693 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

12.075 proba egin dira Hegoaldean, eta egindako proba guztien %5,74k eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, 410 pertsona daude erietxeetan, eta, beraz, handiagoa da ospitaleetako okupazioa.

Baheketa bateko irudia, Zaldibarren (Bizkaia). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 11
13:08
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, 12.075 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horietatik 693 positibo detektatu zituzten. Hain zuzen, egindako proba guztien %5,74k eman zuten positibo, eta, beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gutxieneko markatik —%5ekoa da— gora dago oraindik ehunekoa.

Lurraldeetako egoerari dagokionez, eta aurreko egunetako joerari segituz, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehienak. Jaurlaritzak eman dituen datuak oinarri hartuta, 322 kasu detektatu zituzten atzo lurralde horretan, eta eremu gorrian daude, gaur-gaurkoz, Amorebieta-Etxano, Bermeo eta Lekeitio. Gipuzkoan, 166 positibo erregistratu zituzten, eta Andoain, Beasain, Lazkao, Villabona eta Zumaia daude okerren, Jaurlaritzak ezarritako irizpideen arabera. Nafarroan 133 izan dira positiboak, eta Araban, 67. Araban, Agurain dago eremu gorrian.

Erietxeetan, Jaurlaritzak ohartarazi du beste 37 pertsona ospitaleratu zituztela atzo, eta guztira 334 daudela gela arruntetan. ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, berriz, 76 gaixo daude ospitaleratuta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, beraz, 410 pertsona daude, orain dela astebete baino 57 gehiago. Erietxeetan, beraz, geroz eta pertsona gehiago daude. Gainera, Labi batzorde teknikoak gaur emango du hartutako erabakiaren berri. Nafarroako Gobernuak, berriz, oraindik ez ditu datu horiek eskaini, eta arratsaldean emango ditu behin-behinekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.