Hegazkigintza

Lan Ikuskaritzak Aernnovako erregulazioa bertan behera utz dezala eskatu dute langileek

Bederatzi greba egunetara deitu dute kaleratzeak salatzeko, eta gaur hasi dira protestaldiarekin

Aernnovako langileen protesta ekitaldi bat. DAVID AGUILAR / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 7a
13:38
Entzun

Aernnovako langileek enpresak onarturiko erregulazio espedientearen aurka borrokatzen jarraitzeko asmoa dute. Negoziazio epea akordiorik gabe bukatu ondoren, bederatzi greba egunetara deitu dute urtarrilerako. Protestaldiak helburu jakin bat du: Lan Ikuskaritzak erregulazioa atzera bota dezala, langile batzordearen iritziz ez baitago horrelako neurri bat hartzeko arrazoirik. Ikuskaritzaren ebazpena urtarril erdialderako espero dute, eta haren arabera erabakiko dute epaitegietara joko duten ala ez.

Hegazkinentzako osagaiak ekoizten dituen enpresak abian jarritako erregulazioak bere bideari jarraitzen badio, 55 kaleratze eragingo ditu Berantevillako plantan (Araba). Sindikatu eta enpresen arteko negoziazio epea abenduaren 18an amaitu zen, akordiorik gabe, eta enpresak 82 kaleratze egitea erabaki zuen. Orduan epe bat ireki zuen erretiro aurreratuak eta ordainduriko kaleratze eskaerak jasotzeko, eta 27 langilek onartu zituzten. 82ei horiek kenduta irteten da 55 kaleratzeen kopurua.

Langile batzordearentzat, baina, edozein kaleratze gehiegi da. Negoziazio epe osoan defendatu zuten egungo krisia behin-behinekoa dela, «koiunturala», eta aldi baterako neurriak aski direla enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Zuzendaritzak, baina, ez zituen onartu, eta langileek orain Lan Ikuskaritzan dute itxaropena. Alde horretatik, batzordeak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren dei bat jaso dutela beste bilera bat egiteko.  

Protestaldiari dagokionez, langile guztiek egin dute greba lehen egunean. Hurrengo lanuzteak datorren arteko astearte eta ostegunean egingo dituzte; urtarrileko azken bi asteetan, berriz, astelehenean, asteazkenean eta ostiralean egingo dituzte grebak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.