«Itxaropena errealitate» bihur dadin, «bultzada» eskatu du Sarek

Ordezkaritza zabal baten parte hartzeaz, ekitaldia egin dute Bilboko Euskalduna jauregian, arratsaldeko manifestazioen atariko. Bortz korapilo askatzea lehentasunezkotzat jo du Sarek: urrunketaren bukaera, gaixo larrien etxeratzea, gradu progresioa, baimenak eta 7/2003 Legea.

Bilboko Euskalduna Jauregian gaur goizean egindako ekitaldiaren une bat. @SARE_HERRITARRA
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2021eko urtarrilaren 9a
12:28
Entzun

Sarek, Bake Bideak eta Bakegileek deituta euskal presoen aldeko protestak eginen dituzte gaur arratsaldean Euskal Herriko 239 hiritan, herritan eta auzotan, eta, horien atariko, ekitaldia egin du Sarek goizean Bilboko Euskalduna jauregian. Hego Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkaritza zabala elkartu da: EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta Geroa Baiko ordezkariek parte hartu dute, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuetako ordezkaritza bat ere han izan da, eta deialdiarekin bat egin dute Kataluniako alderdi zenbaitek eta beste hainbeste norbanakok. Han izan dira, adibidez, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Quim Torra Kataluniako presidente ohia.

Lehenik, Paul Riosek eta Nekane Altzelaik hartu dute hitza ekitaldian, eta, ondotik, Sare herritarrak berak zabaldu du bere mezua. Mugimenduak azpimarratu du «itxaropena sortzen duen» garai bat dela oraingoa presoen alorrean, baina esperantza hori «errealitate izan dadin tinko eta guztiok elkarrekin bultza egitea ezinbestekoa» dela nabarmendu du.

Presoen eskubideak errespeta daitezen bortz puntutan jarri du arreta Sarek: «Urrunketa politikaren behin betiko amaiera; gaixotasun larriak dituzten presoen etxeratzea; gradu progresioa; espetxe baimenak; eta 7/2003 Lege Organikoaren kudeaketa». Horiexek izanen dira, hain zuzen, datozen hilabete eta urteetan Espainiako Estatuan dauden presoen arloan zer errana emanen duten korapiloak. Mugimenduak gogoratu du Espainiako Estatuko presoen %65 lehen graduan daudela oraindik, nahiz eta «gehienek ia 30 urte» egin dituzten preso. Gradu progresioari esker kalean behar lukete horietako anitzek jada, kondenaren hiru laurdenak beteak baitituzte. Halaber, Sarek nabarmendu du 7/2003 legearekin kondenatutako 67 preso daudela, eta «biziarteko kondena ezkutua» dutela, berrogei urtera arteko zigorrak dituztelako. Urruntzea, berriz, euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean bukatuko dela ohartarazi du presoen aldeko mugimenduak. «Espetxeen arloan ematen ari diren mugimenduek itxaropentsuak izan arren», beraz, «egoera ez da lasai egoteko modukoa», Sareren ustez.  

Aitzina egiteko «gakoa legezkotasunaren, gizatasunaren eta gizarteratzearen printzipioak gailentzea, eta arbitrariotasuna eta komenentzia alde batera uztea» dira, Sareren hitzetan, eta bide horretan bidelagun izateko gonbita egin diete ekitaldira bildutakoei: «Bide luzea dugu egiteko. Eta zuekin batera egiten jarraitu nahi dugu, aurrera egiteko modu bakarra baita. Premiazkoa da garai hau aprobetxatzea urrats sendoak emateko, atzera bueltarik gabe».

Arratsaldean, mobilizazioak

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa abokatuek eta Sareko bozeramaileek agerraldi bat egin zuten atzo Bilbon, eta jakinarazi zuten egingo diren mobilizazioek «inoizko ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabalena» izango dutela.

Mobilizazio gehienak eta esanguratsuenak gaur arratsaldean egingo dira. Bilbon 16:30ean hasiko da Plaza Eliptikotik (Moyua Plaza) manifestazioa, eta 17:30ean amaituko da udalaren aurrean, ekitaldi nagusiarekin. Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak eta Amaia Goirigolzarri abokatuak hartuko dute hitza. Baionan, berriz, giza kate argitsu bat egingo dute, eta Errobi ibaiaren inguruak argiztatzea izango da helburu, Aturriraino, zortzi eremutan banatuta, Argi Dugu lelopean. Bake Bidean mugimenduak emandako informazioaren arabera, 18:00etan izango da giza katearen hasiera, eta 18:30ean amaituko da. Gainera, azpimarratu zuen egitasmoarekin bat egin dutela, besteak beste, kultur, ekonomia eta politika arloko zenbait eragilek eta norbanakok. Esaterako, 120 hautetsik baino gehiagok eman dute izena giza katean, eta horien guztien izenean Jean François Irigoyen Donibaneko auzapezak eta Chantal Erguy Aiziritzekoak (Nafarroa Beherea) hartuko dute hitza. Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoien bakegileek ere hitz egingo dute.

Beste mobilizazioei dagokienez, Araban hamazazpi herritan egingo dira, eta, Sareren arabera, ekitaldi esanguratsuenak Gasteizkoa, Aguraingoa, Urduñakoa eta Laudiokoa izango dira. Bizkaian, 74 herrik egin dute bat, eta, besteak beste, Elorriokoa, Lekeitiokoa eta Portugaletekoa nabarmendu dituzte. Gipuzkoan, 69 herrik egin dute bat aldarriarekin, eta Hernanikoa, Azpeitikoa eta Arrasatekoa azpimarratu dituzte, besteak beste. Azkenik, Nafarroan 78 lekutan egingo dira mobilizazioak, eta Iruñeko Alde Zaharrekoa, Tafallakoa eta Etxarri Aranatzekoa izan daitezke ikusgarrienetako batzuk.

Kaleak jendez betetzea espero dute antolatzaileek. «Ez pandemiak, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusita aurten ere milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketak amaitzeko, eta Euskal Herrira itzultzen hasteko deialdiarekin, bizikidetzaren eta bakearen alde», adierazi zuen Sarek. Gainera, erantsi zuen mobilizazio guztiak osasun adituek ezarritako argibideak kontuan hartuta egingo direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.