egoera berezian egongo da, merkataritza aldetik EBri lotuta jarraituko baitu, Ostiral Santuko bake akordioa ez arriskuan jartzeko eta iparraren eta hegoaren arteko harreman gero eta estuagoa ez hausteko.

Lehen eguna lasaia izan zen Irlandako Errepublikako portu nagusietan, Urte Berria izanik kamioi gutxi batzuk ez zirelako iritsi Galestik zihoazen ferryetan. Baina arazoak datorren astean iritsi daitezke. «Atzerapenak izango dira, eta ezingo da eragotzi Dublingo portuan kaosa sortzea hurrengo egunotan», iragarri du Eugene Drennan Irlandako garraio patronaleko buruak.

Egoera barea izan zen Ingalaterra hegoaldeko portuetan ere, eta horrela lortu zuen Boris Johnsonek nahi zuen argazkia: brexit patxadatsuarena. Doverren eta Folkestonen ez ziren joan den asteko irudiak errepikatu, koronabirusaren mutazioaren ondorioz  Frantziak mugak itxi eta kamioien ilada luzeak sortu zirenean. Kamioi gutxi eta aise zirkulatzen.

Egoera bertsua izan zen kontinentearen sarrera nagusian, Calaisen (Frantzia). 10:15ean iritsi zen lehen ferrya, Pride of Kent eta 36 kamioi jaitsi ziren bertatik: 33k bidea jarraitzeko argi berdea jaso zuten, bidaiak iraun bitartean aduanen arduradunek haien paperak Internet bidez aztertu eta egokitzat jo zituztelako; beste hiruek argi laranja izan zuten eta zorrotz aztertu zituzten mugazainek. Argi gorria dutenei ez diete utziko muga igarotzen, baina atzo ez zen halakorik izan.

Hurrengo asteak baino, otsailetik aurreragokoek kezkatzen dituzte portuetako arduradunak, ordurako espero baitute trafikoak bere ohiko martxa berreskuratzea. Izan ere, brexit-aren aurretik biltegiak betetzen aritu ziren EBko produktuak edo osagaiak behar dituzten enpresek, eta stock hori hustu arte trafiko gutxiago espero da. Egunero, batez beste, 12.000 kamioik gurutzatzen dute Mantxako itsasartea.

Edonola ere, bada beste faktore bat kontuan hartu behar dena: zer punturaino izango dira zorrotzak kontrolak? Londresek jada esan du lehen hilabeteetan oso malgu jokatuko duela, bere enpresei tramiteak egiten ikasteko denbora eman nahi dielako —eta azpiegiturak prest ez dituelako—. Kalkulatu duenez, enpresa txikien erdia ez da egokitu, eta askok ez dute esportatzeko baimenik ere eskatu. Kamioilariek ere baimen berezi bat beharko dute alde batetik bestera joateko. Ikusteko dago EBk edo haren kide diren estatuek zer nolako jokaera duten.

Zalantzetako bat zen zer gertatuko den Gibraltarren, baina azken orduan Erresuma Batuko eta Espainiako gobernuak ados jarri dira: herritarrak libre mugitu ahal izango dira lurretik, eta kontrolak aireportuan eta portuan izango dira. Ondasunen trafikoari buruz negoziatzen jarraituko dute.

Eta epe luzera?

Zaila da jakitea zenbat, baina pentsatzekoa da kontrolek gutxitu egingo dutela EBren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza. Arrain freskoen alorrean, esaterako, enpresa txiki asko kexatu egin dira kontrolen ondorioz beren produktuek behar baino denbora gehiago beharko dutela mugak igarotzeko, eta, agian galduko direla.  

Euskal Herrian eragina izan dezake egoera berriak, Erresuma Batua bazkide komertzial handia delako. 2019an, Hego Euskal Herrien esportazioen %8,4 joan ziren hara, ia 3.000 milioi euro —autoetarako osagaiak, makinak, ardoa...—; inportazioak gutxiago dira, %2,9 edo 750 milioi euro.

Aldaketak are handiagoak izan daitezke baldin eta etorkizunean Erresuma Batuak erabakitzen badu bere ingurumen, lan edo estatu laguntzei buruzko araudia aldatzea. Izan ere, akordioa lortzeko traba nagusia izan da Bruselak joko zelai orekatua nahi zuela, hau da, ez ziola bere merkatu zabala ireki nahi araudi malguagoekin merkeago ekoitz zezakeen lehiakide bati. Azkenean, Londresek lelo hori onartu du, eta antzeko araudiak izango dituzte bi aldeek, aldi baterako behintzat. Baina halaber hitzartu dute batek araudiak biguntzen baditu, besteak eskubidea izango duela muga-zergak ezartzeko produktu batzuetan. Hau da, orain ez, baina etorkizunean traba gehiago izan ditzakeela merkataritza harremanak.

Arrantza kontuetan, zer hitzartu dute?

Akordioa lortzeko beste traba nagusia izan da, ekonomikoki sektoreak eskualde gutxi batzuetan inportantzia besterik ez badu ere. Baina arrantza ikurra izan da Johnsonentzat, «berreskuratutako subiranotasunaren» bandera bilakatu da bere kostalde oparoen kontrola berreskuratzea. Baina, aldaketa samurtzeko, bost urte eta erdiko trantsizio epe bat zabalduko da; horretan, EBko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako kalak baliatu ahal izango dituzte, baina batez beste %25 gutxitu beharko dituzte harrapaketak. Epe hori igarota, kuota batzuk lortzeko negoziatu beharko du EBk,Norvegiarekin egiten duen moduan.

Hegazkinei buruz?

Hegan egiteko eskubideei eutsiko diete hegazkin konpainiek, baina mugekin, alde bateko zein bestekoek ezingo baituzte bestearen bi hiri lotu. Praktikan ez da ezer aldatuko, muga hori gainditze aldera, EBko adarrak sortu dituztelako konpainia britainiarrek, eta alderantziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.