Zinema eta zientzia

Hamar film proiektatuko dituzte laugarren 'Zinema eta Zientzia' zikloan

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center erakundeak eta Donostiako Zinemaldiak hamar film luze programatu dituzte Donostiako Tabakalera zentroan eta Bilboko Arte Ederren Museoan. Saio horiekin batera, aurkezpen eta solasaldi ugari ere egingo dituzte, eta nazioarteko zientzialari entzutetsuek aurkeztuko dituzte.

Gaurtik martxora bitarte, hamar film proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan, 'Zinema eta Zientzia' zikloan. JON URBE / FOKU
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 7a
14:34
Entzun

Pandemia baten eraginpean eta segurtasun neurriak garrantzitsuak diren garaian: testuinguru horretan aurkeztu dute laugarren Zinema eta Zientzia zikloa. Euskadiko Filmategiak, DIPC Donostia International Physics Center erakundeak eta Donostiako Zinemaldiak elkarrekin antolatzen dute ekimena, eta kultura zinematografikoa eta zientifikoa uztartzen ditu. Hamar film proiekzio, bi saio berezi eta solasaldi ugari egingo dituzte, eta bihar proiektatuko dute lehena, Donostiako Tabakalera zentroan: Indiako Srinivasa Ramanujan matematikariari buruzko The Man Who Knew Infinity filma emango dute, eta Bilbon ere ikusgai izango da urtarrilaren 8an, Arte Ederren Museoan.

Gainerako aldietan bezala, proiekzio bakoitzarekin batera nazioarteko zientzialari batzuen aurkezpen ugari izango dira, eta Pedro Miguel Etxenike fisikariak emango dio hasiera hiru hilabete iraungo duen zikloari. Joxean Fernandez Filmategiko buruak esan duenez, zientzia eremuekin «lotura estimulatzaileak» bilatu asmoz itzuli da ekimena, eta, beste behin ere, aurtengo egitarauak modu eklektikoan konbinatuko ditu egungo filmak eta klasikoak. Etxenikerekin batera, beste hainbat zientzialari eta zientzia dibulgatzaile ere izango dira solasaldietan, besteak beste, eta pandemiak baldintzatuta hein batean, euskal herritar ugari.

Pandemiaren gaia, presente

Proiekzioak pandemia garaian egingo direnez, ez dituzte kanpoan utzi testuinguru horri lotutako filmak. Robert Wisen The Andromeda Strain filma da horietako bat, eta ia biztanleria guztia hil duten mikrobio hilgarri batzuei buruzko ikerkuntza du abiapuntu. Steven Soderberghen Contagio lanak ere gaur egungoaren antzeko testuinguru bat deskribatzen du, eta, horrela, gogoetarako aukera eskaintzen.

Donostian eta Bilbon ez ezik, Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere izango da aukera hiru film ikusteko, Le Select aretoan –orain itxita dago, segurtasun neurri murriztaileak direla eta–. Film guztiak 18:00etan emango dira, bat izan ezik: Woman in the Moon; film hori 17:00etan proiektatuko dute, ia hiru ordu irauten duelako. Azken aldian bezalaxe, ikasleentzat ere saioak antolatu dituzte: otsailaren 9an eta martxoaren 9an Donostian egingo dituzte, eta otsailaren 16an eta martxoaren 16an, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.