VALENTZIA 1-1 OSASUNA

Nahikoa ez den puntua

Osasunari ihes egin dio garaipenak Valentziaren zelaian. Aurrea hartu du atsedenaren aurretik, baina ez da gai izan sariari eusteko. Hamahiru lehia daramatza jada irabazi gabe.

Jonathan Calleri, Gabriel Paulistarekin lehian. Aurrelariak sartu zuen Osasunaren gola. MANUEL BRUQUE / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 21a
21:50
Entzun

Iritsi da Osasuna lanen erdietara, eta hamasei puntu baino ez dauzka zakuan. Kontuak itxuratzeko aukera zuen gaur, Valentziaren zelaian, baina garaipenak ihes egin dio berriz ere. Lehen Mailan inoiz izan duen idorterik latzenetan bigarrena da, hamahiru jardunaldi baitaramatza jada irabazi ezinda. Sari preziatua gertu izaten ari den arren, puntuak tantaka baino ez da lortzen ari. Halaxe gertatu zaio gaur: markagailuan aurretik jarri da lehen zatiaren amaieran, baina ez da kapaza izan aldeko emaitzari eusteko.

Jagoba Arrasatek aukera eman die Kopan distira egin zuten bi jokalariri, Torrori eta Javi Martinezi. Atzean, berriz, Unai eta Roncaglia ipini ditu Aridane eta David Garciaren ordezko gisa. Taldeak Granadan baino itxura hobea eman du, eta parez pare lehiatu da Valentziarekin. Igartzen zitzaion antsietatea, baloia zuenean batez ere, baina oso gutxitan egon da aurkariaren mende. Kontraerasoak baliatu ditu min egiteko, eta, horietako batean, 0-1ekoa sartu du Callerik. Azkar ateratako falta batean egon da jatorria, eta argentinarrak bolea indartsu batekin bukatu du jokaldia, Vidalek atera jaurti ondoren.

Gol psikologikoa izan zitekeen, ate joka baitzen atsedena. Aldageletatik bueltan, zelaian ondo kokatuta jarraitu dute nafarrek. Haatik, Javi Graciak asmatu egin du aldaketekin, eta Osasunak pauso bat eman behar izan du atzera. Maxik bidali du lehen abisua, zartako gurutzatu batekin, eta, 69. minutuan, Unaik bere atean sartu du Musahen erdiraketa. Golak hauspotu egin ditu etxekoak, eta txikitu gorritxoak. Neurketako unerik zailenak bizi izan dituzte orduan, baina eutsi dute nola edo hala. Eta, bukaeran, neurketa irabazteko aukera onak izan dituzte Callerik, Manu Sanchezek eta Barjak. Ordea, zorteak bizkarra eman dio berriro Osasunari, eta berdinketarekin konformatu behar izan du azkenean. Ondo lehiatzeko gai da, baina korapiloa handitzen ari zaio partidatik partidara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.