INDARKERIA MATXISTA

Pujana sexualki esplotatzea egotzi diete haren hilketagatik ikertutakoei

32 urteko emakumea zena legez kanpo atxiki izana ere leporatu die epaileak bi akusatuei.

Pujanaren gorpua topatu, eta ikerketa abiarazi zuen Ertzaintzak. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2021eko urtarrilaren 20a
21:17
Entzun

Azpeitiko 1. Instrukzio Auzitegiko epaileak beste bi delitu egotzi die Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra zenaren hilketaren harira akusatutako bi herritarrei; Pujana legez kanpo atxiki eta hura sexualki esplotatu izana. El Diario Vasco egunkariak argitaratu eta BERRIAk egiaztatu duenez, epaileak erabaki du akusazioak zabaltzea, Ertzaintzak aurkeztutako frogak aztertu eta akusatuei deklarazioa hartu ondoren.
Bi atxilotuak bikote dira: 24 urteko gizonezko bat, eta 23ko emakumezko bat; Errenteriakoak dira (Gipuzkoa).

Ertzaintzaren arabera, Pujanarekin bizi ziren Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) landetxeko apartamentu batean. Ikerketak azaleratu duenez, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Kasua aztertzen ari den ikerlari taldeak, berriz, uste du frogak ezabatzeko Gipuzkoan zehar ibili zirela gorpua Urola ibaiaren alboan utzi ostean. Etxea ere goitik behera garbitu zuten, delituaren zantzuak ezabatu nahian. Hilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta joan den ostiralean espetxeratu. Martuteneko kartzelan daude.

Pujanaren gorpua urtarrilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan, ibaiaren ertzean. Biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Ertzaintza biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu da orduz geroztik. Biktimak 32 urte zituen, eta Donostiakoa zen.

Indarkeria matxistaren eraginez aurten hildako lehen emakumezkoa da Pujana. 2003az geroztik, berriz, 108 dira indarkeria matxistaren biktiman Euskal Herrian. Iaz, bost izan ziren, eta orain arteko azkena Marian Ibarluzea izan zen. Arrasatekoa zen sortzez, baina Kanarietan bizi zen azkeneko hamar urteetan. Abenduaren 28az geroztik desagertuta zegoen, eta lagun batek salatu zuen, telefonoa hartzen ez ziolako. Etxean hilda aurkitu zuten. Ibarluzeak bikotekide zuen gizonak bere burua aurkeztu zuen komisarian, eta hilketa aitortu zuen.

Herenegun, Eneko Goia Donostiako alkateak Pujanaren hilketa gaitzetsi zuen udalaren izenean, eta elkartasuna adierazi zien senideei: «Urtea modu oso tristean hasi genuen. Aizarnazabalen hilik agertu zen Aintzane Pujana donostiarra. Hasieran, harrituta geratu ginen, eta ikerketak berak zer bide izango zuen ez genekien. Atxiloketak izan diren arte. Ondoren, argi eta garbi ikusten da erailketa bortitz baten aurrean gaudela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.