Sevilla 3-2 Reala

Nagiak jota zelairatu da Reala

Txuri-urdinak makal aritu dira Sevillaren aurkako partidako bi zatien hasieretan, eta kondenatu egin ditu horrek. Etxekoen bi hutsek arnasa pixka bat eman diote Imanolenei, baina alferrik: galdu egin du.

En-Nesyri, Realari sartutako gol bat ospatzen. Sevillako aurrelariak egin ditu bere taldearen hirurak. JULIO MUñOZ / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 9a
17:21
Entzun

Ohartarazpen argia egin du gaurko BERRIAn Imanol Etxeberria atezain ohiak. Julen Lopetegik entrenatzaile gisa egindako lehen urratsak bertatik bertara bizi izan zituen Rayo Vallecanon, eta esan zuen Asteasun jaiotako prestatzaileak zer ezaugarri zituen teknikari modura: «Orain jartzen duen gogo hori bazuen orduan ere. Indarra zuen. Ariketetan, kontzentrazio arloan... Beti esaten zuen jokoan sartuta egon behar zela». 

Ez da oker aritu Etxeberria. Sevilak bere egin du prestatzailearen grina hori, eta bizi zelairatu da Realaren aurkako partidako bi zatien hasieretan. Ezin gauza bera esan txuri-urdinengatik. Realak lehen eta bigarren zatien hasieran jokatu du eskasen, eta garesti ordaindu du hori: 3 eta 2 galdu du.

Nagiak jota zelairatu da Reala. Lehendabiziko minuturako atzean zulo handia utzi du Imanol Alguacilen taldeak, eta aurkariak gertu egon dira hasi orduko gola sartzeko. Ez dute sartu, baina berehalakoan jarri dira markagailuan aurretik. Izan ere, hirugarren minutuan 1-0ekoa sartu du Sevillak. Susok ezker hegaletik egindako jokaldi batean, Fenandok En Nesyrirekin jokatu du, eta aurrelariak ez du hutsik egin. Realaren defentsa eraberrituak —Le Normand eta Monreal falta ziren— makal ekin dio neurketari, eta larrutik ordaindu du.
 
Dena den, zorte kolpe batek ia segidan lagundu du Reala. Txuri-urdinek baloia jokoan jarri orduko erasora egin dute; baloia gidatuko zuenik gabe zela, Diego Carlosen oinetara heldu da. Alexander Isakek presio egin dio, eta atzelari brasildarrak bere atean sartu du gola. Hasierako kamustasunari neurria hartzeko moduan izan da Reala.

Espejismo hutsa izan da, ordea. Joan-etorriko neurketa bat irudikatua zuen Sevillak, baina ezta hori ere; erraztasun gehiegi eman dizkio Realak, eta, etxekoen hutsak huts, Lopetegiren taldeak erakutsi du partidari hobeto heldu diola. Haiek izan dira une oro arriskuko jokaldiak sortzen aritu direnak.

Halaxe heldu da etxekoen bigarrena ere. Realak neurketa orekatzea lortu eta bi minutura erasora egin du Sevillak. Espainiako taldeak Fernandoren bidez egin du aurrera: hark jokatu du Rakiticekin, eta kroaziarrak Jordanekin antolatu du berriz ere Lopetegirenak aurretik jartzeko jokaldia. Jordanek area ertzean hartu duen baloia En-Nesyriri eman dio, eta marokoarrak bigarrena sartu du. Markagailuan seigarren minutu adierazi duenerako, halakoxea izan da egoera: Sevillak 2. En-Nesyirik sartuak biak, eta Realak bat.

Zoramen betean zeuden bi taldeak, eta garesti ordaindu dute hori. Ordu laudena betetzeko zela urrats bat egin du Realak; aldeko korner bat izan dute donostiarrek; bigarren zutoinean zegoen Isak, solte, eta hark jotako baloia sareetara heldu da. Lau akatsek beste horrenbeste gol batu dituzte markagailura.

Binako berdinketak arnasa pixka bat eman dio norgehiagokari. Bi taldeak ez ziren gai beren onena erakusteko, baina Sevilla apur bat bizkorrago aritu da jokoan. Hirugarrena sartzeko gai ere izan dira Lopetegirenak, eta horretek eman die garaipena.

Ez da beren merituengatik izan, ordea. Beste behin, nagikeriak jota zelairatu da Reala. Bigarren zatia hasi orduko kontrolpean izan zezakeen baloi bat galdu du Merinok, eta horrek kondenatu ditu txuri-urdinak. Zelai erdian trakets aritu da Merino; saiatu da Sevillako zenbait jokalariren artetik baloia jokatuta ateratzen, baina kale; galdu egin du hura, eta En-Nesyrik bere hirugarren gola sartu du. Donostiarren bizkar hat-trick bat egin du.

Gero, partidak ez du askoz gehiagorako eman. Imanol Alguacil saiatu da aldaketen bidez bere taldea suspertzen, baina ezer gutxitarako balio izan dio horrek: «Azkenaldi honetan ez gabiltza eroso, batik bat, baloirik gabe. Nahiz eta aurkari on bat izan aurrean, beste era batera jokatu behar dugu. Bestela, zaila izango da partidak aurrera ateratzea». Gaur ez du aurrera atera Realak, hein handi batean, bi zatien hasiera eskasengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.