Zerga iruzurra

Jarduera handitu duten enpresak ikertuko ditu Bizkaiko Ogasunak

Ogasunak bidea zabaldu du etxe turistikoen bitartekarien eta moneta birtualen jabeen aitorpenak errazteko eta kontrolak indartzeko   

Jose Maria Iruarrizaga eta Iñaki Alonso, Bizkaiko Ogasuneko buruak, astearte honetan eginiko agerraldian . BFA. BFA
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 12a
17:01
Entzun

Zerga iruzurraren aurkako borrokan beste urrats bat egingo du Bizkaiko Ogasunak: etxe turistikoen alokairuei buruzko, moneta birtualen jabeen inguruko, eta nazioartean eta paradisu fiskaletan lan egiten duten enpresa eta zergadunei buruzko informazio zehatzagoa biltzen hasiko da. Horrekin batera, aurten arreta berezia jarriko du pandemiaren garaian jarduera handitu duten enpresetan. 

Hala iragarri dute Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasun zuzendari nagusiak. Zehaztu dute datozen bi urteetan osatuko dituztela neurriak, Ogasuna digitalizatzeko martxan dauden proiektuak erabat ezartzean  –adibidez, Batuz sistema, fakturei buruzkoa–. Iruarrizagaren arabera, horrek guztiak «ugaritu» egingo du zergadunei buruz duten informazioa.

Diru birtuala, akzioak bezala

Etxe turistikoen eta moneta birtualen hazkundea dela eta, bereziki kezkatuta azaldu da ogasuna, eta pauso batzuk eman ditu jada. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean bi aitorpen eredu berri argitaratu ditu astearte honetan. Bata, alokairuen bitartekariek urtero aurkeztu beharko dutena. Eta beste bat, «diseinu fasean» dagoena, moneta birtualen jabetza aitortzeko. Txartelak eta beste ordainketa modu batzuk ere zainduko ditu, bereziki «gailuen titularretan irregulartasunak detektatzen direnean eta zantzuak ikusten direnean eduki ekonomikorik gabeko fakturen inguruan».

Era berean, aldundiak «ahalegin berezia» egingo du aurten COVID-19aren testuinguruan beren jarduera handitu duten enpresen gaineko kontrolean, eta, zehazki, argindarraren sektorekoetan: konpainia merkaturatzaileek betebehar guztiak betetzen dituzten kontrolatuko du. 

Sektore horretan eta besteetan ere, gertutik zainduko ditu batezbestekotik beherako errendimenduak aitortzen dituzten enpresak. Baita balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dituztenak eta hornitzaile eta txikizkako saltzaileen arteko operazioak ere. Ogasunak zordunen eta hartzekodunen konkurtsoan deklaratutako enpresen jarraipena eta kontrola handituko du, halaber.

Eta «informazio bilketa selektiboak» egiten jarraituko du nazioarteko zerga sistemaren esparruan aritzen diren enpresen gainean: Bizkaian jarduten duten talde multinazionalei buruz, paradisu fiskalekin lotura duten zergadunei buruz, lurralde horretan bizi ez diren baina bertan jarduerak garatzen dituzten pertsonei buruz eta iruzur arriskua duten sektore ekonomikoetan jarduten duten zergadunei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.