Metalgintza

Bizkaiko metaleko enpresek %18 gutxiago fakturatu dute 2020an

Pandemia hasi zenetik 1.739 lanpostu galdu dituzte, eta 2021ean beste 500 inguru galtzea espero dute.

Sidenor altzairutegiak Basaurin duen plantako galdaran lan egiten duen operarietako bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 12a
10:39
Entzun

«Bizkaiko metalaren sektoreak urtebete baino gehiago beharko du pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko», hori da Tamara Yague FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko presidentearen iragarpena. 2020. urtea oso txarra izan dela azaldu du, enpresek batez beste %18 gutxiago fakturatu dutelako, baina azken lau hilabeteetan joera txarra leundu izanak itxaropena piztu duela. Joera aldaketa hori, baina, oso motela da, eta uste du 2021ean beraien eremuan beste 500 lanpostu galduko direla.

FVEMek biltzen ditu Euskal Herrian sektoreko langile gehien, eta kideen artean urtero egiten duten inkesta aurkeztu du. Datuen arabera, 2020an 1.739 enplegu galdu dira sektorean Bizkaian. Iazko urtarrilean, 53.621 langilek ziharduten Bizkaiko metalean; egun, aldiz 5.1837 ari dira, %3,3 gutxiago. Enpleguari dagokienez, FVEMeko enpresen %71ek ez dute uste langilerik kaleratuko dutenik hurrengo sei hilabeteetan; %14k, aldiz, ezinbestekotzat jotzen dute. Estatistikaren arabera, %15ek lantaldea handitzeko esperantza dute, baina, hala ere, balantza negatiboa izango da, elkartearen kalkuluen arabera 500 kaleratze gehiago egon baitaitezke 2021ean.

Atzera begira jarrita, 2020a ez da hasiera batean espero bezain txarra izan. Elkarteak iragan ekainean eginiko inkestako datuak urte bukaerakoekin alderatu ditu, eta iritzi gehienek hobera egin dute. Esate baterako, ekainean enpresen %51ek esaten zuten merkatua atzeraldian sartuta zegoela; urte amaieran, aldiz, kopuru hori %37ra murriztu da. Halere, Yaguek garbi esan du: «urte oso gogorra izan da». FVEMen enpresen %75ek 2019an gutxiago fakturatu dute, eta beherakada hori, batez beste, %18 izan da. Azpisektoreka aztertzen hasita, fakturazioa gehien murriztu duten enpresak garraio sektorearentzako osagaiak egiten dituztenak dira: %25,2.

Aurrera begira jarrita, 2021a ere urte gogorra izatea espero dute FVEMen barruan daudenek, eta, gehienen ustez, urtebete baino gehiago beharko da aurreko egoerara itzultzeko. Alde horretatik, gehienek bi aldagai nabarmendu dituzte prozesu hori bizkortu ahal izateko: txertoen zabalkundea, eta, haren eskutik, pandemiaren bilakaera etetea; eta Europako Next Generation funtsen eragina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.