Lan gatazka

Gaur hasi da Glovo enpresaren aurkako epaiketaren prozedura

Gizarte Segurantzak Glovo enpresa salatu du, hainbat iruzurrengatik. 219 langilek deklaratu behar dute. LABek langileen aldeko elkarretaratzea egin du Bilbon.

LABeko elkarretaratzea Bilbon, Justizia Epaitegiaren parean. ARITZ LOIOLA/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko urtarrilaren 19a
15:40
Entzun

Gizarte Segurantzak Glovo enpresa salatu du, eta gaur hasi dute epaiketarako prozedura. Langileen erregimena epaituko da, hau da, ea autonomoak edo Glovoren soldatapekoak diren. Bilboko enpresaren 219 banatzaile zeuden deklaratzera deituak, eta horien ordezkariak hautatu dituzte gaur. LABek hamabost banatzaileren babesa eramango du epaiketan, Riders X Derechos banatzaile elkartearekin batera. Sindikatuak elkarretaratzea egin du 09:00etan, Bilboko Justizia Epaitegiaren aurrean, langileei elkartasuna adierazteko eta informazioa emateko.

Langileen erregimenaren auziaz gain beste hainbat ertz daudela azaldu du Iker Alonso LAB sindikatuko kideak: «Langile hauek muturreko baldintza prekarioetan ibili dira lanean; horregatik, modu kolektiboan antolatzera animatu nahi ditugu».

Gizarte Segurantzak jarri du salaketa. Horren arrazoia iruzurraren nolakotasuna da. Alonsok kontatu du hiru iruzur mota daudela auzi honen atzean: «Batetik, beste enpresekiko iruzurra, lehia bidegabea egiten dutelako; bestetik, langileen izaeraren ingurukoa; eta azkenik gizartearen aurkakoa, kotizazio iruzurrak administrazio publikoari eragiten diolako». LABek dio halako lan harremanak ugaritzen ari direla plataforma digitaletan, eta fenomeno horrek langile klasearen eskubideei erasotzen dituela.

Ez da enpresaren aurkako lehen epaiketa. Espainiako Estatuan, 41 epaiketa egin dira jada, baina Alonsok dio, hala ere, Glovok ez duela jokabidez aldatu. Epaiketa lehen pausoa dela esan du. Haren iritziz, gerora ere beste hainbeste langilek banakako salaketak jarri beharko dituzte, eta, horregatik, Glovoko langileen borroka hau sektorearentzat eredugarri izan daitekeela deritzo.

Antzeko iruzur guztiak kontrolatzeko, lan ikuskaritzak indartzea eskatu die LABek Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.