Errusia

Navalni oposizioburua askatzeko eskatu dio EBk Moskuri

Duela bost hilabete pozoitu zuten politikaria, eta hilzorian egon zen. Auzitegiek ezarritako baldintzak ez betetzeagatik hartu dute preso, Errusiako Gobernuaren arabera.

KIRA YARMYSH / EFE. NAVALNIREN ATXILOKETAREN UNE BAT, MOSKUKO SHEREMETIEVO AIREPORTUAN.
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 18a
08:46
Entzun

Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua abuztuan pozoitu zuten nerbio agente batekin, eta koman egon zen. Sendatzen hasi zenean iragarri zuen Errusiara itzuli egingo zela, eta atzo bete zuen. Baina Moskuko aireportura heldu orduko, preso hartu zuten. Ustelkeria kasu batean zigortu egin zuten, eta baldintzapeko askatasunean zegoen. Epaileek ezarritako baldintzak ez betetzeagatik atxilotu dutela argudiatu du Errusiako Gobernuak.

Pozoitzea Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindu zuela adierazi izan du Navalnik, baina Moskuk ukatu egin du zerikusia duenik. «Errusiako agintariek Alexei Navalni atxilotu izana gaitzesten dut. Berehala askatu behar dute, eta haren segurtasuna ziurtatu. Oposizioko politikariak atxilotzea Errusiaren nazioarteko konpromisoen aurkakoa da», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak.

Europar Kontseiluko buru Charles Michelek politikariak askatzeko eskatu du, eta gauza bera egin dute Italiako eta Frantziako gobernuek.

AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok Navalni «berehala eta baldintzarik gabe» libre uzteko eskatu du, eta Joe Biden aukeraturiko presidentearen aholkulari Jake Sullivanek «giza eskubideen bortxaketa» salatu du.

Siberian kanpaina egiten ari zela, hegazkin batean ondoezak jo zuen Navalni, abuztuan, eta Berlingo erietxe batera eraman zuten berehala. Irailean, Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak aditzera eman zuen oposizioburua arma kimikoen ekoizpenerako erabilitako substantzia batekin pozoitu zutela. Berlingo Charite erietxeko unibertsitatean ikertu zuten politikarien odola, eta ondorioztatu zutenez, Navalni pozoitzeko erabili zuten substantzia Novitxok nerbio agente toxikoaren taldekoa dela. «Navalni arma kimikoekin egindako atentatu baten biktima izan da», esan zuen Seibertek, eta Errusiako Gobernuari «kasuari buruzko iritzia» ematera dei egin zion.

Atzo, Berlindik Moskurako hegazkina hartu zuen, Putinek gobernuak ohartarazi arren lur hartu orduko atxilotuko zutela.

«Badakit arrazoia daukadala, eta ez dut beldurrik», adierazi zuen Navalnik Moskura heltzean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.