Koronabirusa

Maiatz amaierara arte luzatuko dituzte aldi baterako erregulazioak

Espainiako Gobernuak, sindikatuek eta enpresaburuek baldintzak negoziatzen jarraitu dute.

Edari banatzaile bat Gasteizko taberna batean. DAVID AGUILAR (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 8a
17:24
Entzun

Espainiako Gobernuak proposatu du maiatz amaierara arte luzatzea enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen (ABEE) egungo araudia, COVID-19a dela-eta moldatutakoa. Urtarrilaren 31era arteko iraungitzen data zuen, eta hori beste lau hilabetez lutzatzea «ongi» ikusi dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak —haren kide dira Confebask eta CEN—.

Ziurtzat jotzen zen erregulazioak luzatuko zituztela; hala egingo zuela esana zuen gobernuak. Maiatzaren 9an amaituko da berak ezarritako alarma egoera, eta hortik haratago luzatzeko eskatu zioten. Gobernuak azaldu duenez, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko ditu ondorengo neurriak.

Argi ez dagoena da araudian aldaketak egongo diren ala ez. Aldeek proposamen batzuk egin dituzte, patronalak bereziki. Horri buruz ez dute akordiorik lortu oraindik, eta astelehenean bilduko dira berriro.

Patronalaren eskaerak

Egungo araudian, aldi baterako erregulazio ezberdinak daude. Funtsean, bitan banatzen dira: ezinbesteko arrazoiengatik jarduerarik egin ezin dutenak eta beren jarduna mugatu dutenak. Duela aste batzuk gobernuak aldaketa batzuk egin zituen dekretu bidez, eta ezinbesteko arrazoiengatik erregulazioa eskatzeko baimena eman zien kanpoan geratu ziren sektore batzuei, hala nola ostalaritzari, edarien banatzaileei, dendei eta apustu aretoei.

Erregulazioak era batekoak ala bestekoak izan, enpresariek gehiago ala gutxiago ordaindu behar dute beren langileengatik Gizarte Segurantzan. Patronalaren eskari nagusia da erregulazioan jarritako langileen Gizarte Segurantzaren kotizazio guztiak estatuak bere gain hartzea. Hala izan zen pandemiaren hasieran, konfinamenduak iraun zuenean, baina gero gobernuak kotizazioen gero eta zati handiagoa utzi nahi izan du enplegatzailearen esku, hartara enpresak bultzatzeko langileak berriro hartzera eta jarduera normaltzera.

Enpresarien elkartea beste beste puntu batekin dago tematuta: erregulazioa eskatu duen enpresa batek ezin du inor kaleratu egoera horretatik atera ondorengo sei hilabeteetan, ez bada hartzekodunen konkurtso baten arriskuan dagoelako. Eta egingo balu, jasotako laguntza guztiak itzuli beharko lituzke. Soilik kaleratutako langileari legokiokeen laguntzen zatia kentzea proposatu du patronalak. Sindikatuek dagoen moduan nahi dute puntu hori eta Lan Ministerioak ere ez du aldatzeko asmorik.

Funtsezko tresna

Erregulazioak funtsezkoak izan dira langabeziaren poltsak eztanda egin ez zezan. Urtearen amaieran, 50.000 lagun zeuden ABEE batean. Martxoan, 235.000 ere izan ziren, baina kopuruak behera egin zuen nabarmen urrira arte —26.000 geratzen ziren—. 2020ko azken bi hilabeteetan berriro gora egin du, batik bat tabernak eta jatetxeak itxita egon direlako hainbat astez, eta ondoren muga handiekin ireki dituztelako. Azken asteetan COVID-19 kasuek berriro gora egiteak pentsarazten du sektore ekonomiko askok muga handiekin funtzionatuko dutela hurrengo asteetan eta hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.