Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dute alderdi, sindikatu eta gizarte eragileek

Maddalen Iriarte(EH Bildu), Nekane Altzelai (Foro Soziala) eta Jone Goirizelaia (EH Bildu), gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN (FOKU)
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 9a
15:24
Entzun

Sarek goizean Euskalduna jauregian (Bilbo) egindako ekitaldiaren ondoren mintzatu dira horretara bildu diren alderdi, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariak, eta salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dute.

«Salbuespenezko eta mendekuzko espetxe politika aldera batera utzi behar da», nabarmendu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. «Gainera, presoak hurbiltzen ari diren honetan, iruditzen zaigu erabat arbitrarioa dela batzuk Euskal Herrira ekartzea, eta beste batzuk oraindik ere Euskal Herritik urrun geratzea. Uste dugu horrek berehala aldatu behar duela. Bada ordua presoak etxera ekartzeko, eta presoak askatzeko irtenbide integral bat bilatzeko».

EH Bilduren eledunak eskerrak eman dizkio Sareri, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko «salbuespenezko egoera honetan egindako ahaleginagatik».

Irune Berasaluze EAJren legebiltzarkideak eskatu dio Espainiako Gobernuari «salbuespenezko politika» amaitzeko «lehenbailehen». Iruditzen zaio horrek «birgizarteratzea» erraztuko lukeela, baita «iraganaren berrirakurketa kritiko bat» eragin ere.

Miren Gorrotxategi EP-IU Elkarrekin Podemosen legebiltzarreko bozeramaileak «mendekuan eta salbuespenean» oinarritutako espetxe politika salatu du, eta defendatu «giza eskubideak irizpide» dituena, «senideek ordaindu ez ditzaten haien senideen akatsak».

Sindikatuak

ELA sindikatuko Leire Txapartegik kritikatu du euskal presoek jasaten duten eskubideen «urraketa sistematikoa», eta gogoratu du ETA orain urte batzuk desegin zela. «Ez dago aitzakiarik espetxe politika arrunta ez ezartzeko». Oroitu du euskal presoak Euskal Herritik urrun egoteak «areagotutako sufrikario bat» eragiten duela, eta ohartarazi du «bakean eta bizikidetzan» aurrerapausoak emateko «behin betiko konponbide bat» jarri behar dela mahai gainean.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiarentzat, 2021ak izan behar du presoen auziaren konponbideari «bultzada erabakigarria» emango zaion urtean. «Hurbilketa batzuk egon dira, baina iruditzen zaigu aurrerapauso gehiago eman behar direla, eta azkarrago. Salbuespenezko espetxe politikak bukatu behar du». Pentsatzen du, gainera, «beharrezkoa» dela «presoen etxeratzea definituko duen» plan bat osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.