Kontu ekonomikoak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %9,5 txikitu zen iaz

Urteko azken hiruhilekoan, hazkunde positiboari eutsi ahal izan dio: %0,5.

Taberna itxi bat, Zornotzan. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 18a
10:14
Entzun

2020an, eten egin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren hazkundea, 2014. urtean hasitakoa. Pandemiaren ondorioz, ekonomia %9,5 uzkurtu zen iaz, Eustatek gaur goizean aurreratutako datuaren arabera. Estatistika erakunde horrek inoiz emandako daturik okerrena da. Aurrekoa, 2009koa, -%4,1ekoa da, eta iazkoak bikoiztu baino gehiago egin du orduko erorikoa.

Azken hilabeteetan mugikortasuna eta harreman sozialak mugatzeko neurri asko hartu diren arren, ekonomia gai izan da hazkunde tasa positiboari eusteko. Zehazki, %0,5 handiagoa izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Horren ondorioz, azken hiruhilekoan, urte arteko hazkunde tasa %7,8ra iritsi da.

Enpleguarentzat ere urte txarra izan da. Eustatek dio dedikazio osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, %8,1 murriztu dela, aurreko urtearekin alderatuta. Ildo horretan, aipatzekoa da Kontuen Europako Sistemak (SEC) lanpostuen definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin lotura formala duten pertsonak, lanera itzultzeko datari buruzko berme edo akordio batekin.

Hiruhileko artean, ordea, enpleguak ia ez du aldaketarik izan.

Datorren martxoaren 5ean argitaratuko ditu Eustatek datu sakonagoak, «aurrerapen hau egiteko unean eskuragarri ez zegoen informazio koiunturala sartu ondoren».

Txinak, %2,3

Nafarroako estatistika institutuak, Nastatek, hilaren 29an emango du 2020ko kontu ekonomikoen lehen aurrerapena, eta hurrengo egunotan espero dira beste herrialde batzuetakoak ere. Ustekabe handirik ez bada, guztiek erakutsiko dute atzeraldi sakon bat, gerra garaietatik ikusi gabekoa. Baina bada salbuespen bat: Txinak gaur jakinarazi du bere BPGa hazi egin zela iaz. 2019koa baino %2,3 handiagoa zen 2020 amaieran.

COVID-19a Txinan zabaldu zen lehenik, eta han ezarri ziren lehen konfinamenduak hedapena kontrolatzeko, baina neurri horiek beste herrialde gehienetan baino eraginkorragoak izan dira, eta udaberriaren amaieraz geroztik, koronabirusaren kasu gutxi agertu dira. Horren ondorioz, ekonomiak ez du hazteko trabarik izan, beste eremu batzuetan ez bezala, eta 2020 hasierako hondoratzea gainditu ahal izan du. 

Are gehiago, urteko azken hiruhilekoan, %6,5eko hazkundea izan du, 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero. Hau da, COVID-19a azaldu aurretik zuen hazkunde erritmoa —%6 ingurukoak— bizkortu ahal izan du. 

Industriaren indarrak pisu handia izan du suspertze horretan. Pekingo gobernuaren laguntzarekin, urteko azken hiruhilekoan %7,1 hazi da: aurreko hiruhilekoan baino 1,3 puntu gehiago. Ikusteko dago erritmo horri eutsi ahal izango dion, ekoizpen horren zati bat esportazioetara doalako, eta horiei kalte egingo dielako bere bazkide komertzial garrantzitsuenek oraindik COVID-19arekin borrokan egon behar izateak. Berez, esportazioak asko hazi dira urtearen amaieran —%18 abenduan—, eta abenduan inoizko merkataritza superabit handiena izan zuen Txinak. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.