Autogintza

Bat egitea onartu dute Peugeotek eta Fiatek

'Stellantis' izena hartuko du enpresa berriak, urtarrilaren 16an.

PSAren eta FCAren logoak. EFE
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 4a
19:35
Entzun

2021. urteak autogile handi baten sorrera ikusiko du: Stellantis. Izen hori aukeratu dute Peugeot Citroenek (PSA) eta Fiat Chrysler Automobiles (FCA) beren bat egiteak eratuko duen enpresa berriarentzat.

PSAren eta FCAren akziodunen batzarrak gau bildu dira fusioari azken oniritzia emateko, eta hala egin dute, ia aho batez. Tramiteak amaitu ondoren, Stellantis urtarrilaren 16an jaioko da.

Salmenta aldetik, Europako auto konpainia handienetan bigarrena izango da eta munduko laugarrena —VW taldea, Toyota eta Renault-Nissan-Mitsubishi batasuna izango ditu aurretik—. Europan eta Ipar eta Hego Amerikan indar handia izango du, baina pisu txikiagoa du gehien hazten ari den merkatuan, Asiakoan.

Stellantisek 400.000 langile inguru izango ditu, eta hamalau marka, haien artean Peugeot, Citroen, Opel, Fiat, Jeep, Chrysler, Dodge, Alfa Romeo eta Maserati.

Bruselaren baldintzak

PSAko oraingo buru Carlos Tavares izango da konpainia berriko kontseilari ordezkaria; presidentea, berriz, John Elkann, FCAko oraingo lehendakaria. Elkann Fiat familiakoa da, eta hura izango da Stellantisen akziodunen artean handiena.
2019ko urrian iragarri zuten bi autogileek bat egin nahi zutela, baina aurtengo abendura arte ez die baimena eman Europako Batzordeak. Stellantisek furgoneta txikien alorrean oso merkatu kuota handia duela (%34) onartu du Bruselak, baina ontzat hartu ditu konpainiaren konponbideak: jarraitu egingo du Toyota markako furgoneta txikiak ekoizten, eta ez dizkie trabak jarriko beste marketako furgonetei bere tailerretan.

Toyota eta PSA bazkide izan dira azken urteetan furgoneten alorrean, baina baita auto txikien ekoizpenean ere. Haien modelo txikienak —Peugeot 108, Citroen C1 eta Toyota Aygo—. Txekiar Errepublikako Kolin hirian egin izan dituzte 2002. urtetik. Fabrika hori erabat Toyotaren esku geratu da urtea hastearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.