Palestina

Israelek iragarri du Zisjordanian beste 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela

Israelgo Defentsa Ministerioa urtarrilaren 19an bilduko da plan berri bat aurkezteko, Joe Bidenek AEBetako presidente kargua hartu aurreko egunean. Oposizioak iragarpena egun horretan egitea kritikatu dio Netanyahuri.

Netanyahu, joan den astean, Steven Mnuchin AEBetako Altxorraren idazkariarekin egin zuen agerraldian, Jerusalenen. EMIL SALMAN / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 11
16:49
Entzun

«Geratzeko gaude hemen, eta Israelen lurretan eraikitzen jarraituko dugu». Hala iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak, gaur, Zisjordanian beste 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa dutela. Israelgo Defentsa Ministerioa urtarrilaren 19an bilduko da esku artean duten planaz hitz egiteko eta haren berri emateko. Eguna ez da ausaz hautatutakoa, ondo bidean hori baita Donald Trumpek AEBetako presidente gisa egingo duen azken eguna; Joe Biden demokratak urtarrilaren 20an hartuko du kargua.

Zisjordania anexionatzeko asmoz Israelek kokaguneak eraikitzea ez da berria, 1967an hasi baitzen Palestinako eremu okupatuetan halako lanak egiten. 800 etxebizitza eraikitzeko asmoa, ordea, Israelgo Auzitegi Gorenak kokaleku haietako bat eraisteko agindu eta hilabete eta erdira hartu du Netanyahuk.

Yair Lapidek, Yesh Atid oposizioko alderdiko liderrak, salatu du «urrats arduragabea» dela Netanyahuren erabakia, eta hautatutako egunean egin du azpimarra: «Bidenek oraindik ez du kargua hartu ere egin, eta jada hasi gara beharrezkoak ez diren istiluekin», adierazi du Lapidek. «Gobernu osasuntsu batek ez luke hasiko halako liskar bat AEBetako presidente berriarekin». 

Izan ere, Trumpek hainbatetan babestu du Israel bere agintaldian zehar; besteak beste, Zisjordaniako kokalekuak Israelen lurralde gisa aitortuz. Erabaki hark haserrea sortu zuen Palestinan, baina Mike Pompeo AEBetako presidenteordeak azaroan kokaleku batera eginiko bisitak Trump presidentearen asmoak berretsi zituen. Gauzak hala, babes hori aprobetxatu nahi du Israelek, Biden Etxe Zurira iritsi aurretik.

Legez kanpoko kokalekuak

Bestetik, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak gaitzetsi egin du, beste behin, AEBek bitartekari lanak egitea, eta Bidenek Etxe Zuriaren norabidea aldatzea espero duela adierazi du. 

Nazioarteko zuzenbidearen aurka, Israelek, 1967an  Zisjordania, Gaza eta Golan okupatu zituenetik, milaka etxebizitza eraiki ditu Palestinaren lurretan. 2012ko datuen arabera, 531.000 kolono bizi ziren Zisjordanian, eta egungo kopurua handiagoa dela uste da. Kokaleku horietako batzuk, gainera, legez kanpokoak dira Israelgo auzitegien arabera ere. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.