Enpresak

CAFek eta Bombardierrek 146 tren egiteko kontratua lortu dute Parisen

2.560 milioiko kostua du, eta lanak nola banatuko dituzten zehaztu ez duten arren, azken urteetako eskaera handienetakoa izango litzateke

CAFek SNCFrentzat eginiko tren baten irudia. BERRIA
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 14a
12:11
Entzun

CAFentzat Frantziatik datoz berri onak. Beasaingo (Gipuzkoa) tren ekoizlea Kanadako Bombardierrekin batera 2.560 milioiko lan kontratu bat lortu du Parisen, 146 tren egiteko, Frantziako hiriburuko iparraldea eta hegoaldea, eta haren aireportuak lotzen dituen RER B linearentzat.

Kontratua oraindik ez dute sinatu, baina «lehenbailehen» egitea espero dute alde guztiek. Zifren tamaina kontuan hartuta, esan daiteke azken urteetako handienetako bat izango dela Euskal Herriko multinazionalarentzat. Eta hori mugikortasunaren sektoreak egun bizi duen testuinguru zailean lortu izanak, balio bikoitza ematen dio. 

Bitartean, CAFek zain jarraitzen du Espainiako Renfek aurki jakinarazitu dituen bi kontratu handiak nori emango dizkion zain: 1.000 milioikoa da bata eta 1.700 milioikoa bestea. Horien zati bat lortzea da bere nahia.

CAFek Parisko lehiaketa irabazteko borroka handia egin behar izan du. Bombardierrekin partzuergoa osatuta lortu du, eta aurrean Alstom frantziarra izan dute. Herrialde hartako hedabide batzuen arabera, 500 milioi euroko aldea egon da irabazleen eta galtzailearen artean. Lehiaketak oihartzun zabala izan du komunikabideetan: Frantziako enpresa bati kontratua eman ez izanak kritika ugari eragin ditu.

Abenduan, erabakia hartuta zegoenean, Alstomen salaketa baten ondorioz, esleipena eten behar izan zuten. Kontratazio prozesua partzialki berrabiarazteko eskatu zuen, besteak beste. Epaitegietan jarraitzen du auziak, baina epaileak aukera eman du CAFek eta Bombardierrek kontratua sinatzeko. 11 egun izango dituzte horretarako eta epe horretan Alstomek berriro aurkeztu ahal izango du helegitea. 

Azken egunetan, RATP, SNCF eta Ile de France Mobilites garraio operadoreek prozesua «bizkortu» nahi izan dute; horregatik berretsi dute kontratua CAFentzat eta Bombardierrentzat izango dela. Komunikabideetara bidalitako oharrean, dena den, ez duteakordioari buruzko zehaztasun gehiago eman; adibidez, lanak nola banatuko dituzten CAFen eta Bombardierren artean, edo bestela esanda, 2.560 milioietatik zenbat dagozkion bati eta zenbat besteari.

Frantziara begira

Beasaingo enpresa bere ohar laburrean azken urteotan Frantzian azken urteetan sinatu dituen kontratuen garrantzia azpimarratzera mugatu da. 2019ko amaieran egindako bat nabarmendu du, 700 milioi eurokoa, Paris-Clermont eta Paris-Limoges-Toulouse lineetarako 25 tren egitekoa, beste 75 egiteko aukerarekin. Gogoratu du, halaber,  Nantes, Besançon eta St. Etiennenerako tranbiak egiteko eta Lyongo metroaren flota birgaitzeko eskaerak dituela, eta Okzitaniako Bigorren lantegi bat duela.

Bestalde, Kanadako Bombardierrek ere kontratu garrantzitsuak egin ditu Frantziarekin azkan aldian: 565 milioi euroko bat sinatu zuen urte amaieran, SNCFrentzat 33 tren egiteko. Horien propultsio sistemak multinazionalak Trapagarenen (Bizkaia) duen fabrikan garatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.