Zenbat txerto jarri dira orain arte?

Nahasmena sortu dute Espainiako Osasun Ministerioak eta Hego Euskal Herriko administrazioek txertaketari buruz emaniko datu kontrajarriek

Erizain bat, COVID-19ren aurkako txertoa prestatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 5a
12:38
Entzun

Abenduaren 27an hasi zen COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina Europa osoan. Ordutik, jarritako txertoen berri eman dute herrialde askok egunez egun. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere atzo arratsaldean eman zituzten lehen datuak. Ipar Euskal Herrian, berriz, txertaketa kanpainaren hasiera ostegunera arte atzeratu dela azaldu zuen ARS Eskualdeko Osasun Agentziak.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen txertoaren 6.000 dosi jarriak zituela jada (jasotakoen %75), eta Nafarroako Gobernuak, berriz, 1.835en berri eman zuen (%26,3). Ia 8.000, beraz. Atzo arratsaldean, baina, datu propioak eman zituen Espainiako Osasun Ministerioak. Eta ez zetozen bat Jaurlaritzak eta Nafarroak emanikoekin.

Ministerioaren arabera, jarritako txerto guztiak automatikoki azaltzen dira pazienteen historia klinikoan, eta gero, informazio hori igortzen da RegVacu izeneko plataforma digitalera. Atzo 17:00etan argitaratutako txostenean, baina, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zenbatutako dosiak baino askoz gutxiago azaltzen ziren plataforma horretan: Ministerioaren webgunean irakurgai dagoen informazioaren arabera, 396 txerto jarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (%1,3), eta 1.583 Nafarroan (%22,7).

Osasun Saila: "Datu okerra da"

Datuen arteko talkaren harira, ohar bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horren arabera, Espainiako Osasun Ministerioaren txostenean azaltzen den datua "okerra" da, eta lehen eguneko dosiei dagokie soilik. Abenduaren 27an jarritakoei, alegia.

Atzo emaniko datuari eutsi dio Osasun Sailak [6.000 txerto], eta azaldu du administrazioen arteko desorekaren jatorria izan daitekeela "informazioa aktualizatzeko data ezberdinak" erabili izana. Oraingoz, Osasun Ministerioak ez du bestelako daturik eman eta Jaurlaritzak datorren ostegunean emanen ditu txertaketa kanpainaren inguruko xehetasun gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.