Reala 1-1 (2-3) Bartzelona

Zigor handia jaso du Realak

Txuri-urdinak Espainiako Superkopatik kanpo geratu dira, Bartzelonaren aurka penaltietan galdu ostean. Donostiarrek azkenera arte estutu dituzte kataluniarrak, baina bidean geratu dira.

Realeko jokalariak, partidako une batean. RAFA ALCAIDE / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 13a
23:51
Entzun

Modu anker batean amaitu da Realak Espainiako Superkopan egin duen ibilbide labur bezain bizia. Txuri-urdinek banako berdinketarekin osatu zuten atzo Bartzelonaren aurkako finalerdiko arauzko denbora, eta, luzapenean golik egon ez zenez, penalti jaurtiketetan erabaki zen zein taldek jokatuko duen igandeko finala: Bartzelonak egin du aurrera, penaltietan 2-3 irabazita.

Donostiarrak berandu suspertu ziren hil ala biziko joaldi horietan. Lehen hirurak huts egin zituzten Jon Bautistak, Mikel Oiartzabalek eta Willian Josek. Bartzelonak ere izan zuen makalaldia penaltietan, baina Realak ordurako zaila zuen markagailua iraultzea, eta arerioak gainditu zuen kanporaketa.

Azkenerako, zigor handiegia jaso zuen Realak. Imanol Alguacilen jokalariak ondo aritu ziren neurketan zehar, eta estu hartu zituzten Ronald Koemanenak. Arauzko denbora amaitu aurretik izan zuten aukerarik markagailuan aurrea hartu eta finalerako pasea lotzeko. Baita luzapenean ere; bi minuturen faltan, Adnan Januzajek jaurtiketa bikaina egin zuen aldeko falta batean, eta Marc Andrek Ter Stegenek ozta-ozta ukituta saihestu zuen belgikarraren gola. Bartzelonako atezaina bere taldearen salbatzailea izan zen atzo.

Kontuak kontu, nahi baino bide laburragoa egin du Realak Superkopan. Hamar eguneko bidaia nahi zuena bi eguneko osteratxoan geratu zaio, baina lezio bat ikasi dute txuri-urdinek: halako kolpeak jasotzeko, halako egoeratan egon behar dela. Taldearen jirakoen nahiz zaleen bihotz maiztasun altuek erakusten dute taldeak gertu izan zuela finalerako urratsa.

Erritmo ugariko partida

Neurketa bizia izan zen atzokoa. Txinparta jario hasi zen, eta halaxe amaitu zen. Hasi orduko, Realak goian presioa egin zion Bartzelonari, eta kataluniarrek lanak izan zituzten baloia nahieran jokatuta ateratzeko. Lehendabiziko zatiari hobeto ekin zioten donostiarrek; egin nahi zuten hori gogoan hartuta, estu hartu zuten Koemanen taldea, baina azken metroetan asmatu gabe.

Dena den, erasora gehiago egin zuten txuri-urdinek lehendabiziko zatian. Erasora begira aritu ziren Mikel Oiartzabal, Alexander Isak eta Cristian Portu, nahiz lehen biek ganora handiagoz eratu jokaldiak. Zelai erdian, berriz, Jon Guridi itsasargi zela, giharra erakutsi zuten gipuzkoarrek, eta Bartzelonari ateak itxi zizkioten. Ez hori bakarrik; baloiak bata bestearen atzetik ostu zituzten donostiarrek, arriskua sortzen saiatuz.

Hala, neurketari ekin eta 20 minutura, txuri-urdinek nahi zuten moduan egituratu zuten partida. Kataluniarrak ito nahian aritu ziren, eta hein batean lortu zuten. Ez zuten lortu, ordea, beren legea ezartzea, eta garesti ordaindu zuten hori.

Izan ere, minutuek aurrera egin ahala, orekatu egin zen neurketa. Bartzelonak geroz eta erosoago jokatu zuen, eta lehen zatiaren hondarrean nagusitu egin zen Koemanen taldea. Partida goitik behera itxuraldatu zen, eta Alex Remiroren atera egin zuen Bartzelonak, hegaletatik erasora egin eta Realaren areara gerturatuta.

Pixkanaka nagusitu zen Bartzelona, eta atsedenaldiaren aurretik lortu zuen saria. 39. minutuan jokaldi ona osatu zuten Martin Braitwhaitek, Antoine Griezmannek eta Frenkie De Jongek. Daniarrak frantziarrarekin jokatu zuen, eta Realeko harrobiko jokalariaren erdiraketa buruz errematatu zuen Herbehereetakoak. 0-1ekoa kolpea izan zen Realarentzat; lehen zatian bi jaurtiketa egin zituen atera Bartzelonak, eta bat atera sartu zuen. Atsedenaldira joan aurretik markagailua berdintzeko aukera izan zuten txuri-urdinek, baina Natxo Monrealen erdiraketa ezin izan zuen inork aprobetxatu.

Bigarren zatia estreinakoaren moduan hasi zen: joan-etorrian. Hasi eta hiru minutura, erasora egin zuen Realak, eta De Jongek eskuarekin ukitu zuen area barruan. Txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak; jaurtiketa egin aurretik, Marc Andre Ter Stegen saiatu zen Oiartzabal urduri jartzen, baina eibartarrak, ohikoa duen odol hotz horrekin, sareetara bota zuen baloia.

On egin zion golak Realari, erasora egin baitzuen berriz. Nekeak gutxika-gutxika erasan zien jokalariei, eta hori nabaritu egin zen jokoaren erritmoan. Partida hautsita zegoen, eta itzali egin zen berehalakoan; astun bilakatu zen jokoa, eta arerioari neurria hartzen aritu ziren ordutik aurrera.

Luzapena, hutsean

Lehen 90. minutuetan gol bana sartuta, bi taldeek garaipenaren bila ekin zioten luzapenari. Susperraldi moduko bat bizi izan zuten orduan: abaildutako jokalariak suspertu egin ziren bat-batean, eta aulkitik zelairatutako jokalariek distira eman zioten neurketari. Ander Barrenetxea eta Adnan Januzaj izan ziren horren adibide. Haien eta Oiartzabalen grinaren artean, astindu egin zuten Bartzelona azken minutuetan, eta gertu izan zuten irabazteko zoria.

Golik lortu ez, ordea, eta penaltietan balantzak kataluniarren alde egin zuen. Porrot mingarri batetik lezio bat irabazi zuten txuri-urdinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.